Ekonomiaz-Euskal Ekonomia Aldizkariaren 94. zenbakiaren aurkezpena: "Lanbide Heziketa eta Espezializazio Adimenduneko Estrategiak"

2018.eko azaroak 20

 

 

OGASUN ETA EKONOMIA SAILAK EKONOMIAZ ALDIZKARIAREN 94 ZENBAKIA AURKEZTU DU: “LANBIDE HEZIKETA ETA ESPEZIALIZAZIO ADIMENTSURAKO ESTRATEGIA”

 

  • Ekonomiaz aldizkariaren 94 zenbakian, Lanbide Heziketako zentroek berrikuntza-sistemetan zenbait ikuspegitatik duten eginkizunari buruzko ikerketako hamaika artikulu jaso dira.

 

Ogasun eta Ekonomia Sailak Ekonomiaz aldizkariaren 94 zenbakia argitaratu du, LHk eskualdeetako berrikuntza-sistemetan eta horietarako garatzen diren espezializazio adimentsurako estrategiaren barruan betetzen duen edo bete dezakeen eginkizuna aztertzeko eta ulertzeko.

Monografiko honetan, LHk eskualdeetako berrikuntza-sistemetan duen eginkizunaren azterlana eragile horietako baten azterketan baino ez da zentratzen: LHko ikastetxeak. Horiek dira gazteentzako LHren eragile hornitzaile nagusia. Horien eginkizuna enplegurako LHren sisteman, hala ere, askoz ere txikiagoa izaten da. LHko ikastetxe askok ez dute hornitzen, edo beren jarduera nagusiaren –hastapeneko LH– osagarri gisa egiten dute.

Ia herrialde guztietan, LHko ikastetxeek enplegurako ematen duten LHren pisua askoz ere txikiagoa da beste eragile-mota batzuek ematen dutena baino. Horrela, bada, monografiko hau LHko ikastetxeek eskualdeetako berrikuntza-sistemetan eta horietarako diseinatzen diren espezializazio adimentsurako estrategiaren barruan betetzen duten eginkizunean zentratzen da.

Ekonomiaz aldizkariaren azken zenbakia Tknika - Euskadiko LHko Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroan aurkeztu da jendaurrean, Errenterian (Gipuzkoa). Bertan, honako hauek parte hartu dute: Jose Ignacio Jaca, Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia eta Plangintza zuzendaritzatik; Mikel Navarro Ekonomiaz  94-ko koordinatzailea eta Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordea.

Monografiko honetan, Lanbide Heziketako zentroek berrikuntza-sistemetan zenbait ikuspegitatik duten eginkizunari buruzko ikerketako hamaika artikulu jaso dira.

Lehen bi artikuluek, Mikel Navarrorenak eta Jabier Retegi eta Igone Porto eta David Doloreuxenak, aurkezpen teorikoagoak egiten dituzte. Lehenengoek, eskualdeetako berrikuntza-sistemen politiken eta literaturaren eta espezializazio adimentsurako estrategien eta horietan LHko zentroek duten eginkizunaren irakurketa kritikoa egin ondoren, sistema horietan zentroek bete behar dituzten egitekoak azaltzen dituzte, eta LHko literaturaren barruan ikastetxe horiek unitarioak izatearen (alegia, funtzio bakarra betetzeko espezializatuta egon daitezen: gazteentzako LH ematea) edo funtzio anitzekoak izatearen inguruan sortu den eztabaida ere azaltzen dute. Eta esparru analitikoa irudikatzeko, Nafarroako Foru Erkidegoaren kasua aztertzen dute: zer funtzio bete duten Nafarroako LHko zentroek eta zer faktorek izan duten horretan eragina.

Igone Portoren eta David Doloreuxen artikulua dela eta, helburua, analisi bibliometrikotik abiatuta, eskualdeetako berrikuntza-sistemetako ustezko eragileek (besteak beste, LHko zentroak) Scopus datu-base bibliografikoan indexatutako aldizkarietan argitaratu diren arlo horren inguruko artikulu akademikoetan izan duten presentzia aztertzea da, bai eta presentzia hori denboran zehar nola aldatu den ikustea ere.

Zenbakiak bigarren lantaldearekin jarraitzen du, eta hura hiru artikuluk eratzen dute: alde batetik, LHren egoera aurkezten du eredu anglosaxoian (Stuart Rosenfeld-en artikulua, AEBren ingurukoa, eta Andrew Westwood-ena, Ingalaterrari buruzkoa) eta, bestetik, Alemaniako ereduan (Knut Koschatzky eta Joost Heijs).

Nolanahi ere, hiru artikulu horiek herrialde horietan gertatzen ari diren fenomeno berriak aztertzen dituzte, horietan nagusi den zentroaren eredu tradizionalean zentratu gabe. Horrela, Stuart Rosenfelden artikulua, “karreren eta hezkuntza teknikoaren” ingurukoa (AEBn termino hori erabiltzen da lanbide-heziketa izendatzeko, “vocational education and training” terminoak han konnotazio negatiboa du eta), ez da zentratzen Ameriketako Estatu Batuetako hezkuntza tertziario “community colleges” ezagunetan, baizik eta LHren erreforman bigarren hezkuntzako eskola publikoetan. Era berean, Andrew Westwood-en artikuluak ez du prestakuntza osagarriko zentro entzutetsuez hitz egiten (“further colleges”), baizik eta hezkuntza tertziarioko erakunde-mota berri batez, teknologia-institutuez (“institutes of technology”); horiek, gaur egun, Ingalaterran sustatu nahi dira, LHren eremuan.

Horren bidez, bigarren hezkuntzaren ondoko LHko zentroak, azken hamarkadetan Europako hainbat herrialdetan sortu direnak, berdindu nahi dira, ahalik eta maila altueneko LH emateko, bai eta ikerketa aplikatuko eta berrikuntzako jarduketak ere. Azkenik, Knut Koschatzkyren eta Joost Heijsen artikuluak ez du Alemaniako LH dual tradizionalaz eta bertan parte hartzen duten ikastetxeez hitz egiten, baizik eta transferentzia teknologikoaz eta, bereziki, herrialde horretako bigarren hezkuntzaren ondoko LHko erakunde nagusietatik enpresa txikietarantz transferentzia teknologikoa nola egiten den: zientzia aplikatuen unibertsitateak.

Beste bloke batean Espainiako LHren bi funtsezko alderdi aztertzen dira. Benito Echeverríak eta Pilar Martínezek LH duala ezartzeko asmoa aztertzen dute, krisialdian lan-merkatuak eta herrialde horretako enplegagarritasunak dakartzaten arazoei eta, ordea, urte horietan Alemaniako lan-merkatuak dituen emaitza bikainei erantzuteko –zati batean bertan nagusi den LH dualeko sistemari egozten zaio–.

Mercedes Chacónek eta Mónica Moso-Díezek, bestalde, Espainiako gazteek orientazio orokorreko hezkuntzari (Batxilergoa), lanbide-heziketaren kalterako, ematen dioten lehentasunean zer faktore ari diren eragina izaten aztertu dute; hautaketa horren ondorioz, Espainia Europan bigarren hezkuntzako maila altuko LHn eskolatze-tasa txikienak dituen herrialdeetako bat da, tituludun horiek laneratze handiagoa badute ere.

Gainerako artikuluek LH eskualdeko edo tokiko ikuspegiarekin aztertzen dute, eta bakoitzak alderdi batetik heltzen dio; zalantzarik gabe, LHko eskualdeko sistema estatuko aurreratuena da.

Iñaki Mujikak eta Kike Intxaustik euskal LHko sisteman erantzukizun-postu desberdinak eta garrantzitsuak bete dituzte, eta sistema horrek izandako eraldaketaz hitz egiten dute, izan ere, funtzio anitzeko eta euskal lehiakortasun-estrategian integratutako sistemarantz egin du: eraldaketa horrek zer eremu nagusitan izan duen eragina, zein izan diren fase nagusiak eta zer faktore egon diren aurrerapenen atzean.

Joxean Egañaren, Ixaka Egurbideren eta Jesús M.Valdalisoren artikuluak Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuaren historia eta eginkizunak aurkezten ditu; beharbada, estatu osoko zentro integratuko eta funtzio anitzeko zentroko adibide nabarmenetako bat. Halaber, haren bilakaeran eragina izan duten faktoreak ere aurkezten ditu.

Miren Estensororen artikuluaren bidez, LHko zentroek tokiko garapenerako bide ematen duten zentro gisa zer eginkizun duten ikusten da. Egileak horren inguruko kasu aurreratuenetako bat aurkezten du: Goierri Eskolakoa, Goierri (Gipuzkoa) eskualdean.

Azkenik, Beatriz Oteroren, Mikel Olazaranen, Eneka Albizuren eta Cristina Lavíaren artikuluak LHko titulazioa duten langileek euskal ETE industrialetan duten presentzia aztertzen du, eta, zehatzago esateko, ebidentzia enpiriko gutxiko gai batez dihardu, nahiz eta LHri buruzko literatura sarritan horretan posizionatu den, alegia, langile horiek beren enpresen posizio lehiakorrari egiten dioten ekarpenaz.

 

 

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 20a