Eibar Ospitaleak 13.000 pertsonatik gora artatu ditu lehen hilabetean

2018.eko azaroak 30

Joan den azaroan inauguratu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak Eibar Ospitale berria. Bertan lanean hasi zirenetik, hilabete batean 13.000 pertsonatik gora artatu dituzte Osakidetzaren azpiegitura berri horretan, eta 16.000 kontsultatik gora izan dira bere zerbitzu desberdinetan.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren datuen arabera, kontsulta gehienak Lehen Mailako Arretakoak izan dira, eta guztira 9.019 pertsona artatu dituzte bertan. Bestalde, Etengabeko Arreta Gunean (EAG) hilabete honetan 536 pertsonari eman zaie arreta. Eibar ospitaleko zerbitzu ugariek izandako jarduerari dagokionez, 2023 kontsulta izan dira kardiologia, pneumologia, barne medikuntza, neurologia,  errehabilitazioa, traumatologia eta endokrinologia espezialitateen kanpo kontsultetan. Bestalde, osasun mentaleko sareak 1.700 pertsona artatu ditu.

Bestalde, Erradiodiagnostikoko Zerbitzuko profesionalek 1.640 proba egin dituzte hilabete honetan, 108 erresonantzia magnetiko gauzatu dira eta Eibar Ospitaleko Errehabilitazio Zerbitzuko instalazio modernoak guztira 2.022 saio egiteko erabili dira.

Jarduera asistentzialari buruzko lehenengo datu hauek eta ospitalearen funtzionamendu ona ikusita, Osasun sailburu Jon Darpónek langile guztiei azpiegitura hau martxan jartzeko egin duten lana eta ahalegina eskertu nahi izan die; bere hitzetan, “datu hauek argi adierazten dute ospitalea dagoeneko erreferente sanitario bihurtu dela Debabarrena eskualdeko 75.000 biztanle baino gehiagorentzat. Hurrengo hilabeteetan ospitaleko zerbitzuak hedatzen jarraituko dugu pixkanaka, eta datorren urterako ospitalea erabat martxan egongo da”.

Zerbitzuen hedapen mailakatua ospitalizazioko 3 unitate martxan jarritakoan amaituko da; unitate horiek susperraldirako, errehabilitaziorako eta zainketa aringarrietarako izango dira, eta 20-24 ohe izango ditu bakoitzak, bai eta punta-puntako ekipamendua ere.

Eibar Ospitalea irekitzeko 31 milioi euroko inbertsioa egin da, 27 milioi obratan eta 4 ekipamenduan, eta urtero 7,3 milioi euroko aurrekontua izango du. Bertan 200 profesionaletik gora ari dira lanean, horietatik 97 lanpostu berrietan. Bere instalazioei esker punta-puntako eraikina da irisgarritasunari, teknologiari eta ekipamenduari dagokionez.