Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro inbertituko ditu aurten nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan eta albiste-agentzietan euskara sustatzeko (Gobernu Bilera 2018-06-12)

logoconsejo.jpg

2018.eko ekainak 12

Deialdi honetaz gain, aurten 4.875.000 euro inbertitu dira euskarazko hedabideak diruz laguntzeko

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak bere gaurko saioan onartu ditu nagusiki gaztelania darabilten idatzizko egunkarien edizio digitaletan eta Internet bidez notiziak euskaraz ere ematen dituzten albiste-agentzietan euskararen erabilera areagotzeko diru-laguntzak. Aurten 400.000 euro onartu dira helburu horretarako. Deialdi honetaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bost multzo dituen beste diru-laguntza lerro bat dauka euskarazko hedabideentzat; aurten 4.875.000 euro banatu ditu euskarazko hedabideen artean.

Onartu berri den deialdi honen helburua da euskararen erabilera areagotzea nagusiki gaztelaniaz diren egunkarietan, horien edizio digitalen bitartez, eta, bigarrenik, euskara sustatzea albiste-agentzien jardunean. Aurtengo kopurua iazko bera da, nahiz eta 2017ko ebazpenean diru guztia ez agortu. Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen egitasmoak, multzoka emanda:

  • A multzoa: Nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitalak (350.000 euro).
  • B multzoa: Internet bidez notiziak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentziak (50.000 euro).

Deialdi honetatik dirua jaso ahal izateko, egunkariek eta hauek argitaratuko dituzten albisteek baldintza batzuk bete beharko dituzte luzerari, albiste kopuruari edota jorratzen diren gaiei dagokienez.