Bi ertzain saritu dituzte Emakumezko polizientzako II. sari nazionalekin

DSC_0089.JPG

2018-02-26

Saria Madrilen jaso zuten, Ertzaintzak stand batekin parte hartu duen SICUR azokaren esparruan

Ertzaintzako intendente bat eta agente bat saritu dituzte Emakumezko polizientzako II. sari nazionalekin, joan den astean Madrilen SICUR 2018 azokaren barruan garatu den ekitaldi batean. Victoria de Jesús Landa intendenteak ibilbide profesionalaren plaka jaso zuen eta Ruth Ortega agenteak polizia-merezimenduaren domina. Estatuko Udaltzaingoetako agintariak biltzen dituen Unijepol elkarteak antolatu zuen jardunaldia.

“Emakumezko polizien I. topaketa nazionalaren” barruan, joan den ostiralean Emakumezko polizientzako II. sari nazionalak eman zituzten Madrilen. Sari horiek, “ibilbide profesionalaren plaka” eta “polizia-merezimenduaren domina” kategorietan, Victoria de Jesús Landa intendenteari eta Ruth Ortega agenteari eman zizkioten, hurrenez hurren. Joan den astean IFEMA azoka-eremuan garatu zen SICUR segurtasunaren nazioarteko azokaren esparruan egin zen ekitaldia.

Landa intendentea Vitoria-Gasteizko Ertzain-etxeko burua da gaur egun, eta Ertzaintzaren barruan gradurik handiena duen emakumea da. Bere ibilbide profesionala 34 urtekoa da eta bere espediente profesionalean ditu, beste zenbait merezimenduren artean, Euskal Autonomia Erkidegoan 2014. urtean Munduko saskibaloi-koparako segurtasun-plana antolatzeagatik emandako zorionak. Halaber, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetzan jarduten du, igoera-ikastaroetan lidergo-ereduari buruzko gaia irakasten, eta “Agintaritza eta kontrola kudeatzeko mahai teknikoa” koordinatzen du. Bere ibilbide profesionala herritarren babesaren esparruari lotuta dago batik bat. Saria jaso ondoren, Landak Ertzaintzako emakume guztiei hedatu nahi izan zien, “erakundearen barruan urte eta urteetan egin duten lana ezagutzen dielako”.

Bestalde, Ruth Ortega agenteak, duela 26 urte ertzain egin zenak, bederatzi urte daramatza Bilbaoko Ertzain-etxeko familia-indarkeriaren eta genero-indarkeriaren taldean. Unijepolen iritziz, biktimak artatzen izan duen dedikazioak, portaerak eta jarrerak mereziarazi diote saria. Ortegak boluntario gisa parte hartzen du “Prebentzioa Komunikazioaren bitartez landuz” programan, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetzan jarduten du Psikologiako graduko praktikak garatzen. Eskerrak eman ditu sariagatik eta nabarmendu du “genero-indarkeriaren problematika ikusarazteko ematen duen aukera”. Aldi berean, merezimendua Bilbaoko bere lantalde osoari hedatu dio, “erakusten duten dedikazioagatik eta inplikazioagatik”

Emakumezko polizien topaketaren esparruan, halaber, Ertzaintzako ofizial eta ENPko —European Network Policewoman— ordezkari Arantza Monterok “Emakumeen pentsamoldea eta polizia” gaiari buruzko mahai-inguru batean parte hartu zuen. Monterok zertzelada laburra egin zuen zenbait gai azaltzeko: emakumea Ertzaintzan, egindako ibilbidea eta sortutako erakundeak, urte honetarako aurreikusitako jarduerak eta emakumezko polizien egungo egoera.

Ertzaintza SICUR azokan. Berrikuntzak herritarren babesean

Ertzaintzak SICUR azokan zuen presentzia zenbait agenteren ardurapeko stand batean hezurmamitu zen. Bere jarduerari lotutako material berritzaileak zeuden erakusgai, besteak beste Bizkor taldeen (Prebentzioko eta Berehala Erantzuteko Patruilak) dotazio oso bat. Bertan ikus zitekeen guztiz ekipatutako agente talde bat eta baliabide-dotazioa oso-osorik erakusten zuen furgoneta bat.

Standean erakusgai zeuden, halaber, Esku-hartzeko ekintza-taldearen armak, eta Ertzaintzak segurtasunarekin erlazionatutako Europako berrikuntza-proiektuetan parte hartzea azaltzen duten materialak.

Euskal poliziaren presentzia baliabideen esku-hartzearekin osatu zen. Esate baterako, Ertzainor Unitateko kideek bere lanaren erakustaldia egin zuten bertan bildu zen jendearen aurrean.

Minutuko isilunea

Joan den ostegunean Bilbaon izandako gertaera larrien berri izan ondoren, Brigada Mugikorreko Inocencio Alonso agentearen heriotza zela-eta, Ertzaintzaren standak kontzentrazio isila egin zuen haren oroitzapenetan. Kontzentrazioan beste instituzio eta polizia-erakunde batzuetako ordezkariek eta SICUR azokaren antolakuntzako arduradunek parte hartu zuten.