Atzerriko hizkuntzako elkarrizketa-laguntzaileek aste honetan ekingo diote ikasgeletako lanari

Elkarrizketa laguntzaile iritsi berriek formazio saioa izan dute gaur Barakaldoko HEOean

2018.eko urriak 03

  • Ikasleen artean atzerriko hizkuntzetan ahozkotasuna lantzea dute zeregin nagusi
  • Prestakuntza-saioetan parte hartu dute gaur goizez Barakaldoko Hezkuntza Eskola Ofizialean

Aurtengo ikasturte honetan Euskadin arituko diren Atzerriko hizkuntzako 162 elkarrizketa-laguntzailek aste honetan zehar ekingo diote ikasgeletako jardunari. Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko ikasleekin arituko dira lanean, baina haietako batzuek Hizkuntza Eskola Ofizialetako ikasleekin ere egingo dute lan. Horrela bada, Euskadiko 140 ikastetxe publiko inguruk izango dute laguntzaileren bat, ikasturte honetan.

Baina, ikasgeletan euren egitekoari ekin aurretik, prestakuntza-jardunaldi batean hartu dute parte gaur goiz osoan gazteok Barakaldoko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Saio horietan, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariaren agurra eta aurkezpenaren ondoren, orientazioa jaso dute elkarrizketa-eskolak planifikatu eta prestatzeko. Era berean, ahozkotasuna lantzeko tailerrean nahiz euskal kulturara eta hizkuntzara hurbiltzeko saioetan ere parte hartu dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan ikasturte honetan lan egingo duten elkarrizketa-laguntzaileetatik %84 inguru Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatu ditu, eta gainerako %16 Hezkuntza Ministerioaren kupoari dagozkio. Kasu guztietan, ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo errusiera hitz egiten duten herrialdeetako bertako pertsonak dira. Hizkuntzen arabera, honela daude banatuta:

  • Ingelesean, 141 elkarrizketa-laguntzaile
  • Frantsesean, 14 elkarrizketa-laguntzaile
  • Alemanean, 5 elkarrizketa-laguntzaile
  • Italieran, elkarrizketa-laguntzaile 1
  • Errusieran, elkarrizketa-laguntzaile 1

Euskal Autonomia Erkidegoan, honako herrialde hauetako elkarrizketa-laguntzaileak jaso ditugu aurten: Alemania, Australia, Austria, Belgika, Herbehereak, Kanada, Erresuma Batua, Errusia, Estatu Batuak, Filipinak, Finlandia, Frantzia, Irlanda, Italia, Maroko, Norvegia, Zeelanda Berria eta Suedia.

Ahozkotasuna indartzea

Elkarrizketa-laguntzailea graduatu berria edo azken ikasturteko unibertsitate-ikaslea izan ohi da bere jatorrizko herrialdean. Ez zaio irakasle titular baten erantzukizunik esleitzen laguntzaileari. Hortaz, ez da irakaskuntzan bera bakarrik aritzen. Elkarrizketa-laguntzaileek irakasleei laguntzen diete atzerriko hizkuntzako eskoletan, eta euren berariazko eginkizunek, batik bat, ikasleen ahozko trebetasunak indartzea dute xede. Astean 12 orduz ematen dituzte eskolak, irakasle titularrak lagunduta, baina inoiz ez bakarrik.

Irakasleak koordinatuta eta gainbegiratuta, laguntzaileari, besteak beste, eginkizun hauek eman ahal izango zaizkio: elkarrizketako berariazko praktikak, irakasleen prestakuntza, hizkuntza eta kultura ikasteko materialak prestatzea edo euren herrialdeko kulturara hurbilketa.