Arasurko azpiegiturak azken txanpari aurre egingo dio datorren astean hasiko diren urbanizazio lanekin

IMG_1657.jpg

2018.eko uztailak 03

Inbertsioa, guztira, 11,01 milioi eurokoa izango da 

Erriberabeitia, 2018ko uztailaren 3a._ Arasurreko tren-plataformaren obrak —amaituta daude jada— eta laster hastekoak diren urbanizazio-lanen eremua ikustera joan dira gaur Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea, Pilar García de Salazar Arabako diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapeneko eta Lurralde Orekako arduraduna eta Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioko sailburuordea.

Iragan urteko azaroan amaitu ziren tren-bazterbidearen obrak; 5,28 milioi euroko inbertsio-aurrekontua izan dute, eta 15 hilabetean egin dira. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Portuko Agintaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten plataforma logistiko horretan Bilboko Portuaren tren-base operatibo bat instalatzeko, eta haren emaitza dira obra horiek.

Trenak hartzeko eta bidaltzeko bi trenbide ditu instalazioak, eta beste bi, berriz, kargatzeko eta deskargatzeko. 450 m luze dira lau trenbideak; bide-zabalera iberiarra dute, eta nazioarteko zabalerara aldatzeko aukera. Gainera, kargatzeko eta deskargatzeko maniobragune bat ere badago, merkantziak garraiatzeko modua errazago aldatzeko.

Aurtengo udan da amaitzekoa falta den obra: trenbide hil bat eraikitzea. Talgorekin sinatutako hitzarmenaren emaitza da lan hori. Itun horren arabera, baimena ematen du enpresa horrek bere linea erabiltzeko trenak ADIFen linea nagusira desbideratzeko eta, hartara, plataformara iristeko ( "Sare nagusirako sarbide" deritzo). Portuko Agintaritza bera ari da egiten trenbide hil horretako obrak, 0,91 milioi euroko inbertsio-aurrekontuarekin; lanak egiteko epea 9 hilabetekoa da. Honenbestez, ADIFeko linea nagusirako sarbide bakarra partekatuko dute bi enpresek lanak amaitzean.

Merkantzia-bazterbidea urbanizatzeko proiektuaren obrak, berriz, datorren astean hasiko dira, eta Portuko Agintaritzak ordainduko ditu. 4,82 milioi eurokoa da obren esleipen-aurrekontua; haiek egiteko epea, berriz, 10 hilabetekoa. Lan hauek egingo dira: alde batetik, merkantzia-bazterbidearen ondoko biltegiratze-eremua —40.000 m² ingurukoa— eta plataformara iristeko bidea —120 bat metrokoa— urbanizatzeko obrak.

Bestetik, 300 m²-ko gerentzia-eraikin bat egingo da 150 m²-ko bi solairutan banatua, eta merkantziak biltegiratzeko nabe bat, 500 m² ingurukoa, 20 metro zabal eta 25 metro luze izango dena eta aurrerago handitu litekeena behar izanez gero.

Hau da lan horien xedea: Bilboko Portuaren Arasurreko merkantzia-bazterbidea baliagarri izatea plataforma horren eragin logistikoko eremutik iristen den merkantzia biltegiratzeko eta anezka-motako trenen bidez bidaltzeko Bizkaiko Portura, ordutegi finkoekin eta aurrez finkatutako osaeraren arabera.

Kalkuluen arabera, 6,3 milioi tona esportatzen edo inportatzen dira, errepidez edo Bilbokoa ez den beste portu batzuen bidez, Arabatik eta Arabara eta handik hurbilen dauden Errioxako eta Nafarroako eskualdeetatik eta haietara. 6,3 milioi tona horietatik, 2,2 Bilboko Portura bidal litezke Arasurreko tren-plataformarekin elkarlanean jardunez gero. Horrek, gainera, lehiatzeko abantailak emango lizkieke bidaltzaileei.