Ekonomia Itunaren 140 Urteurrena (1878-2018)

Euskadiko erakunde guztiek Kontzertu Ekonomikoaren alde duten konpromisoa berretsi du Lehendakariak, Kontzertuaren 140. urteurrenean

  • Mila lagun inguru bertaratu dira gaur Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek Bilboko Arriaga Antzokian antolatutako ekitaldira
  • Urkullu Lehendakariak “zentzuz eta erantzukizunez” jokatzea eskatu du, kontzertu-sistema alderdien arteko liskarretik ateratzeko; Kontzertuak Euskadin “erabateko” babesa du 

Aurten 140 beteko dira lehen Ekonomia Ituna onartu zenetik (1878ko otsailaren 28an, zehazki).

Ekonomia Ituna II. Karlistaldia amaitu eta foruak abolitu ondoren sortu zen, XIX. mendearen amaieran. Euskal probintziek Espainiako Erresumaren finantzei kontribuzioa ordaintzeko sistema gisa sortu zen, eta foru-aldundiei beren zergak biltzeko ahalmena aitortzen zien, gastu propioei zein Estatuko gastu komunei aurre egiteko.

Lehen Ekonomia Ituna 1878an onartu zen, eta gaur egun arte berritu da, frankismoaren aldiko salbuespenarekin, aldi hartan Itunaren aplikazioa eten egin baitzen Bizkaian eta Gipuzkoan, 1981. urtera arte. 2002. urtean berritu zen azken aldiz.

Ekonomia Ituna. Zer Da?

Ekonomia Ituna zerga- eta finantzaketa-sistema propio eta berezia da, eta Euskadiren eta Estatuaren arteko zerga-harremanak eta finantza-harremanak ezartzen eta arautzen ditu. Ekonomia Itunaren bitartez, zerga-eremuan arautzeko eta kudeatzeko ahalmena aitortzen zaie foru-aldundiei, euskal erakunde guztien berezko eskumenak finantzatzeko; gainera, kupoaren bitartez, Estatuak Autonomia Erkidegoari transferitu gabeko eskumen guztietarako ekarpena egiten da.

Ekonomia Ituna honako hauetan oinarrituta dago: foru-lurraldeen eskubide historikoak babesten eta errespetatzen dituen eta foru-erregimenaren eguneratzea agintzen duen Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian, eta Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek arautzeko duten ahalmena aitortzen duen eta Lurralde Historikoek beren lurraldean zerga-sistema propioa eduki, ezarri eta arautu ahal izango dutela dioen Autonomia Estatutuaren III. Tituluan.

Ekonomia Itunaren 49. artikuluak Autonomia Estatutuak bezala definitzen du kupoa: Euskadik Estatuari egindako ekarpena kupo orokor bat izango da, eta kupo hori lurralde historiko bakoitzari dagokionak osatuko du. Euskadiko Autonomia Erkidegoak bere egiten ez dituen Estatuaren karga guztiei dagokien kontribuzioa da kupoa.

Ekonomia Itunari eta Kupoari buruzko informazio gehiago:

http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ekonomia-ituna/hasiera/