Berrogeita hamar motozalek parte hartuko dute bihar Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Los Arcoseko zirkuituan antolatu duten bide-segurtasuneko ekintzan

Argitalpen-data: 

Aurten 13 motozale hil dira Euskadiko errepideetan, eta 3 Nafarroakoetan

Zilindrada ertaineko eta handiko motorrak gidatzen dituzten 50 motozalek parte hartuko dute datorren ostiralean, urriaren 12an, Los Arcoseko zirkuituan egingo den bide-segurtasuneko ekintza bateratuan. Ekintzaren helburua da segurtasunez gidatzeko ohitura batzuk sustatzea oinezkoekin eta txirrindulariekin batera ahulena den kolektiboetako batean. Prestakuntza-ekintza Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatu dute Unión de Moteros Europeos sozietatearen bitartez, trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan lankidetzan jarduteko Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak orain dela bi urte izenpetu zuten lankidetza-protokoloaren baitan.

 

 

Ekimenaren baitan motozikletak segurtasun handiagoz gidatzera bideratutako hainbat ariketa egingo dira. Bertan parte hartuko dutenek oinarrizko kontzeptu praktiko batzuk ikasiko dituzte, hala nola, motozikleta kontrolatzeko eta menderatzeko teknikak, frenatzeko modu ezberdinak, hiriko eta hiriarteko trafikoan izan behar duten posizionamendua edo egoeran araberako trazadura. Era berean, azken belaunaldiko segurtasun pasiboko ekipoak erakutsiko zaizkie, besteak beste, airbaga duten eta istripua izanez gero lesioak izateko arriskua nabarmen murrizten duten motozaleentzako jantziak.

 

            Prestakuntza-saioan Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuera eta Nafarroako Gobernuko Trafiko eta Bide Segurtasuneko buru Eugenio Vila izango dira, eta zilindrada ertaineko eta handiko motorrak gidatzen dituzten 50 motozalek hartuko dute parte bertan. Bi txanda izango dira: batzuek goizez egingo dute saioa, 9:00etatik 13:00etara, eta besteek arratsaldez, 15:00etatik 19:00etara. Segurtasunez gidatzeko zirkuituko praktika 11:30ean eta 17:30ean egingo da.

 

Ekitaldi hau antolatu da, batetik, bi administrazioak kezkatuta daudelako gora egiten ari delako errepideetan hildako eta zauritutako motozale-kopurua, eta, bestetik, txirrindulariekin, 65 urtetik gorakoekin, 14 urtetik beherakoekin eta oinezkoekin batera, arrisku-taldeetako bat delako.

 

Aurtengo urriaren 8ra arte guztira 13 motozale hil dira Euskadiko errepideetan (5 Gipuzkoan, 5 Bizkaian eta 3 Araban) eta 3 Nafarroakoetan.

 

Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak 2016an izenpetu zuten lankidetza-protokoloan jasotako gaietako bat.

 

 

 

*Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariaren zein Eugenio Vila Nafarroako Gobernuko Trafiko eta Bide Segurtasunaren arduradunaren adierazpenak jaso eta argazkiak ateratzeko aukera izango dute hedabideek, bihar, urriak 12, 11:15ean, Los Arcosko zirkuituan.