Euskalmetek eguraldi ezegonkorra eta euritsua iragarri du Aste Santuko lehenengo egunetarako.

Argitalpen-data: 

Euskalmeten arabera ostegunetik, hilaren 29tik, larunbatera, hilaren 31ra, bitartean eguraldi nahasia eta euritsua izango dugu seguruenik, eta ekaitza ere sor daiteke, batez ere ostiralean. Bestalde, elur-maila jaisten joango da 1.000 metrotan edo apur bat beherago kokatu arte ostiraletik larunbat goizaldera bitartean. Tenperaturek ere behera egingo dute.

Iragarpenen arabera, ziurgabetasuna handia bada ere, eguraldia egonkortzen eta tenperaturak epeltzen joango dira igandetik, apirilaren 1etik, astelehenera, apirilaren 2ra, bitartean, hegoaldeko haizea nagusituko denez.

Datozen 48 orduotarako iragarpenaren arabera, berriz, bihar, asteartea, ostarte batzuk izango ditugu eta horrek tenperaturak nabarmen igotzea ekarriko du, 15-20ºC-ra iritsi arte.

Asteazken goizean eguraldi egonkorra eta lehorra izango badugu ere, ordu zentraletan, fronte bat iritsi ahala, zerua estaltzen joango da eta berriz ere euria izango dugu. Kantauri isurialdean maizago bota dezake euria, eta zaparradak ugariagoak izango dira. Bestalde, hego-mendebaldeko haizeak ipar-mendebalderantz egingo du frontearen eraginez, eta haize-kolpe zakarrak izango dituzte batez ere agerian diren lekuetan. Tenperatura maximoak erraz iritsiko dira 15ºC-ra.

 

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.