Euskal Autonomia-Erkidegoa buru duen "Carewell" proiektua azken hamarkadako eragin handieneko hiruren artean dago Europan, osasuntsu zahartzeko ikerketa eta berrikuntza teknologikoan

2018.eko martxoak 29

Hori adierazi da Europako Batzordearen azterlan batean, non egiaztatzen baiten euskal proiektuak arrakastaz erakutsi duela arreta integratuak biztanle adinduen bizi-kalitatea hobetu dezakeela

 

Europako Batzordearen azterlan batean, Euskal Autonomia Erkidegoa buru duen ‘CareWell’ proiektua —pazienteen arreta integratukoa— jartzen da Europan azken 11 urteetan eragin handiena izan duten hiruren artean, zahartze aktibo eta osasungarrirako ikerketa eta berrikuntza teknologikoaren esparruan.   

Txostena hil honetan bertan argitaratu da Europako Batzordearen webean, eta analizatzen du zahartze aktibo eta osasungarrirako teknologian Europar Batasunak finantzatutako ikerketak eta berrikuntzak gizartean duten eragina. Guztira 25 proiektu nabarmentzen dira, eta horien artean Euskal Autonomia Erkidegotik koordinatutakoa buruko hirukotean dago.

Azterlanean adierazten denez, ‘CareWell’ proiektuak “zabaldu egin du osasunari eta gizarte-arreta integratu eta iraunkorrari buruzko ezagutza, eta sortu egin du, gainera, osasunaren eta gizarte-arretaren arloan denetariko beharrak dituzten Europako beste eskualde eta biztanleria-sektore batzuetara ekar daitekeen eredua”. Ildo horretatik, nabarmentzen du Euskal Autonomia Erkidegoa buru duen ereduak “arrakastaz erakutsi duela arreta integratuak biztanle adinduen bizi-kalitatea hobetu dezakeela” eta ebidentzia enpirikoa ekarri duela, IKTetan oinarritutako arreta integratuaren onuren inguruan agente politiko nazionalak konbentzitu dituena.

Izan ere, txostenak berak azpimarratzen du ‘CareWell’ proiektuaren arrakasta agerian jarri dela, berori gauzatu den esparru geografikoetako bostetan haren esperientzia pilotuak aintzatetsi baitituzte “Reference Sites” gisa edo Europako Partzuergorako erreferentziazko eredutzat zahartze aktibo eta osasungarriko berrikuntzarako (EIPonAHA).  

 ‘CareWell’ proiektua —‘Premia konplexuak dituzten paziente pluripatologikoen arreta integraturako eredu bat garatzea’— 2015ean jarri zen abian eta Osasun Sailaren eta Osakidetzaren jarraibide estrategikoen barruan dago. Jarraibide horiek zahartzean, kronikotasunean eta mendekotasunean oinarritzen dira.Proiektu honetan parte hartzen dute ‘Kronikgune’ Kronikotasuna Ikertzeko Zentroak, Osakidetzako sei erakundek, Gipuzkoako Lehen Mailako Arretako Ikerketa Unitateak eta ESIek, eta Osakidetzako Erakunde Zentralak.

Ekimen hau askotan saritu da aurretik, eta premia konplexuak dituzten pazienteei zuzendutako arreta integraturako antolamendu-eredu berri bat garatu du, bideratuta osasun-zaintza eta -laguntza hobetzera —osasun-profesionalen arteko koordinazioaren eta komunikazioaren bitartez—, pazientean oinarritutako laguntza ematera eta, elementu erraztailetzat, IKTak erabiltzera.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek nabarmendu du aintzatespen berri honek bultzatu egiten duela EAEko osasun-sistemaren apustua profesionalen proaktibitatea sustatzeko; horrek, laguntzaren kalitatea eta paziente eta profesionalen gogobetetzea hobetzeaz gainera, lagundu egiten baitu erabili beharreko baliabideak murrizten eta, horrenbestez, kostuetan aurrezten.

 

Gasteiz, 2018ko martxoaren 29a