Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Emakundek "Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik" proiektua lagundu dute; Donostian aurkeztu dute gaur

bertsoakaa.jpg

2018.eko azaroak 27

  • Ekimen honen bidez ikerketa bat egin da eta infografia batean islatu dira bertsolaritzan izan diren aldaketak genero ikuspegia txertatu zenetik.

 

Gasteiz, 2018/11/27          

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Zuriñe Elordi Emakundeko idazkari nagusiak parte hartu dute, gaur goizean, ‘Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik’ proiektuaren aurkezpenean, Donostiako Udal Liburutegian. Ekimen honek “genero ikuspegia bertsolaritzan txertatu denetik, kultur adierazpen honetan izan diren ekarpenak eta eraldaketak ikusaraztea du helburu”, eta infografia batean islatu den ikerketa bat egin da horretarako. Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok landu dute proiektua, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zein Emakundek diruz lagundu dute ekimena.

Dobaran eta Elordirekin batera, gaurko prentsaurrekoan proiektuan parte hartu duten bertsolariak eta Txakur Gorria kolektiboko kideak egon dira. “Berdintasunaren aldeko politika zeharlerroko konpromisoa da Eusko Jaurlaritzako sail guztientzat, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak ere hainbat ekinbide dauzka martxan sailaren barruan generoaren inguruko kontzientzia sendotu eta berdintasuna bere jarduera guztietara hedatzeko. Proiektu hau horren adibide da”, azaldu du. 

Horrela, Dobaranek azpimarratu du lan honen balioa generoaren ikuspegitik euskalgintzan egin den bidea neurtzeko: “Euskaraz pentsatu, egin eta zabalduko da. Gainera, lanak euskalgintza du abiapuntu eta  helmuga. Bertsolaritzaren eta, beraz, euskalgintzaren bilakaera genero ikuspegitik aztertzea eta modu artistiko batean adieraztea dira lanaren helburu nagusiak”.

Emakundeko idazkari nagusi Zuriñe Elordik, bestalde, gogoratu du gizarte honek, eta gizarteko neska gazteek,  erreferenteen beharra dutela arlo guztietan, “sentitu dezaten beraiek ere izan daitezkeela bertsolari, edo nahi dutena”; horretarako, besteak beste, bertsolaritzaren historia genero perspektibatik berrikustea pauso garrantzitsua dela adierazi du.

Lan honek modu artistikoan eta begi-kolpe azkarrean jasotzeko moduan bildu ditu genero aldetik izan den bilakaera horren nondik norakoak. Azaldu dutenez, publikoki bertsotan egiten zuen emakumerik ez ezagutzetik “emakume bertsolari belaunaldi oso bat plazetan ikustera igaro gara”. “Emakume bertsolariek, plazan lekua hartzeaz gain, begirada feminista ekarri dute bertsotara, bertsolaritzaren sistema berrikusteko premia nabarmen utziz. Bertsolaritza gizartearen isla izanik, eta, aldi berean, gizarte-eraldaketarako tresna, bertsolaritzaren baitan genero ikuspegitik sortu diren analisiak, eztabaidak zein proposamenak estrapolagarriak izan litezke euskalgintzako eta kulturgintzako hainbat alorretara”, adierazi dute bertsolariek.

Lana egiteko arduradunak izan direnek adierazi dutenez, lan honi esker denbora-tarte erlatiboki laburrean bertsolaritzan emakumeen “lanari esker garatu diren aldaketa, lorpen, bizipen, proiektu, bertso, saretze eta gainontzeko gertaera esanguratsu eta eraldatzaileen bilduma grafikoa da”. Era berean, nabarmendu dutenez, bilakaera hori islatzeaz gain, lan honen bidez honako helburuak ere bilatu dituzte:

  • Bertsolaritzaren historia genero perspektibatik berrikustea.
  • Bertsolaritzaren definizio berrien beharra adieraztea.
  • Emakume bertsolariek kolektiboki egindako lanaren onuradun bertsolaritzako espektro guztia dela ohartaraztea.
  • Bertsolaritzaren bueltan diharduten emakumeen arteko sarea sendotu, berregituratu, harremanak sakondu eta etorkizuneko asmo berriak akuilatzea.