Trenaren ordezko garraio zerbitzua Autobusez Ermua eta Zaldibar artean, Ermuko geltokiaren lanak direla eta

estacion_ermua.jpg

2017.eko urtarrilak 19

Ermuko geltokiko lanak direla eta, larunbat honetan, urtarrilaren 21ean, eten egingo da trenbideko zirkulazioa Zaldibarko geralekuaren eta Ermuko terminalaren artean. Dena den, zerbitzua autobusen bitartez eskainiko da.

Programatutako mozketaren zergati zehatza, Zaldibarko Eitzaga auzoan azpialdeko igarobidea egin beharra da, Ermuko trenbide saihesbidearen tuneleko mendebaldeko ahokadura egin ahal izateko. Ordezko autobus zerbitzua egunez zein gauez eskainiko da, larunbat gaua ere barne hartuko baitu. Horrela, Bilboko noranzkoan doazen pertsonek, Ermura heltzean, trenetik jaitsi eta Zaldibarrera eramango dituen autobusa hartuko dute, eta Zaldibartik aurrera trenez jarraituko dute. Donostiako noranzkoan doazen pertsonek, berriz, Zaldibarrera heltzean, trenetik jaitsi eta euren jomugara eramango dituen autobusa hartuko dute. Autobusen geralekuak Ermuko Deportes Jator ondoan eta Zaldibarko Euskotrenen geraleku ondoan egongo dira.

Mozketa puntual hori Ermuko trenbide saihesbidearen lanen barruan sartzen da. Lanek 21 milioi euroko aurrekontua dute, eta 28 hilabete beharko dira lanak amaitzeko. Trazatu berriak 1.500 metroko luzera du, eta trenbide bikoitza izango du. Sarrera Eitzaga inguruan izango du, eta ia osorik joango da tunel barruko trazatua duen saihesbidetik (1.025 metroko luzerakoa), Ermuko sarreraraino. Gune horretan, N-634 errepidea gurutzatuko du 40 metroko luzerako bide-zubi baten bitartez, geltoki berrira iritsi aurretik. Ondoren, egungo trenbidearekin bat egingo du berriro, Izelaieta kaleko azpialdeko igarobidearen aurretik. Jarduketa horri esker, Oletxeko trenbide-pasagunea kendu ahal izango da.

Ermuko geltoki berriari dagokionez, egungo geltokiaren ondoan dagoen azpialdeko igarobidearen ondoan egongo da, eta Valdespinako parkearen eta N-634 errepidearen ondoko plazaren arteko zeharkako lotura egiteko aukera emango du. Ataria trenbidearen plataformaren azpian izango duen geltokia da, eta sarbidea, beherago egongo den kaleko kotatik izango du, zabalera aldakorra eta 80 metroko luzera erabilgarria duen erdialdeko nasara helduz, eskailera finkoaren eta igogailuaren bitartez. Obren barruan maniobratarako mahuka bat eraikiko da tunel barruan, geltokitik gertuen dagoen aldean.