Ertzaintzak hartuko du masa-ekitaldien segurtasuna hobetzera zuzentzen den LETSCROWD Europako Proiektuaren topaketa

proyecto_letscrowdtx.png

2018.eko maiatzak 31

Ertzaintzaren Erandioko Egoitza Nagusian eta Iurretako egoitzan bildu da, atzo eta gaur, Europar Batasunaren LETSCROWD Europako proiektuan lan egiten duen mahai teknikoa. Zortzi herrialdetako polizia-kidegoek, administrazioek, enpresek eta ikerketa-zentroek parte hartzen dute proiektu horretan. Proiektuaren helburua da pertsona kopuru handia biltzen duten ekitaldi handietan segurtasuna hobetzea, hala nola manifestazioetan, kontzertuetan edo kirol-ekitaldietan. Brigada Mugikorreko espezialisten bidez eta Inteligentzia Bulego Nagusiko espezialisten bidez parte hartzen du Ertzaintzak ikerketako eta berrikuntzako lan honetan.

Europako Batzordea, H2020 programaren barruan, LETSCROWD proiektua garatzen ari da 2017ko maiatzaz geroztik. Nazioarteko partzuergo baten bitartez, garatzen ari da proiektu hori, eta partzuergo horren buru ETRA I+D enpresa da. Izan ere, enpresa horrek ekitaldi masiboetan herritarrak babestearen arloko Europako estrategia eraginkortasunez inplementatzeko metodologiak, tresnak eta teknologiak garatzen ditu.

Ertzaintza proiektu horren bazkide da beste zortzi herrialdetako enpresekin, polizia-kidegoekin eta ikerketa-zentroekin batera. Asteartean, mahai-teknikoaren topaketa Erandioko Egoitza Nagusian egin zen eta, gaur, asteazkena, Iurretako polizia-egoitzan egin da.

Bileretan, Ertzaintzaz gain, parte hartu dute Espainiako (Madrilgo udaltzaingoa), Italiako, Portugalgo, Belgikako eta Errumaniako polizia eta larrialdietako agentziek (Law Enforcement Agencys). Era berean, bileretan  lan egin dute ETRA I+D talde koordinatzaileko langileek eta beste enpresa teknologiko batzuetako langileek —hala nola, PROPRS, SIE edo UNICA enpresetakoek— eta Kantabriako Unibertsitateko kideek.

Ertzaintzaren ordezkaritzan, jardunaldietan izan dira Brigada Mugikorra Unitateko kideak — topaketaren koordinatzaile Iosu Alonso komisarioa, buru zela— eta Inteligentzia Bulego Nagusiko espezialistak. Era berean, elkarlanean jardun dute Bizkaiko Agintaritza eta Kontrol Zentroko ertzainek eta Bizkaiko Lurralde Burutzako ertzainek.

Bi jardunaldi hauetarako ezarritako helburuak bete dira. Batetik, tresnen premia eta eskakizun teknikoak identifikatu dira, betiere eskakizunei eta erabilera-kasuei buruzko kapituluko edo WP2ko —ingelesezko lan-pakete— diseinuaren arabera. Bestetik, etorkizunean benetako ekitaldietan gauzatuko diren erakustaldi praktiko batzuk profilatzea ere lortu da.

LETSCROWD

Europako proiektu honek ekitaldi masiboetan segurtasuna bermatzeko tresnetan eta teknologietan lan egiten du. Arduradunak hiru emaitza nagusi mota aurreikusi ditu, eta emaitza horiek baliagarriak izango dira administrazioentzat eta segurtasun-kidegoentzat, jende ugari biltzen den ekitaldiko fase guztietarako, plangintzatik hasi eta amaitzen direnera arte. Bestalde, arriskuak aztertzeko eta kudeatzeko metodologia dinamikoa izango da, aukera emango duena egoera bakoitzari behar bezala arreta egiteko, baliabideen erabilera egokiaren bitartez eta herritarren premiak kontuan izanik.

Bestalde, segurtasunaren arloko erabakiak hartzeko ahalmena duten legegileentzako kontsulta-tresna ere bada, eta erabiliko da ebaluatzeko zein heinean diren eraginkorrak administrazioek Europan abian jarri dituzten neurriak eta politikak.

Azkenik, polizia-kidegoei zuzendutako kudeaketa-teknologia multzo bat ere izango da. Teknologia horrek hartuko du monitorizazio-tresnetatik jende kopuru handien mugimenduak simulatzeko eta iragartzeko ereduetara, tartean direla jende ugariri komunikazioak helarazteko prozedura berriak, sare sozialetako adimen semantikoa eta susmagarrien jarraipena egiteko irudi-arloko teknologia berritzaileak.

Proiektuak 30 hilabeteko iraupena du eta zortzi herrialdetako enpresek, administrazioek, institutu teknologikoek eta unibertsitateek parte hartuko dute, barnean direla Espainiako, Alemaniako, Erresuma Batuko, Belgikako, Italiako, Portugalgo, Errumaniako eta Israelgo polizia-kidegoen ordezkaritzak.