Udako trafiko-operazioa itxi da. Euskadin, Nazioarteko bidaiarien joan-etorriak % 2 gehitu diren arren, auto-ilarak zertxobait murriztu dira

Argitalpen-data: 

uda_operazioa.jpg

Udako operazioko azken asteburuan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren balantzea

Euskadi zeharkatu duten joan-etorriak % 2 inguru gehitu dira uztailean eta abuztuan. Hala ere, dentsitate handieneko puntuetan izan diren auto-ilarak joan den urtekoak baino zertxobait txikiagoak izan dira. Horretan eragina izan dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak hartu dituen neurriek.

“Mugaren bi aldeetako administrazio eskudunen arteko bilerak —azaldu du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak— positiboak izan dira udako egun hauetan euskal errepideetan izaten den joan-etorri kopuru handia kudeatzeko.Asteburu honetako daturik ez dugun arren, esan dezakegu bete direla Trafiko Zuzendaritzak ekainean egindako zenbatespenak, nazioarteko trafikoa % 2 handituko zela aurreikusten baitzen. Joan-etorrien kopuruan gehikuntza hori egon bada ere, auto-ilarak txikiagoak izan dira —auto-ilarak sortu diren egun kopuruan baino gehiago auto-ilaren intentsitatean—.Auto-ilarak gogaikarriak dira auto-ilararen parte direnentzat eta benetako kezka dira Zuzendaritza honentzat. Dena dela, nabarmendu behar da hartutako neurriek eta Frantziako agintariekin adostutako protokoloek emaitza positiboa izan dutela”.

Puntu gatazkatsuak eta auto-ilararik handienak

Araban, ohiko lekuetan izan diren auto-ilarak aurreko urteetan izandakoak baino zertxobait txikiagoak izan dira. AP-1 autobideko Etxabarri-Ibiñako ordainlekuan, N-622 errepiderako irteeran, Vitoria-Gasteizerako noranzkoan, 4 kilometroko auto-ilarak izan ziren uztailaren 29an, larunbatean. Joan den urteko egunen batean, berriz, auto-ilarak ia 10 kilometrora artekoak izan ziren.

Puntu zehatz horretan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen-dispositiboa ezartzen du: konoak jartzen ditu N-622 errepidean, AP-1 autobidearekiko elkargunean (8. puntu kilometrikoan), eta ia A-1 errepidera arte (6. puntu kilometrikora arte). Hartara, AP-1 autobidetik datorren trafiko-fluxu handia abiadura jarraituan sar daiteke N-622 errepidean, auto-ilarak sortzen dituzten geldialdiak egin behar izan gabe.

Irteera-operazioko auto-ilararik aipagarriena uztailaren 28an, ostiralean, izan zen, A-1 errepidetik AP-1 autobidera sartzeko puntuan, Armiñonen Madrilerako noranzkoan. Egun horretan, gehienez 5 kilometroko auto-ilarak izan ziren, abuztuaren 5ean, larunbatean, bezalaxe.

Itzulera-operazioan, 6 kilometrora arteko auto-ilarak ere izan ziren, abuztuaren 18ko arratsaldean, A-1 errepidearen eta N-622 errepidearen arteko lotunean, Irungo noranzkoan, betiere AP-1 autobidera sartzeko.

Bizkaian, Bilbaoren eta Kantabriako kostaldearen artean, batez ere, izaten da zirkulaziorik handia, eta, nagusiki, asteburuetan. Aurten irteerako zirkulazioa, ekainean, % 2,77 gehitu da, eta uztailean eta abuztuan, aldiz, jaitsi egin da (% 1,69 eta % 0,40 hurrenez hurren). Tokiko joan-etorriko zona bat da, eta trafikoa asko aldatzen da eguraldi-aurreikuspenen arabera.

Irteera-operazioan, auto-ilarak sortu ziren ostiral batzuetan, eta garrantzizkoena, 15 kilometro artekoa, uztailaren 7an gertatu zen, Kantabrian izan zen istripu baten ondorioz eta Muskizko zubian izandako matxura baten eraginez. Uztailaren 28an, arratsaldean, ia 10 kilometrora arteko auto-ilarak izan ziren.

Itzulerako trafikoan, berriz, auto-ilarak Kantabriako zonan izan dira. Egunik gatazkatsuena uztailaren 31 izan zen. Kamioi batek sua hartu zuen Saltacaballosen, eta trafikoa eten behar izan zuten Bilbaorako noranzkoan. 25 kilometrora arteko auto-ilarak sortu ziren Kantabrian.

Kontuan izan behar da, Eibar eta Vitoria-Gasteiz arteko AP-1 errepidea ireki zutenetik, Frantziatik datorren ibilbide luzeko trafikoa ez dela Bizkaitik pasatzen. Horrenbestez, nazioarteko joan-etorriek ez dute hainbesteko garrantzirik Lurralde Historiko horretan.

Gipuzkoan, Biriatuko ordainlekua izan da punturik gatazkatsuena, beste urte batzuetan bezalaxe. Dena dela, bertan auto-ilarak zertxobait txikiagoak izan dira 2016ko auto-ilarekin alderatuta.

Irteera-operazioan egunik gorabeheratsuenak uztaileko azken astekoak eta abuztuko lehen astekoak izan ziren. Zehazki, uztailaren 29an, larunbatean, AP-8 autobideko Irungo ordainlekuan, 7,5 kilometrora arteko auto-ilarak izan ziren.

Auto-ilararik handiena, 15 kilometrokoa, Eibar parean izan zen, AP-8 eta AP-1 autobideen arteko elkargunean, abuztuaren 5ean, larunbatean.

AP-8 eta AP-1 autobideko zerbitzuguneak gainezka egon dira une jakin batzuetan, eta Ertzaintza arduratu da une oro zerbitzuguneetako sarbideetako trafikoa erregulatzeaz, ibilgailuen metaketak bide nagusiko trafikoa eragotz ez zezan.

Itzulera-operazioari dagokionez, uda honetan ikusi da joan den urteko abuztuaren bigarren hamabostaldian baino mailakatuagoa izan dela itzulera. Dentsitatea zerbait banatuago egon da astearen barruan. Aldi horretan, oporretatik itzultzen diren ibilgailuei gehitu behar zaie Frantziako noranzkoan zirkulatzen duten ibilgailu astunen trafikoa. Auto-ilararik handiena, 13 kilometrokoa, abuztuaren 18an, ostiralean, izan zen. Egun horretan, bat egin zuten nazioarteko trafiko handiak eta Frantziako poliziaren kontrolek, Kataluniako atentatuaren ondoriozkoek.

Ezbeharrak: istripu gutxiago

Uda honetan murriztu egin da guztira izan den trafiko-istripuen kopurua, baita biktimak eragin dituzten istripuen kopurua ere. Edonola ere, gehitu egin da hildakoen kopurua, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.

Ertzaintzak 1.122 trafiko-istripu erregistratu ditu uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte, joan den urtean aldi horretan erregistratutakoak baino 153 gutxiago. 383 istriputan biktimak izan dira (5 pertsona hil da, 48 larri zauritu da) eta 739 istriputan kalte materialak besterik ez dira izan. 2016ko uztailean eta abuztuan, 1.275 istripu izan zen (407 istriputan biktimak izan ziren eta 868 istriputan ez zen biktimarik izan), 3 hildako eta 42 larri zauritu izan zen. Udako trafiko-istripuetan izan den heriotzen gorakada ez da zuzenean lotzen oporretako irteera edo itzulera operazioaren inguruabarrekin. Uztailean eta abuztuan, trafiko-istripuen ondoriozko hildako gehien Gipuzkoan izan da, 4 hildako [horietako 3 hiri-errepideetan edo bigarren mailakoetan izan dira, eta bestea AP-8 autobidean, Orio parean, izan den harrapaketa baten ondoriozkoa]. 2016ko udan, aldiz, hildako bakarra izan zen.

Lurralde Historikoen arabera, istripu kopuruen murrizketarik handiena Gipuzkoan izan da (466 istripu, 2016ko uztailean eta abuztuan baino 155 gutxiago). Araban eta Bizkaian, istripuen kopurua joan den urteko uztaileko eta abuztuko kopuruen antzekoa da: 240 istripu Araban (2016an baino 1 gutxiago) eta hildakorik gabe, eta 416 istripu Bizkaian (2016an baino 3 gehiago), hildako bakarrarekin, Mundakan autoa errepidetik irten ondoren gertatutakoa.