Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek ikastetxeetan ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktiko bat ezartzearen inguruan izenpetutako hitzarmenaren luzapena 2018-2021 aldirako (Gobernu Bilera 2018-02-20)

logoconsejo.jpg

2018.eko otsailak 20

Dagoeneko 109 ikastetxek eta DBHko eta Batxilergoko 4. mailako 3.660 ikaslek egin dute bat programarekin

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek 2021era arte aurreikusitako 646.042,92 euroko gastuaren % 50 hartuko dute beren gain

Gobernu Kontseiluak baimendu egin du gaur 2017ko uztailean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktiko bat ezartzeari buruzko hezkuntza-programa bat garatzeko izenpetutako Hitzarmenaren luzapena.

Proiektua 2017. urtean hasi zen jarraitzeko asmo garbiarekin, eta Iruzur Fiskalaren aurkako Borrokarako Plan Bateratuan kokatuta dago. Proiektuaren helburu nagusia ekonomiari eta fiskalitateari buruzko oinarrizko jakintzak zabaltzea eta ikasleen zerga-kontzientziazio handiagoa bultzatzea da.

Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak konpromiso-jarrerak sendotu nahi dituzte, eta, ildo horretan, zergen gizarte-balioa eta gastu publikoarekin duten lotura azpimarratu dute. Horretarako, erakundeak iruzurraren aurkako eta zerga-betebeharrak borondatez betetzearen aldeko kontzientziazioa sustatzen saiatzen dira, eta gazteak hartzen dituzte bereziki kontuan. Hori guztia adierazitako unitate didaktikoan islatzen da.

Hona hemen lau erakundeek planteatutako helburuak:

a) Ekonomiari eta fiskalitateari buruzko oinarrizko jakintzak zabaltzea, ikasleen kolektiboan zerga-kontzientziazio handiagoa bultzatzeko. Bereziki:

- Ondasun eta zerbitzu publikoak identifikatzea.

- Ondasun eta zerbitzu publikoen balio ekonomikoa eta gizartean duten eragina ezagutzea.

- Ondasun eta zerbitzu publikoen finantzaketa-iturriak ezagutzea, zergei dagozkienak bereziki.

- Ondasunen eta zerbitzuen hornidura publikoak dakartzan eskubideak eta erantzukizunak ezartzea.

- Publikoa denaren aurrean eta, beraz, guztion ahaleginarekin finantzatzen eta guztion onurarako erabiltzen denaren aurrean errespetuzko jarrerak barneratzea.

- Fiskalitatea, diru-sarrerei zein gastu publikoei dagokienez, gizarte demokratiko batean justiziaren, ekitatearen eta elkartasunaren balioak gauzatzen diren eremuetako bat dela ulertzea.

b) Euskal zerga-sistemaren oinarrizko ezaugarriak eta zerga nagusien egitura azaltzea, eta Administrazioak bildutako diruarekin ematen dituen zerbitzu publikoak identifikatzea.

c) Gizartean eztabaida sustatzea zerga-iruzurrari aurre egiteak eta zerga-erantzukizuna bere gain hartzeak kultura demokratiko batean gizarte-bizikidetza antolatzeko balio gisa duen garrantziaren inguruan, eta zerga-betebeharrak betetzea herritarren betebehar gisa identifikatzea.

 

Proiektuak interes handia piztu du hezkuntza-sareko ikastetxeetan, haietako asko inplikatu baitira unitate didaktikoaren inplementazioan (109 ikastetxe eta 3.660 gazte). Hori kontuan hartuta, datozen urteetan ikastetxeen kopuruak gora egingo duela aurreikus daiteke.

Hitzarmena sinatu duten administrazioak 2017-2018 ikasturtean indarrean dagoenaren antzeko kontratu bat esleitu eta kudeatzeko luzapenaren alde agertu dira, baina, oraingoan, hiru ikasturterako, 646.040,92 euroko gastu-konpromisoarekin.

Aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak unitate didaktikoaren inplementazioak dakarren gastuaren % 50 hartuko du bere gain, eta Foru Aldundiek, berriz, gainerako % 50.