Euskadiko Argentina-Mercosurreko Ordezkaritzak, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzarekin bat eginez, 2018rako aurreikusten diren euskal etxeekin erlazionaturiko lan ildoak aurkeztu zituen

6.jpeg

2018.eko martxoak 21

Topaketa Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunak, Olavarríako Gure Etxe Maitea euskal etxearekin batera antolaturiko hausnarketa tailerren eta formakuntzaren testuinguruan ospatu zen. Olavarriako euskal etxea izan zen ekintzaren anfitrioia.


Ordezkaritzak emandako hitzaldian, euskal komunitateari zuzenduriko urteroko deialdien berri eman zen (hala nola euskal etxeentzako dirulaguntzak,egoera larrian dauden pertsonentzako dirulaguntzak eta Gaztemundu programa); Interneten eskuragai dauden euskal komunitatearentzako baliabideen inguruan hitz egin zen, esaterako Basque Global Network, euskaletxeak.eus ataria edo eliburutegia programa aipatuz; Ordezkaritzan euskal etxeentzako eskuragai dauden erakusketa eta eduki kulturalen inguruko informazioa eman zen; eta, azkenik, 2018an euskal diasporari zuzenduriko ekimenetan euskal etxeen parte hartzea sustatu zen. Ekintza hauek Euskal Diasporaren Eguna (irailaren 8an), Diasporaren Artxiboa edo Hego Ameriketako euskal etxeen topaketa erregionala izango dira.


Aurkezpena  Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunak aldizka antolatzen dituen formakuntza eta gogoeta tailerren harira egin zen. Tailer hauen funtsa eta helburua euskal etxeei suertatzen zaizkien zailtasun, erronka, trebetasun eta arazoak amankomunean jartzea da, elkarren artean konponbideak aurkitzeko. Honetaz gain, gastronomia, musa eta danborradaren inguruko berariazko tailerrak ere egin ziren. Ekitaldira 28 euskal etxeetako ordezkariak joan ziren, horietako hainbatek topaketan parte hartzeko 500 kilometro bidaiatuz.


Honako hau, Euskadiko Argentina-Mercosurreko Ordezkaritzak, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzak euskal etxeekin lantzen dituen programak  aurkezten dituen hirugarren aldia da, oraingo legealdian. 2017an “euskal etxeentzako dirulaguntzen” inguruko berariazko hitzaldiak eman ziren Bahía Blanca eta Pergamino hirietan. Argentinako euskal komunitatea munduko euskal etxe kontzentrazio handiena da. Jaurlaritzak ofizialki onartutako 191 euskal etxeetatik 84 Argentinan daude.