Ertzaintzaren ordezkaritzak 81 domina lortu ditu Algecirasen egin diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan

IMG-20180922-WA0030.jpg

2018.eko urriak 01

Joan den astean Algecirasen egin diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen VII. Edizioan parte hartu duten 38 kirolarik osatutako Ertzaintzaren ordezkaritzak guztira 81 domina lortu ditu: urrezko 39, zilarrezko 23 eta brontzezko 19. Hamahiru domina taldeko lehiaketetan lortu dituzte. Domina horiek aurreko edizioan lortutakoak baino nabarmen gehiago dira; 19 ordezkarik 34 domina lortu baitzituzten.

Algeciraseko joko hauetan parte hartu duten ertzainak 31 gizonezko eta 7 emakumezko dira, eta hamar kirol-modalitatetan parte hartu dute: atletismoan, txirrindularitzan, duatloian, futbol 7an, hipikan, jiu jitsu brasildarrean, igeriketan, taekwuondoan, tiroan, trail runningean eta triatloian.  

81 dominak atletismoan, igeriketan, txirrindularitzan, tiroan, taekwuondoan, triatloian, futbolean, jiu jitsun, mendiko bizikletan eta duatloian lortu dituzte. Garaipen horietako gehienak banako lehiaketetan lortu dituzte, eta taldeko modalitateetan, hau da, atletismoan, tiroan, futbolean, duatloian eta triatloian, hamahiru lortu dituzte.

Txapelketak irailaren 21etik 29ra bitartean egin dira, Algeciras izan dute egoitza nagusia, eta bigarren mailako beste zortzi egoitza izan dituzte inguruko herrietan. Jokoen inaugurazio egunean Ertzaintzako kirolarien ordezkaritzari Algeciraseko alkateak eta txapelketen presidenteak egin zioten harrera.

Huelvan egin zen 2016ko edizioan Ertzaintzak 19 ordezkari izan zituen atletismoan, txirrindularitzan, judoan, taekwondoan eta body building modalitatean. Edizio hartan 34 domina lortu zituzten, eta zifrarik onena izan zen nazioarteko txapelketa batean lehenbiziko aldiz parte hartu zutenetik (Calgary, 1997).

Ertzaintzak 1997tik, Algeciraseko txapelketa hau kontuan hartu gabe, nazioarteko hamaika txapelketatan parte hartu du, guztira laurogei atleta eta kirolarik parte hartu dute eta 160 domina lortu dituzte.