Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 200.000 euro inbertituko ditu euskal itsas ondarea babesteko, ezagutzera emateko eta horri balioa emateko proiektuak laguntzen

2018.eko azaroak 02

  • Ekimen honen aurkezpenean Bingen Zupiria sailburuak adierazitakoaren arabera, bost modalitate aurreikusi dira, eta ontziak museoratzea edota ontzi txikiak zaharberritzea diruz lagunduko da.

 

Donostia, 2018/11/02       

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskal itsas ondarea babesteko, hedatzeko eta horri balioa emateko ekimen berri bat aurkeztu du gaur, Donostiako San Telmo Museoan. Diru-laguntza deialdi baten bitartez, Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro bideratuko ditu, urtero, deialdi honetan jaso diren bost modalitateetan sar daitezkeen proposamenak diruz laguntzeko. Hala, ondorengo ekintza hauek jasoko dituzte diru-laguntzak:  egurrezko ontziak museoratzeak; jendeari zerbitzua emateko egurrezko ontziak konpontzeak eta armatzeak; lehorreko instalazioei (ontziolak, lonjak eta ontziralekuak bezalako beste elementu batzuk) balioa emateak; egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak; eta, azkenik, ondare horri balioa emateko ekitaldiak antolatzeak.

Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariarekin batera, Zupiria sailburuak ondare hau babesteko proiektuetara bideratutako laguntzen ildo berri honen helburua azaldu du. “Ondarearen ikuspegitik, itsasoko kultur ondareak babes txikia jaso du historikoki. Horren ondorioz, sektoreak bere elementu historiko asko galdu ditu.  Alde batetik, motorrak eta teknologia berriak sartzean; eta, bestetik, materialak (beira-zuntza eta plastikoak) eta formak (industrialak, tokiko formak kontuan hartu gabe) aldatzean, sektorea eraldatzen joan zen. Eta modernizazio horrek elementu tradizionalen galera ekarri zuen.  Egoera horren aurrean, uste dugu garrantzitsua dela geratzen zaigunari arreta eskaintzea eta hori babesteko ekimenak bultzatzea”, adierazi du.

Horrela, sailburuak aipatu du laguntza hauen barruan babes daitezkeen elementu ugari kontuan har daitezkeela, eta egurrezko ontziak babestea ere aintzat hartzen dela azpimarratu du.  “Egurrezko ontzien katalogo bat egin ondoren —uretan zein lehorrean—, ikusi da ontzi gutxik betetzen dituztela gutxieneko ezaugarri tradizionalak, material eta teknologia berrietara egokitu gabe. Hortaz, laguntza hauetan mota honetako ontziak ere aintzat hartu dira, gero eta gutxiago baitira gure portuetan”, adierazi du.

Diru-laguntza hauen bitartez, itsas ondareari lotutako elementuak babesteko, ezagutzera emateko edo horiei balioa emateko helburuarekin egingo diren inbertsioen % 50 ordaindu ahal izango da gehienez.  Hona hemen diru-laguntzen barruan jaso diren bost modalitateak:

1. Egurrezko ontzietan lanak egitea, horiek museoratzeko helburuarekin. Diruz lagundu ahal izango dira:

- Esku hartu edo zaharberritu aurretik irizpideak finkatzeko behar diren azterketak eta/edo analisiak.

- Ontzien barruko zein bertan sartzeko segurtasuneko eta sarrerako obrak edo elementuak.

- Ontziaren izaerarekin loturarik ez duten eta interpretaziorako beharrezkoak diren kartelak, taulak eta erakusketako beste edozein mekanismo.

- Bertan ez dira sartuko ontziaren zaharberritze-lanak edo egitura-ekipamenduak (motorrak, belak, mastak…)

2. Jendeari zerbitzua emateko egurrezko ontziak armatzea eta prestatzea.

- Segurtasuneko eta nabigazioko ekipamendu-gastuak barne hartzen dira, baita ontziari balioa emateko gastuak ere (halakorik baleude).

- Nabigatzeko behar diren egitura-obrak.

3. Lehorreko instalazioak balioestea: ontziolak, lonjak eta portuko elementuak. Ontziralekuak bezalako egitura txikiagoak ere barne hartzen dira. Balioa handitu dezaketen elementuek hala jasota eta baloratuta egon beharko dute Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren kultur ondareko katalogoetan. Modalitate horren barne honako hauek biltzen dira:

-Aurretiko azterketak: esku hartzeko irizpideak zehazteko behar diren azterketa historikoak, arkeologikoak eta/edo ondarezkoak.

-Balioa ematearekin bateragarri ez diren zatiak edo elementuak ezabatzea.

-Eraikinak erabiltzeko prestatzea. Proiektu teknikoak, obren zuzendaritza eta instalazio orokorrak.

-Burutu beharreko museoratzeari edo balioa emateari lotutako azpiegiturak, taulak eta kartelak.

-Ez dira zaharberritze- eta urbanizazio-obrak barne hartzen.

4. Egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak. Nabigatzeko ontziak behar dituen lizentzien eta baimenen tramitazio-gastuak barne hartzen dira, baldin eta esku-hartzea ontziaren ezaugarrietara mugatzen bada eta ondare-balioak kaltetzen ez badira.

5. Egurrezko itsasoko kultur ondareari balioa emateko ekitaldiak edo jarduerak. Itsasoko kultur ondareari balioa emateari zuzenean lotutako ekitaldien parteak edo jarduerak diruz lagunduko dira (ontzi tradizionalen kontzentrazioak, erakusketak, hitzaldiak...).

Aurreneko hiru modalitateetan, diru-laguntzek ezingo dute 30.000 euro baino handiagoak izan; azken bietan, berriz, ezingo dute 2.000 eurotik gorakoak izan.