Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017

2018.eko irailak 26

  • Inkestako datuek Euskadiko Adikzio Planaren lehentasunak berresten dituzte
  • Substantzien kontsumoaz gainera, azterlanak jokoa eta Interneten erabilera ere aztertzen ditu

 

Jon Darpon Osasun sailburuak, gaur goizean, aldamenean Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria zuela, “Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017” txostenaren emaitzak eman ditu ezagutzera. Azterketan drogen eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuen kontsumoko jarraibideak eta prebalentzia, haien bilakaera, problematika horren inguruko herritarren iritzia eta abar analizatu dira. Beraz, Euskadin adikzioei aurre egiteko neurriak eta ekintzak diseinatzeko funtsezko tresna da.

Osasun sailburuak azaldu duen bezala, inkesta Euskadin bizi diren 15 eta 74 urte arteko 2.013 herritarrei etxez etxeko galdeketa eginez gauzatu da, % 95eko konfiantza-maila baterako % 2,18ko lagin-errorearekin.  Gainera, edizio honetan kontsumoetan genero-ikuspegia hartu da kontuan, datu zehatzagoak eskuratzeko asmoz.

Gaur ezagutzera eman den galdeketan legezko drogak —alkohola eta tabakoa— azaltzen dira Euskadin gehien kontsumitzen direnak bezala. Hala, Jon Darpon sailburuak adierazitakoaren arabera, azken hamabi hilabeteetan:

- Herritarren % 81,2k alkohola edan du eta % 25,9k erre egin du.

- % 15,4k psikofarmakoak hartu ditu.

- % 8,6k kalamua kontsumitu du eta % 1,9k legez kanpoko beste substantzia batzuk.

 

2017ko adikzioen gaineko inkestan ere ikus daiteke, psikofarmakoen kasuan ez beste guztietan prebalentziak handiagoak direla gizonen artean.  Substantziak kontsumitzen hasteko adinetan ez dago hainbeste alderik generoen artean. Euskaldunak 16 eta 17 urte bitartean hasten dira edaten eta/edo erretzen. Kalamua 18,6 urte inguru dutenean probatzen dute eta psikofarmakoak 40 urtetik aurrera.

Jon Darponek Adikzio Planaren lema ekarri du gogora: “Arriskuei aurre eginez, osasuna eraikiz”. Ildo horretatik nabarmendu du kontsumo-modalitateen zati handi bat egonkor mantentzen dela edo murriztu egiten dela ia substantzia guztietan, eta kontsumo batzuetako igoerek erakusten dutela Adikzio Legean eta Adikzio Planean ezarritako aurreikuspenak eta lehentasunak bide onetik doazela. Sailburuaren hitzen arabera: “lana dago oraindik egiteko, baina adierazi behar da Eusko Jaurlaritzaren eta udalen prebentzio-politikak ere emaitza onak izaten ari direla”.

Jokoa

Jokabidezko adikzioei dagokienez, “Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017” txostenaren arabera, EAEn jokoak gora egin du. Herritarren % 25,7k astero loterietan eta apustutan hartzen du parte, 2012an % 22,4k hartzen zuen bitartean. Loteriak eta kinielak dira, alde handiarekin, joko-mota zabalduenak. Ondoren, kirol-apustuak agertzen dira. Hauek dira, ordea, azken bost urteetan gehien hazi direnak. Arrisku-jokabideak dituztenen proportzioa mantendu egiten da: 2017an herritarren % 0,6  (2012an % 0,4). Gero eta pertsona gehiagok jokatzen duten arren, jokorako adikzio-arriskurik erakusten ez dutenen ehunekoa ere handitu egin da: 2017an % 23,7 (2012an % 19,8).

Internet

Azterketan ere ikusi da internet gero eta pertsona gehiagok erabiltzen duten arren (2012an % 72,9 erabiltzaile izatetik, 2017an % 85,1 izatera pasatu gara), Euskadiko biztanleen % 5ek baino ez du erakusten arrisku-erabilera edo erabilera problematikoa (2012an % 3k). Halaber, egiaztatu ahal izan da arrisku-erabilera edo erabilera problematiko hori emakumeen artean pixka bat handiagoa dela. Hala eta guztiz ere, erabilera problematikoko kategoria larriena pixka bat jaitsi egin da, 2012ko % 1,2tik iazko % 0,7ra. Inkestaren arabera, herritarren gehiengoak (% 80,1ek) internet arazorik gabe erabiltzen du eta % 14,9k ez du erabiltzen.  

Alkohola

Asteko egunaren arabera, alkoholaren kontsumoan alde handiak ikusi dira. Hala, lanegunetan herritarren % 66,5ek abstemioa dela aitortzen duen bitartean, asteburuetan kopuru hori % 33,7ra jaisten da. Bi kasuetan edaten ez duten emakumeak gizonak baino gehiago dira. Bestalde, gehiegizko kontsumoa edo arrisku-kontsumoa egiten dutenen proportzioa jaitsi egin dela egiaztatu da, bai astegunetan —2017an % 0,4, 2012an % 2,5—, bai asteburuetan —2017an % 8,1, 2012an % 11,3—.

15 eta 34 urte arteko gazteen artean “botiloia” egiten dutenen kopurua ez da asko aldatu.  Azken urtean % 35,2k noizbait egin du (2012an % 38,5ek). Hala ere, lehen aldiz asko jaitsi da astero botiloia egiten dutenen ehunekoa,  2012an % 5,1ek egiten zuen bitartean 2017an % 1,1ek egiten du.

Tabakoa

Maiatzean aurreratu genuen bezala, tabakoaren kontsumoa asko jaitsi da: Pertsona gutxiagok erretzen dute eta hauek gero eta zigarro gutxiago erretzen dituzte. 2008. urteaz geroztik, ohiko kontsumo tasa % 30,5etik 2017ko % 22,1era jaitsi da.  Azken 25 urteetako prebalentzia baxuena da. Gainera, erretzaile ez direnak jada % 75,3 izatera heldu dira. Generoaren arabera, gizonek (% 25,6) emakumeek (% 18,6) baino gehiago erretzen dute; eta adinaren arabera, 45-74 urte bitarteko pertsonek (% 28,2) 15-44 urte bitartekoek (% 20,5) baino gehiago.

Bestalde, “Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017” txostenaren edizio honetan, lehen aldiz, zigarro elektronikoaren kontsumoaren datua (% 6) jaso da.

Legez kanpoko drogak

Kalamuak jarraitzen du izaten EAEn gehien kontsumitutako legez kanpoko substantzia. Azken 12 hilabeteetan Euskadiko herritarren % 8,6k kontsumitu du, 2012an % 6,3k kontsumitu zuen bitartean; baina krisiaren aurreko zenbakietatik oso urrun (2006an herritarren % 14k erretzen zuen kalamua). 15 eta 24 urte bitarteko gazteek gehiago kontsumitzen dute (% 16,4) eta, batez ere, gizonek (% 8,8; emakumeen % 3,7k). Kontsumitzen hasteko adina 18 eta 19 urte artean mantendu da.

Legez kanpoko gainerako drogak oso minoritarioak dira. Herritarren % 1,9k dio azken urtean probatu dituela (2012an % 1,3k). Droga horien artean kokaina da gehien kontsumitutakoa: herritarren % 1,4k hartu zuen 2017an (2012an % 0,6k). Legez kanpoko droga horiek kontsumitzen hasteko adina 2017an 21 urte arte atzeratu da, 2012an 19,9 urterekin kontsumitzen hasten ziren bitartean.   

Psikofarmakoak

Hauen kontsumoaren prebalentziak gora egin duela egiaztatu da. 2017an herritarren % 30ek inoiz hartu dituela adierazi du (2012an % 22,4k). Azken urtean herritarren % 15,7k hartu ditu 2017ko datuen arabera (2012an % 12,4k). Azterketaren arabera, emakumeek gizonek baino gehiago kontsumitzen dituzte, adin-tarte guztietan.

Adikzioek suposatzen duten erronka garrantzitsuari aurre egiteko, Euskadin, batez ere prebentziora bideratuta dagoen Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko 1/2016 Legea dugu. Horretaz gain badugu Adikzioei buruzko Euskadiko VII. Plana. Bertan berrogeita hamar ekintza biltzen dira prebentzioaren, substantzien eta jarduera adiktiboen eskaintzaren murrizketaren, edo osasun-laguntzaren eta laguntza soziosanitarioaren arloetan, besteak beste. Hori guztia, aldundiek eta udalek gauzatzen dituzten planei gehitzen zaie. Gainera, azpimarratzekoa da Osakidetzako lehen mailako arretan egindako lana. Azken bost urteetan erretzeari utzi nahi zioten 18.800 pertsona baino gehiagok jo dute bertara. Hezkuntza esparruan, 7.000 ikasle baino gehiagok “Kerik gabeko gazteak” programan hartu dute parte eta 13.000 ikasle baino gehiagok “Drogak testatzeko programa” proiektuan 2017an. Proiektu horrek, “Adingabeak eta alkohola” programarekin batera, euskal gazteriaren artean adikzioen prebentzioaren gaiari heltzen dio.

Osasun Sailak, aipatutako erronkei aurre egiteko, bide horretan lanean jarraitzeko konpromiso irmoari eusten dio, guztion artean gizarte osasuntsuago bat eraikitzeko asmoz.