Eusko Jaurlaritzak bulegoa inauguratu du Milanen, eta Alessandro Mattinzzoli Lonbardiako Ekonomiaren Garapeneko ministroarekin batu da

2018.eko ekainak 19

  • Bulegoa funtsezkoa izango da, euskal enpresek Italian duten presentzia sendotzeko
  • Arantxa Tapia sailburuak Euskadiko eta Italiako industriek dituzten antzekotasunak nabarmendu ditu, bai eta makina-erremintaren edo aeronautikaren sektoreetan sinergiak batzeko aukerak ere
  • Milango bulegoa Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren nazioarteko sarearen hamazazpigarrena da, SPRI taldearen barruan

Gaur inauguratu da, goizeko 11.30ean, Milango bulegoa; Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Javier Zarraonandia Industriako sailburuordea, Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendaria eta Ainara Isasa Milango bulego berriaren zuzendaria izan dira inaugurazio-ekitaldian. Horiekin batera, Alessandro Matinzzoli Lonbardiako Ekonomiaren Garapeneko ministroa, PROMOSeko (Milango Merkataritza Ganbera) ordezkariak eta Italian presentzia duten euskal enpresen ordezkariak ere izan dira.

Ekitaldian, sailburuak Euskadiren indarguneak aurkeztu ditu eta Euskadik eta Italiak dituzten antzekotasunak nabarmendu ditu, bai eta, besteak beste, makina-erremintaren edo aeronautikaren sektoreetan egon daitezkeen sinergiak ere.

Italia, lehentasunezko herrialdea

Urrutiko merkatuek, besteak beste Ameriketako Estatu Batuek edo Txinak, eskaintzen dituzten aukerez gainera, Europak jarraitzen du Euskadirako merkaturik garrantzitsuena izaten. Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan eta Italian daude gaur egun Euskadiko enpresen harreman gehienak.

Italia azken urteotako euskal esportazioen helmuga diren herrialdeen rankinean 4. eta 6. postuaren bitartean dago, Frantziaren eta Alemaniaren ondoren eta Erresuma Batuarekin eta Herbehereekin txandakatzen, eta BPGd-aren bolumenaren arabera munduko lehen hamar herrialdeen artean dago. Italiaren industria-jarduera, batik bat, iparraldean kontzentratzen da (Milan, Turin eta Venezia); Italiak kultura esportatzaile handia du, eta puntako teknologia du besteak beste makina-erremintaren, automobilgintzaren eta Pharmaren sektoreetan, eta, nahiz eta eremu askotan industria Euskadikoaren antzekoa den, sinergiarako aukera nabarmena da aeronautikaren, biotech-en, fabrikazio aurreratuaren edo robotikaren sektoreetan.

Italia, gainera, Europar Batasuneko nekazaritza-ahalmen garrantzitsuenetako bat da, eta Lonbardia eskualdearekin Euskadik tradizioan harreman estua izan du, elikaduraren eremuan. Euskadik eta Lonbardiak biek ulertzen dute nekazaritzako elikagaien sektoreak eta, bereziki, tokiko produktuekin lotura duen elikagaien industriak hazkuntza-aukerak eskaintzen dituztela, lehen sektorearen garapen dibertsifikatuagoarekin eta orekatuagoarekin.

Bilera Mattinzzoli ministroarekin

Tapia sailburua Lonbardiako Alessandro Mattinzzoli homonimoarekin batu da, inaugurazioaren ondoren, eta bi erakunde-arduradunek izan dute beren eskualdeak batzen dituzten gaiak egiaztatzeko aukera.

Eusko Jaurlaritza eta Lonbardiako Gobernua kide dira Vanguard ekimenean, industrializazio-maila altuko Europako eskualdeen sarean, eta Europa industrializatua eraikitzeak duen garrantzia zabaltzeko lanean ari dira.

Tapia eta Mattinzzoli, halaber, Espainiako eta Italiako estatuetako gobernuetako egoera politikoez eta gertatu berri diren aldaketez mintzatu dira, eta sailburuak nabarmendu du Euskadin egonkortasunerako bide ematen duten politikak ezartzen jarraituko direla, ekonomiarako funtsezko faktore baita.

Bidaia agenda Milanen

Euskadiko erakunde-ordezkaritzak, bihar goizean, topaketa izango du Italian finkatuta dauden euskal enpresekin, eta Italiako merkatura sartzeko erronkak eta zailtasunak, herrialdearen egoera ekonomikoa eta enpresek epe ertainera dituzten ikuspegiak aztertuko dituzte, bai eta Eusko Jaurlaritzak egin ditzakeen laguntza-ekintzetarako aukerak ere.

Bihar, asteazkenean, hilaren 20an, gauean, ordezkaritzak ekitaldi gastronomikoan parte hartuko du; bertan, euskal nekazaritzako elikagaiak sustatuko dira, goi-sukaldaritzaren sektorean, eta, ostegunean, ordezkaritza Bistagnora joango da, Piamonteko eskualdera, Danobaten instalazio berriaren inauguraziora joateko.