Eusko Jaurlaritzak Argentinako eta Peruko beste bi euskal etxe sartuko ditu euskal etxeen erroldan; 193 izango dira guztira (Gobernu Bilera 2018-12-11)

logoconsejo.jpg

2018.eko abenduak 11

Jaurlaritzaren Kontseiluak beste bi euskal etxe onartu ditu –“Asociación Civil Centro Vasco De General Belgrano”, Argentinakoa; eta “Centro Cultural Vasco Peruano de Trujillo”, Perukoa, hain zuzen– eta euskal etxeen erregistro ofizialean sartuko ditu. Guztira, 193 euskal etxe izango dira, horrela, munduan zehar.

Euskal Etxeak irabazi asmorik gabeko erakundeak dira, formalki eratutakoak eta EAEko lurraldetik kanpo daudenak, eta Euskadirekiko harreman kultural, sozial eta ekonomikoei eta Euskadiren historia, hizkuntza eta kulturari eustea dute helburu.

Eusko Jaurlaritzak ofizialki erregistratutako euskal etxeak 193 dira mundu osoko 25 herrialdetan. Jaurlaritzaren Kontseiluak Argentinako “Asociación Civil Centro Vasco De General Belgrano” euskal etxea onartu ondoren, herrialde horrek ditu euskal etxe gehien munduan: 85. “Centro Cultural Vasco Peruano de Trujillo” euskal etxea onartuta, Peruk hirugarren euskal etxea erregistratuko du.