Bilboko Arte Eder Museoaren ibilbide aitzindaria, berritzailea eta eredugarria nabarmendu du Lehendakariak

Argitalpen-data: 

  • Bilboko Museoaren Alfabetoa erakusketaren inaugurazioan izan da Lehendakaria
  • Lehendakariak ziurtatu duenez “gure Herriaren arima da kultura, eta dugun aktibo onena gu munduan ezagutzera emateko”

Iñigo Urkullu Lehendakaria gaur goizean izan da Bilboko Arte Eder Museoko ABC Bilboko Museoaren Alfabetoa / El Alfabeto del Museo de Bilbao erakusketaren inaugurazioan eta bertako 1-31 aretoen berrinaugurazioan. Museoak bere 110. urteurrena dela-eta aurkeztu du erakusketa, hain zuzen ere, berrituak izan diren aretoetan ezarri dute.

Bilboko Arte Eder Museoaren ibilbide aitzindaria, berritzailea eta eredugarria nabarmendu du Lehendakariak. Hala, azpimarratu duenez, Museo aitzindaria da “lankidetza publiko-pribatuan”, gizartearen ekarpenekin, legatuekin eta dohaintzekin eratu eta osatu baitu bere bilduma. Bestalde, gaineratu du, Museo berritzailea da “prestakuntza praktikoan” eta “internazionalizazioan”. “Museoak apustu egin du euskal artea bultzatzearen alde. Hala, euskal sortzaileen obra bere testuinguruan erakutsi eta bere balioa nabarmendu du, kontuan izanik nazioartean ospe handia duten sortzaileak direla batzuk”, adierazi du Lehendakariak.

Bestalde, Lehendakariak azpimarratu duenez, Museoa lehen mailako protagonista kulturala izaten jarraitzeko bokazioarekin ari zaie aurre egiten garai berri hauei, “bere espiritu berritzailea berreskuratuz eta bide sortzaile berriak jorratuz”, gaineratu du.

Bere jarduna amaitzeko, kulturak Euskadirentzat duen garrantzia aipatu du Lehendakariak. “Gure Herriaren arima da kultura, eta dugun aktibo onena gu munduan ezagutzera emateko”, adierazi du.

Bilboko Arte Eder Museoa

1908an sortu zenetik gaurdaino kalitate handiko bilduma eratu du; XIII. eta XX. mende bitarteko kronologia nagusiarekin eta 14.000 artelan baino gehiagorekin (1.621 pintura, 489 eskultura, dekorazio-arteetako 884 pieza, 11.152 obra paper gainean eta 3.000 obra inguru gordailuan).

Azken hilabeteetan museoko eraikin zaharra deitutakoaren barrualdean berritze-lan handiak egin dira, Luis María Uriarte arkitektoak zuzenduta. Berrikuntza museografikoan, museoaren jatorrizko izaera arkitektonikoa mantendu nahi izan da. Gainera, esan beharra dago berritze-lanen xedea erakundearen funtsezko betebeharretako bati buruzko hausnarketa batean oinarritu dela: "Bilboko Arte Eder Museoaren bilduma osatzen duten arte zaharra, modernoa eta garaikidea ikusgai jartzea.”