Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak azpimarratu du Euskaraldiak "akuilu bat" izan behar duela euskara administrazioan sustatzeko eta balio behar duela herritarren hizkuntza eskubideen bermean aurrera egiteko (Gobernu Bilera 2018-11-27)

2018.eko azaroak 27

 Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan gogoratu duenez, euskal erakundeak “oraindik ez dira gai, kasu guztietan, herritarrak hautatzen duten hizkuntzan erantzuteko”

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak bat egin du, bere gaurko saioan, Euskaraldia ekimenarekin. Lehendakariaren eta sailburuen bileraren ostean –ohi bezala, nagusiki euskaraz–, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu du Euskaraldiak “akuilu bat izan behar duela Administrazioarentzat” eta balio behar duela herritarren hizkuntza eskubideen bermean pauso berriak emateko. “Euskararen ezagutza eta erabilera euskal administrazioetan altua da, batez ere gazteen artean; hala ere, ditugun datuen arabera, oraindik ez gara gai kasu guztietan herritarrak hautatzen duten hizkuntzan erantzuteko. Hobetu beharra dago eta Euskaraldiak lagun diezaguke horretan”, adierazi du.

Zupiria sailburuak Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan hitz egin du, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu eta bozeramailearekin, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak V. Plangintzaldirako (2013-2017) Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko plan nagusiaren Amaierako Ebaluazioaren datuak ekarri ditu gogora. Ebaluazio honek 323 erakunde eta 38.000 langileren (86/1997 Dekretuaren eraginpeko administrazioko beharginak) hizkuntza-portaera eta -ezaugarriak neurtu zituen, 800 langileren lagina eta 203 erakundetako ordezkariren erantzunak jasoz. Horiek oinarri hartuta, azaldu du nondik joko duen Eusko Jaurlaritzak euskara euskal administrazioetan indartzeko.

Euskal administrazioen testuingurua

Ebaluazio honen arabera, herritarrekiko harremanari dagokienez, Administraziora idatziz jotzen duten herritarren % 30ek euskaraz edo elebitan egiten dute; eta kopuru hori handitu egiten da komunikazioa aurrez aurre gauzatzen denean (% 38,1raino) edo telefonoz denean (% 36,3raino). Txosten honek, halaber, argi erakutsi du aurrez aurreko elkarrizketetan eta telefono bidezko harremanetan eragin handia izan duela langileek erabilitako hizkuntza lehen hitza esatean. “Lehen hitza euskaraz beti esaten duten langileen kasuan, aurrez aurreko elkarrizketen % 48,3 euskaraz izan dira eta % 14,4 elebitan. Telefono bidezko harremanetan, datuak are altuagoak dira. Beraz, garrantzi handia dauka langileen portaerak, eta joera horiek aldatzeko ere lagungarria izan daiteke Euskaraldiak proposatu digun ariketa”, adierazi du.

Hala ere, Zupiriak onartu duenez, Administrazioa ez da beti gai izaten herritarrek hautatzen duten hizkuntzan erantzuteko. Idatzizko komunikazioen kasuan, haiek hautatako hizkuntzan erantzuten zaie kasu gehien-gehienetan, baina ez guztietan (10etatik 9tan; hortaz, euskal administrazioek hamarretatik bati gaztelaniaz erantzuten diote, nahiz eta euskara hautatu); aurrez aurreko harremanetan, herritarrak euskara aukeratzen duenean lau alditatik hirutan euskaraz erantzuten zaio (laurden bati gaztelaniaz erantzuten zaio, nahiz eta euskara aukeratu).

“Datuok erakusten digute euskal hiztunek euskara erabiltzen dutela administraziora jotzean, eta horrek esan nahi du herritarrek konfiantza daukatela Administrazioak euskaraz erantzuteko gai izango dela. Kontuan hartzen badugu zein den euskal hiztunen kopurua gure erkidegoan, erabilera datu hori altua da. Bestetik, datu hauen arabera, Administrazioak lanean jarraitu behar du herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko. Izan ere, Legearen arabera, herritarrek hizkuntza hautatzeko eskubidea daukate, eta Administrazioek hori errespetatzeko derrigortasuna”, azaldu du Zupiriak.

Langile publikoen arteko harremanei dagokienez, sailburuak adierazi duenez, alde nabarmena agertzen da idatzizkoaren eta ahozkoaren artean. Langileen idatzizko harremanetan gaztelaniak hartzen du indarra, baina ahozkoan lankideen artean herritarrekin baino gehiago erabiltzen da euskara. Langileen arteko bileren % 41,5 euskaraz edo elebitan egiten dira eta, ordezkari politikoak daudenean, bileren % 46,5 egiten dira euskaraz. Idatzizko barne komunikazioari dagokionez, agiri informalen % 39,5 egiten dira euskaraz edo elebitan eta, agiri ofizialen kasuan, % 55,3 egiten da euskaraz edo elebitan.

Hobetzeko tartea

Sailburuak nabarmendu duenez, bilakaera positiboa egon da euskal administrazioetan euskararen erabilerari dagokionez eta horrek, azpimarratu duenez, zerikusi zuzena dauka ezagutzan izan den jauziarekin. Gaur egun langileen  % 71k era bateko edo besteko hizkuntza gaitasuna dute eta, beraz, neurri handiagoan edo txikiagoan, prestatuta daude euskaraz ere lan egiteko. Kopuru hori 1990an askoz ere txikiagoa zen: % 23,5. Kopuru hori hizkuntza eskakizunen eraginaren gainetik dago, euskal administrazio ezberdinetako langile publiko guztien % 40,8ri ez baitzaio eskatzen inolako hizkuntza eskakizunik egiaztatzeko.   

Testuinguru horren aurrean, Sailburuak gogoratu du zeintzuk izango diren Jaurlaritzaren lehentasunak datozen urteotarako:

  • Euskara eskatzen duen lanpostu batean aritzen den langileak prest egon beharko du bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan lan egiteko, erabilera planetan ezarritakoaren arabera eta erakundeen laguntzarekin.
  • Administrazioek laguntza eman behar die euskaraz lan egingo duten langileei, langile horiek behar bezala treba daitezen
  • Euskarazko komunikazioak bultzatze aldera, barruan euskaraz lan egiteko zirkuituak bilatuko dira eta administrazioen arteko harremanetan euskararen erabilera sustatu nahi da.
  • Idatzizko komunikazioak ahaztu barik, ahozko komunikazioek izan behar dute lehentasuna plangintzaldi honetan.
  • Hizkuntza Ofizialak erabiltzeko irizpideak ezinbesteko gidari dira euskararen normalizaziorako, planaren helmuga eta pausoak zedarritzen baitituzte. Administrazioak ele bietan jardun dezan, behar-beharrezkoa da langile, atal eta sail bakoitzak jakitea zein egoeratan erabili behar dituen bi hizkuntza ofizialak.
  • Datozen urteotan hainbat gazte administrazioan sartuko direnez, protokoloak ezinbesteko tresnak izango dira horiek euskaraz era naturalean lan egin dezaten.
  • Kontratazio-organo guztiek nahitaez sartu behar dituzte kontratuak burutzean bete behar diren hizkuntza-baldintzak, eta neurriak hartu beharko dituzte kontuan hartzen ez badira.