Zupiria: "Kanpotik gero eta gehiago ikusten gaituzte kulturan interesa dugun komunitate gisa"

2017.eko otsailak 24

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari elkarrizketa egin diote Radio Euskadin

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriaren ustez aldatu egin da Euskadiz nazioartean zegoen ikuspegia, eta jabetu dira kulturak “garrantzi handia” hartu duela “nazioarteko merkatuetan interesa sortzeko gai” den artista eta sortzaile talde bati esker. Horixe ziurtatu du gaur Euskadi Irratiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketan, eta Gobernu Kontseiluak gaur goizean bertan onartu duen Aurrekontuan bere sailaren ildo nagusiak zein diren ere gainbegiratu du.  

Berez, Eusko Legebiltzarrera jadanik igorri den agiri honek jasotzen duen helburuetako bat Euskadiko sortzaileei laguntzea da. Zupiriaren esanetan, erakundeen betebeharra da, eta, batez ere, Euskadik beste irudi bat ematea lortzen ari diren “trakzio-elementu kulturalak” dituen une honetan. “Kanpotik gero eta gehiago ikusten gaituzte kulturan interesa dugun komunitate gisa”, ziurtatu du sailburuak, eta bere babesa helarazi die “euskaldunon izena mundu osoan proiektatzen ari diren galeriei eta artistei”, hain zuzen ere, aste honetan bertan egiten ari diren bezala Arco 2017 Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokan.

Elkarrizketan sailburuak aipatu ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontuen beste ardatz nagusi batzuk ere, hala nola, ondarearen kontserbazioa eta irisgarritasuna eta hizkuntza eskakizunen berrikuspena Administrazio publikoarekin euskaraz komunikatu ahal izatea bermatzeko. Kirol-espezialitate ezberdinak nazioartean egotea sustatzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoaren berri ere eman du.  

Era berean, eta Eusko Legebiltzarrak EITB erreformatzeko egin duen planteamenduaren inguruan, Zupiriak azpimarratu du ereduaren berrikuspenaren azken helburua dela hedabide horrek “Euskadiko herritarrei zerbitzu publikoa eskaintzen” jarraitzea, eta euskara sustatzeko “motorra” izatea.