Eusko Jaurlaritzak 204.000 euroko kontu-sail bat onartu du gaurko bileran goi-mailako kirol lehiaketak sustatzeko (Gobernu Bilera 2018-06-19)

logoconsejo.jpg

2018.eko ekainak 19

Laguntza-ildo honen bitartez, iaz 31 lehiaketaren antolakuntza babestu zuen Jaurlaritzak

Gobernu Kontseiluak 204.000 euroko kontu-sail bat onartu du gaurko bileran, goi-mailako kirol-lehiaketen gauzatzea diruz laguntzeko 2018. urtean. Laguntza hauen bitartez, iaz Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 31 kirol-lehiaketaren antolakuntza babestu zuen.

Laguntza hauen balizko hartzaileak ondokoak dira: kirol-federazioak, kirol-taldeak, kirol-elkarteak, kirol-xedea izan eta helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten nortasun juridikoko entitateak eta erkidegoko tokiko entitateak. Kirol-lehiaketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte diru-laguntzak jaso ahal izateko:

  • Nazioarteko Federazio, Europako Federazio edo nazioarteko Liga Profesional bateko egutegi ofizialean sartuta egon behar dute.
  • Mundu mailako lehiaketen kasuan, bi kontinenteko edo gehiagoko kirolariak parte hartu beharko dute.
  • Bi herrialdetako edo gehiagoko kirolariak izan beharko dituzte lehiaketa guztiek.
  • Zirkuitu edo liga formatua duten lehiaketen kasuan, bi herrialdetan edo gehiagotan antolatu beharko dira lehiaketak.
  • Estatu- edo erkidego-mailako lehiaketak ez dira aintzat hartuko.

Laguntza-ildo honen bitartez iaz diruz lagundutako 31 lehiaketen artean ondokoak daude: Igorre-Euskadi Basque Country Ziklo-krosa, Zornotzako Nazioarteko Krosa, Emakumeen Bira, Juan Muguerza Nazioarteko Krosa, txirrindularitzako Ricardo Otxoa Memoriala edo Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia.