Euskadik Atunaren sektorearen iraunkortasuna bermatzeko egokiak diren kudeaketa ereduak eztabaidatuko ditu Atunaren IV. Kongresu Nazionalean

Congreso_atun.jpg

2018.eko urriak 09

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Arrantza eta Akuikultura zuzendariak, Leandro Azkuek, Atunaren IV. Kongresu Nazionalean parte hartu dute gaur goizean, Madrileko Arte Ederretako Zirkuluan.

Atunketari izoztaile Handien Ekoizle Elkartuen Erakundeak, OPAGACek, bi urtean behin bultzatzen du topaketa, eta bertan profesional garrantzitsuak eta pertsona ezagunak elkartzen dira atunaren sektoreari buruz duten ikuspuntua eta iritzia adierazteko.

Kongresuaren edizio honen gai nagusia da atunaren sektoreari kalitate handia ematen dioten balioak sendotzea, “Era arduratsuan arrantzatutako atuna”-ren gaineko UNE 195006:2016 arauen eta OPAGACek garatzen ari den “FIP” Arrantza Hobetzeko Planaren bitartez.

Oroz sailburuordea izan da Kongresuari hasiera emateko inugurazio mahai presiditzera gonbidatutakoetako bat, eta mahai horretatik gogora ekarri nahi izan du nola Eusko Jaurlaritzak iruzurrik gabeko merkatu baten alde egitea bultzatu duela, espezie batzuk beste batzuekin ordezkatzearen aurka eginda. “Merkatuen defentsa, funtsean, gure arrantza ontziek harrapatutako produktuen kontsumoa defendatzea eta bultzatzea izan behar da, kontrolatutako produktuak baitira eta trazabilitate berme guztiak baitituzte”. Zentzu horretan, sailburuordeak azpimarratu du, halaber, euskal exekutiboa atun solomoen inportazioen kontingenteen aurka dagoela, gutxieneko trazabilitate baldintzak betetzen ez baitituzte.

Irekiera hitzaldian, Bittor Orozek adierazi du arrantzaren kudeaketa iraunkorra egin beharra dagoela, elikaduraren sektorearen etorkizuna bermatzeko, gero eta sektore estrategikoagoa baita mundu mailan.

“Eusko Jaurlaritzarentzat, arrantzaren sektorea eta, zehazki, atunaren sektorea estrategikoa da Euskadin, eta babesa ematen diogu iraunkortasuna eta ezagutza zientifiko hobea eta berrikuntza oinarritzat hartuta errazago garatu dadin, atun enpresek lehiarako abantaila garbi eduki ahal dezaten, errentagarritasuna bermatuta edukitzeko” – gehitu du Orozek.