Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Quebec bisitatuko du aste honetan, kultura harremanak sendotzeko eta Montrealgo McGill Unibertsitatean Euskal Ikasketen inguruko katedra bat sustatzeko

Quebec_argazki.JPG

2018.eko apirilak 16

-          Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin batera, lurralde honetako kultura erakunde nagusien kudeaketa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

           

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Quebec bisitatuko dute aste honetan zehar, lurralde honekiko kultura harremanak sendotzeko asmoz. Quebeceko kultura erreferentzia nagusietako batzuk ezagutzeko aukera izango dute aste osoan zehar, bai eta Kultura ministroarekin biltzekoa ere. Bidaiaren helburu nagusietako bat Montrealgo McGill Unibertsitatearekin hitzarmen marko bat sinatzea da, epe laburrean Euskal Ikasketen katedra bat sustatzeko.

Bisita gaur bertan hasiko da Quebec hirian, lurralde frankofono honetako hiriburuan. Han Quebeceko Udako Jaialdiaren eta Arteen eta Letreen Kontseiluko Batzordearen ordezkariekin bilduko dira. Era berean, Zupiria eta Larraza Zibilizazioaren Museoa eta Arte Ederren Museoa bisitatuko dituzte. Biharko jardunaldiari dagokionez, hiriburuko beste zenbait kultura erreferentzia bisitatuko dituzte, tartean             Literaturaren Etxea eta Arkeologiaren Erreserba-Laborategia, han baitaude euskal baleontzien jardueraren aztarnak. Halaber, Quebeceko Kultura ministroa den Marie Monpetitekin bilduko dira bihar.

Asteazkenean Ottawa hirian jarraituko du programak, Quebeceko lurraldetik kanpo. Bertan, Canada Parks agentzia publikoko ordezkariekin biltzeko aukera izango dute, Kanadako ondare historikoa, giza ondarea eta ondare naturala kudeatzeaz arduratzen direnekin, alegia. Erakunde horren egitekoen artean dago Kanadako leku historikoak kudeatzea, tartean euskal baleazaleen legatuarekin lotura dutenak. Leku horietako bat da Red Bay euskal baleazaleen estazioa, Ternua eta Labrador probintzian kokatua eta 2013an Gizadiaren Ondare deklaratua. Gaur egun, itsaspeko ingurune arkeologiko preziatuenetako bat da Ipar Amerikan, eta bertan den interpretazio-zentroak baleazaleen historia azaltzen die bisitariei, ondare historikoa babestearren. Iñigo Urkullu Lehendakariak memorandum bat sinatu zuen azaroan Canada Parks-ekin, Euskadiren eta Kanadaren artean partekatutako historian sakontzeko helburuz. Gainera, asteazkenean, Kanadako Historia Museoaren kudeaketa zuzenetik ezagutzeko aukera izango dute.

Ostegunean, Quebeceko Montreal hirian jarraituko du bisitaldiak. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Dantza Garaikideko Eskolako arduradunekin bilduko dira, Dantzaren Agorarekin, eta Zirkuko Arteen Hiriarekin. Bestalde, egun horretan bertan, SODECeko (Kultur Negozioen Garapenerako Elkartea) nazioarteko harremanetako zuzendari Élaine Dumont-ekin bilduko dira.

Azkenik, ostiralean McGill Unibertsitatearekin hitzarmen marko bat sinatzeko momentua izango da, datozen hilabeteotan Euskal Ikasketen inguruko katedra bat ahalbidetzeko asmoz. Hitzarmena sinatzeko ekitaldiarekin batera, zenbait hitzaldi eta mintegi antolatuko dira; horietan Ipar Amerikako beste zenbait unibertsitatetako ordezkariak izango dira, baita Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendari Juan José Ibarretxe ere.