AMAren eraketarekin osatuta geratu da Euskadiko mugikortasunaren erakunde egitura

AMA_1.jpg

2018.eko maiatzak 11

  • Arabako Mugikortasunaren Agintaritzak (AMA) bere lehenengo bilera egin du, lurraldeko garraio publikoaren erabiltzaile guztiei, BAT txartelaren kudeaketan prestazio berriez gozatzeko, sistemari garraio modu berriak gehitzeko eta bezeroaren arretarako bulegoetako kontsultak hobetzeko aukera emango dien lanerako plana identifikatuz.
  • Lurraldeko garraio alorreko lankidetzarako erakunde arteko organo berria gaur goizean eratu da modu ofizialean
  • Erakunde kide bakoitzak hiru ordezkari izango ditu, eta AFA izango da lehenengo urte honetan presidentzia bere gain izango duena.

Inplikatutako administrazio guztiek Lankidetzarako Hitzarmena sinatu ondoren, gaur goizean Arabako Mugikortasunaren Agintaritzaren (AMA), Lurraldeko garraio alorreko lankidetzarako erakunde arteko organoaren, lehengo bilera egin da.

Lanean hasi berri den Arabako Mugikortasunaren Agintaritza, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren esfortzuari eta horien arteko lankidetzari esker sortu da. Hainbat urte itxaron behar izan dira hori eratzea posible egin duen ezinbesteko bultzada politikoa emateko. Gaur, posible izan da Arabako garraio publikoa hobetzeko administrazio publikoen arteko lankidetzarako erakunde hau eratzea.

Gaur goizean egin den ekitaldiarekin amaiera eman zaio hasierako faseari, eta garraio publikoaren koordinazioan aurrerapausoak emateko aukera eskainiko duen beste bat hasi da, baliabideak hobetzeko, bikoiztasunak saihesteko eta lurralde eta gizarte mailako kohesio eraginkorragoa lortzeko. Garraio publikoko zerbitzuen eta azpiegituren plangintzan eta koordinazioan eragina duten erabakiak lankidetzarako erakunde berriaren barruan eztabaidatuko dira, eta akordioak ordezkatutako alde guztien aho bateko erabakiz hartuko dira, bakoitzak bere eskumenei eutsiko baitie.

Lehenengo bileran, lankidetzarako erakunde berriak bi erabaki garrantzitsu hartu ditu:

  1. BAT txartelaren egungo funtzioak eta beste batzuk, mugimendu historikoen kontsulta egitea edo asteko 7 egunetako 24 orduetan kargatzea (egungo puntu fisikoetara joan behar gabe), besteak beste, kudeatzeko aukera emango duen aplikazio mugikorra prestatzeko gestioei hasiera ematea.
  2. Vitoria-Gasteizko eta Arabako garraio publiko osoaren erabiltzailearen arretarako bulegoak zentralizatzeko aukera aztertzea.

Arabako Mugikortasunaren Agintaritzaren lanek, Euskadiko Garraioaren Agintaritzatik (EGA-ATE) bultzatutako Tarifen Integraziorako Sistemaren ezarpenean, Zerbitzuaren eraginkortasun handiagoan eta garraio publikorako inbertsioetan lehentasunak ezartzean egingo dute aurrera.

AMA kide hauek osatuko dute:

  • Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak:
    • Antonio Aiz, Garraio Sailburuordea.
    • Janire Bijuesca, Garraio Plangintza zuzendaria.
    • lmanol Leza, EuskoTreneko zuzendari nagusia.
  • Arabako Foru Aldundiaren ordezkariak:
    • Josu Lopez Ubierna, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio foru diputatua.
    • Mª Ángeles Gutiérrez, Garraio foru diputatua.
    • Juan Felipe Garcia Miravalles, Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismo foru zuzendaria.
  • Vitoria-Gasteizko Udalaren ordezkariak:
    • Itziar González, Vitoria-Gasteizko alkateordea eta Hirigintza eta Ogasun zinegotzia.
    • Iñaki Prusilla, Ingurumen zinegotzia.
    • Victor Garcia Hidalgo, Gizarte Saileko eta Udal Administrazioko koordinatzaile nagusia.

Erakundeen arteko lankidetzarako erakunde berriaren presidentzia Josu López Ubierna Arabako Lurraldeko Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio foru diputatuak hartuko du bere gain.

NFC BATen aplikazioa Araban

AMA, BAT txartelaren funtzionaltasunak hobetuko dituen sistema bereganatzeko gestioei hasiera emateko aukera baloratzen hasi da. Lurraldeen artean antzeko planteamenduari eusten jarraitzeko, etorkizunari begira interoperabilitatea bermatuz, ahalik eta eraginkortasun eta ekonomia handienarekin, eskema eta teknologia berberetan oinarritutako lurralde guztietako proiektuak aurrera eramatea beharrezkoa dela aitortzen du.

Horrela, lurraldeen parekotasun teknologikoan aurrera egiteko, eta, ahal den neurrian erabiltzaileei zerbitzu eta prestazio berberak emateko xedez, AMAren iritziz interesgarria da BGP-CTBk garatu duen aplikazioa, NFC BARIK izenekoa, BAT txartela telefono mugikorraren bitartez kargatzeko eta kontsultatzeko, bestelako ezein gailuren beharrik gabe.

Bezeroen Arretarako bulegoen zentralizazioa

AMAk hartutako beste erabakietako bat, Vitoria-Gasteizko eta Arabako garraio osorako arreta bulegoak zentralizatzeko aukeran aurrera egitea izan da, garraio publiko modu guztietarako zerbitzu integratua, homogeneoa eta erabilerraza eskaintzeko xedez.

Aztertzeko beste puntu bat, operadoreek dituzten informazio puntuen egungo egoera eta behar berrien balorazioa izango litzateke.

Horrela, herritarrek Arabako garraio publikoa zerbait bateratu gisa ikustea nabarmenduko litzateke, egin beharreko kudeaketak edo informazioaren bilaketa “sarbide” bakar batean erraztuz.