Eusko Jaurlaritzak Juan Sebastian Elcanoren lehorreratze ekitaldian parte hartu du Getarian

2018-08-07

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Getarian egin den Juan Sebastian Elcanoren lehorreratzearen antzezpen historikoan izan dira.

Getariako herriak bere seme kutuna omendu du lehorreratzearen antzezpen zehatz baten bidez. Elcano Nao Victoriatik jaitsi da beste 17 marinelekin batera. Denek, kandelak eskuartean dituztela, elizaraino joan dira Ama Birjinari eskerrak emateko. Ondoren, blasoi batez bere egitandia saritu du Carlos I enperadoreak. Azkenik. Elcanoren omenezko himnoa entzun dute Getariako herritarren ahotsetan. 

Lau urterik behin jai-egitarauaren barnean sartzen dute ekitaldia eta aurten bat egiten du hiribilduaren 800 urteurrenarekin. Urteurrena dela-eta, Nao Victoria itsasontziaren erreplika ekarri dute ekitaldiari garrantzi handigoa emanez.