Hamaikagarren legealdi honetako "Gobernu Programaren" betearazpenaren balorazio positiboa egin du Eusko Jaurlaritzak

2018.eko uztailak 30

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, agerraldi bat egin du gaur eguerdian Gobernu Kontseiluan heldu dieten gaien kontu emateko.

Gobernu Kontseiluaren aldetik egindako legealdiaren urte-erdiko balantzearen berri eman du Josu Erkorekak prentsaurrekoan. “Hamaikagarren legealdi honetako “Gobernu Programaren” betearazpenaren balorazio positiboa egin dugu”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Hala, azaldu duenez, martxan daude dagoeneko “Gobernu Programako” 655 ekimen eta 175 konpromiso. Besteren artean, “Euskadi Basque Country 2020 Estrategia”, “VII. Berdintasun Plana” eta “Lanbide Heziketako IV. Plana” onetsi izana nabarmendu du.

Gainera, Erkorekak azpimarratu duenez, aurtengo lehenengo seihilekoaren helburua zen 18 legeetara iristea eta, orain, 15 arau ari dira izapidetzen; mugikortasun jasangarriari buruzko legea, ekarpenei buruzkoa, eta emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzkoa geratzen dira.

Egoera ekonomikoari dagokionez, sailburuak adierazi duenez, “Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko Esparru Programa 2020ak” fruituak ematen jarraitzen du. Hala, legealdi hau hazkunde kontsolidatu batekin ixten dela nabarmendu du, Barne Produktu Gordinaren % 3 ingurukoa, alegia. “Ekonomiaren hazkunde hau enpleguaren sorkuntzara eraman da”, zehaztu du Erkorekak, eta adierazi duenez langabezia-tasa % 10,1era jaitsi da, gazteen artean % 14,9ra arte. “Egonkortasuna, zorroztasuna, lankidetza eta ekonomia produktiboa eta industria babestea dira Eusko Jaurlaritzaren politikak euskarritzat dituen funtsezko oinarriak”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Azkenik, eta ETA behin betiko desegin izanari aipamen eginez, sailburuak adierazi du irmotu egin dela bizikidetza normalizaturako horizonte berri bat eraikitzeko aukera. “Harreman diskretu baten lerro etengabe bati hasiera eman diogu espetxe-politika berri batean aurrera egiteko, lehenaldiko salbuespenetatik urrunduko den batean”, azpimarratu du Erkorekak. Ildo horretatik, Euskadi / Estatua Lankidetzarako Batzorde Bilateral Teknikoaren bilera aipatu du Erkoreka sailburuak, eta baita zabaltzen den aukera ere Gobernu Programaren bi helburu nagusitan aurrera egiteko: Gernikako Estatutua osorik betetzea, eta euskal Autogobernua eguneratzea eta horretan sakontzea.

MUGIKORTASUN ELEKTRIKOKO PLAN INTEGRALA E

Gobernu Kontseiluak 2018-2020 urteetarako “Mugikortasun Elektrikoko Plan Integrala” onetsi duela jakinarazi du Arantxa Tapia sailburuak. Hala, azaldu duenez, mugikortasun elektrikoa balio-katea osatzen duten eragile publikoekin eta pribatuekin modu koordinatu batean bultzatzea du helburu plan horrek, eta baita lurraldearen garapen sozioekonomikoari eta ezagutzaren sorkuntzari egiten dien ekarpena areagotzea ere.

494 milioi euroko gastua aurreikusita duen Plana dela adierazi du Tapia sailburuak. Hala, azaldu duenez, “Mugikortasun Elektrikoko Plan Integralaren” helburua da kutsadura murriztea, energia dibertsifikatzea, garraio-zerbitzu publiko eraginkor bat sustatzea eta garapen teknologikoan eta industrialean laguntzea.

Tapiak adierazi duenez, landu duten Mugikortasun Elektrikoko Plan Integrala politika desberdinekin dago lerrokatuta, bat datozenekin mugikortasun elektrikoa bultzatzeko premian. Hala, azpimarratu du planak lagundu egiten duela, batetik, erregai fosilen kontsumoa murrizten eta eraginkortasun energetikoa hobetzen eta, bestetik, Negutegi Efektuko Gasen emisioak gutxitzen. Gainera, azpimarratu duenez, planak lagundu egiten du baita ere herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzen, eta energia biltegiratzera bultzatzen, eta energia berriztagarri gehiago erabiltzea ahalbidetzen du gainera. Azkenik, aipatu duenez, ekonomiaren garapenerako, berrikuntzarako eta enplegurako aukerak sorrarazten ditu.

POLIZIAREN GEHIEGIKERIAREN LEGEA

Bestalde, “Poliziaren Gehiegikeriaren Legeari” buruz galdetu zaionean, Josu Erkoreka sailburuak adierazi duenez, “desberdinak dira Euskadiko eta Nafarroako legeak”. Hala, zehaztu du euskal legeak biktimen errekonozimenduan eta ordainean jartzen duela enfasia, batik bat. “Hori zen eta da gure helburua ”, zehaztu du. Gainera, Erkorekak azpimarratu du Nafarroako legeari buruzko Konstituzio Auzitegiaren epaiak ez duela eraginik Eusko Jaurlaritzako politiketan, biktimak aintzatetsi eta haiei ordaina emateko.

Gai ordena

Prentsa oharra