Eusko Jaurlaritzak "Euskararen historia" liburua aurkeztu du, UPV/EHUrekin bultzatutako proiektu bat euskararen bilakaera historikoa errepasatzen duena

2018.eko maiatzak 09

  • Aditu garrantzitsuenen eskutik euskarak historiaurretik gaurdaino izan duen bilakaera biltzen du; Bingen Zupiria sailburuak aurkezpenean parte hartu du.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/05/09

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria buru izan da ‘Euskararen historia’ liburuaren  aurkezpenean, UPV/EHUko Arabako Campusean. Lan handi honek euskararen historia biltzen du historiaurretik gaurdaino, baita beste hizkuntza batzuekin izan duen harremana ere mendeetan zehar. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako lan hau gai honetan aditu diren pertsona gailenetako batzuek garatu dute, eta gai honetan interesa dutenentzat erreferentziazko materiala izan dadin lortzea da helburua.

Zupiria sailburuarekin batera, gaurko aurkezpenean izan dira Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreorde Iván Igartua, eta UPV/EHUko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun eta liburu honen egile eta editoreetako bat den Joaquín Gorrochategui. Obra honetan lankidetzan aritu diren beste aditu batzuk ere, gehienak UPV/EHUkoak, izan dira agerraldian.

Aurkezpena amaitzean, mintegi bat egin da Arabako campusean, ‘Euskararen historia, bide berriak’ izenburupean, euskararen historia lau solasalditan errepasatu duena. Joseba Lakarra izan da moderatzailea, eta berarekin batera izan dira Blanca Urgell, Patxi Salaberri, Céline Mounole eta Iñaki Camino hizlariak.

Obra honen garrantzia azpimarratu du Bingen Zupiria sailburuak aurkezpenean, liburuki bakar batean biltzen baitu euskararen historia gorabeheratsua. “Mendeetan zehar euskararen berezitasunak hizkuntzalarien eta adituen jakin-mina piztu du gure mugetatik harago, Wilhelm von Humboldtetik edo Louis Lucien Bonapartetik hasi eta Larry Task edo Theo Vennemanneraino. Euskarak teoria anitzak sorrarazi ditu bere sorburuen eta beste hizkuntza batzuekin duen ahaidetasunaren inguruan. Euskararen historiari buruzko ikuspegi zabala eta zehatza eskaintzea da obra honen asmoa, eta gai honetan aditu nagusi direnen eskutik egin den lana da. Gainera, liburuki bakar batean bildu dira euskarak historian zehar bizi izan dituen aldi desberdinak”, adierazi du.

Liburua

‘Euskararen historia’ talde-lan handi baten emaitza da, non adituek parte hartu duten hizkuntzaren eboluzioaren fase bakoitzean. Eusko Jaurlaritzako argitalpen-zerbitzuak kaleratutako liburu hau osatzen duten kapitulu desberdinetan aditu bakoitzak zehaztasunez eta era ordenatu batean jaso du euskararen historiari buruzko gaur egungo ezagutza, eta berriro ikertu beharreko alderdiak ere identifikatu ditu. “Erreferentziazko historia bat lantzen saiatu gara, bere izaeran eta bere oinarri teoriko/metodologikoetan gure inguruneko hizkuntzetarako dauden historien antzera”, adierazi du liburuaren egile eta editoreetako bat den Iván Igartuak, Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreordeak.

Hizkuntzalariez eta filologoez gain, historialariek ere parte hartu dute lantaldean. Egile gehienak UPV/EHUkoak dira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA) eta Université de Pau et des Pays de l'Adour (UPPA-IKER) ere aritu dira lankidetzan. Liburua, UPV/EHUko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun eta obraren egile eta editoreetako bat den Joaquín Gorrochateguik adierazi duenez, “ikerlanak ekarritako emaitza nabarmenetako bat da Euskararen historia eta hizkuntzalaritza historiko-konparatua ikerketa-talde kontsolidatuaren barnean (IT698-13)”.

‘Euskararen historia’ honetan euskararen bilakaera historikoa baldintzatu izan duten faktore nagusiak aztertu dira, kontuan izanik ere, ikertutako aldiaren arabera, faktore horien inguruan dugun ezagutza-maila desberdina dela. Dena den, eta liburuki osoari beharrezko barne-koherentzia ematearren, berau osatzen duten kapituluek antzeko egitura, edota berdintsua, erakusten dute, eta horrek erraztu egiten du, besteren artean, eboluzioaren aldi desberdinak alderatzea. Hala, kapitulu bakoitzaren hasieran, izaera historiko orokorra duen sarrera bat eskaintzen da, hizkuntzaren bilakaera dagokion testuinguruan kokatzen laguntzeko. Sarrera horren ondoren, kapitulu bakoitzak euskararen zabalkuntzari buruzko informazioa eskaintzen du (nolabaiteko ziurtasun-mailarekin zehaztu ahal izan denetan, betiere).

Kapitulu bakoitzean aztertutako hirugarren gaia hizkuntzaren testigantza dokumentala da: euskararen historia trazatzeko erabil ditzakegun datu linguistikoak aurkezten dira, emaitza historikoak ateratzeko datu horiek nola erabiltzen diren adierazten da eta, ondoren, azaletik eskaintzen da idatzizko testigantza horien analisi grafiko, fonologiko eta morfosintaktiko bat. Informazio hori xehakatu eta gero, laugarren atal batean, historian zehar euskara bere inguruneko beste hizkuntza batzuekin lotu izan duten erlazioak aurkezten dira: komunitate linguistikoen arteko kontaktu-egoerek komunitate horien historia baldintzatzeko joera dute, eta hori bereziki antzematen da euskararen kasuan. Azkenik, eta kapitulu guztietan ez bada ere, atal espezifiko batek garai edo aldi bakoitzari dagozkion ideia linguistikoak eta garapen gramatikografikoa aztertzen ditu.

Periodizazioa eta adituak

Liburuan erabili den periodizazioa zabal onartua izan da, eta muga kronologikoekin lotu da, gehienetan hizkuntzarekin berarekin zerikusirik ez duten mugarri historikoei dagozkien horiekin: 711. urteak arabiarrak iberiar penintsulara iritsi izana adierazten du; 1745, besteren artean, Manuel Larramendiren Hiztegi hirueleduna argitaratu zen urtea da; 1876an abolitu egin ziren foruak (garrantzizko unea ikuspegi historiografikotik eta, gainera, Pizkundea izeneko mugimendu kulturalaren hasierarekin batera gertatua); eta 1968. urtea hizkuntza estandarra bateratzeko prozesu garaikidearen abiaburua da.

Hizkuntzaren historiaurrea, pentsatzekoa denez, aldi luzea eta ez beti argia, Joseba A. Lakarrak (UPV/EHU) ikertu du; antzinatea Joaquín Gorrochateguik (UPV/EHU) sinatutako kapituluaren aztergaia da; Patxi Salaberrik (UPNA) Erdi Aroko euskara aztertu du; eta Céline Mounole (UPPA-IKER) eta Joseba A. Lakarra (UPV/EHU) euskara arkaikoa (1400-1600) aztertzeaz arduratu dira. Euskara zaharrari eta modernoari dagokienez, muga kronologikoak 1600 eta 1745 urte bitartean finkatu dira. Aldi hori batera aztertu dute Céline Mounolek eta Ricardo Gómezek (UPV/EHU). Blanca Urgellek (UPV/EHU) aurreneko euskara modernoaren analisia egin du, 1745 eta 1876 urte bitarteko aldiari dagokiona, eta bigarren (edo azken) euskara modernoaren inguruko azterlana, 1745 eta 1876 urte bitartean hedatzen den aldikoa, Iñaki Caminok (UPV/EHU) egin du. Azkenik, Pello Salaburu (UPV/EHU) arduratu da gaur egungo euskara aztertzeaz.

Gainera, nabarmendu beharra dago Mikel Aizpuru, Juan José Larrea eta Xabier Zabaltza historialarien parte-hartzea "guztiak UPV/EHUkoak" obraren kapitulu desberdinei egin dieten ekarpenagatik.

Zalantzarik gabe, euskararen historiarako oinarrizko erreferentzia bat eskaintzea da liburuaren helburu nagusia. Euskalaritzaren garapenerako, beharrezkoa zen eskueran dugun informazioa monografia moduan biltzea. Eta ikuspegi desberdinetatik, gainera. Alde batetik, euskal filologiako ikasleek obra bat behar zuten, euskararen historiaren inguruan metatutako jakintzak egokiro antolatuko zituena. Halaber, ikertzaileak sintesi baten zain zeuden, euskararen bilakaeraren esparru orokor bat finkatuko zuena eta denboran zehar gertatzen joan diren aldaketei buruzko garrantzizko informazioa emango zuena. Azkenik, euskaran interesa zuen edozeinek halako liburu bati etekina aterako liokeelako ustea bazegoen, lanak era ordenatu eta erakargarrian laburbiltzen baitu euskararen bilakaera mendeetan zehar.