Tapia sailburuak Enpresa Kultura Berriaren inguruan Adegik sustatutako tapaketan parte hartu du

2017.eko urtarrilak 13

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak parte hartu du gaur Adegik “Enpresa Kultura Berria”ri buruz antolatu duen topaketan, Donostiako Tabakalera eraikinean. Tapiak berriro azpimarratu du kudeaketa-eredu aurreratu batean urratsak egiteak zer nolako garrantzia duen, eta, aldi berean, helburu hori erdiesteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskaini die enpresei. “Zuek zarete egunero arraunean egiten duzuenok, eta norabidea erabakitzen duzue; gu laguntza eskaintzen duen zodiaka baino ez gara”.

Hirugarren urtea da Gipuzkoako patronalak estrategia honetan jarraitzen duena, langileek enpresan parte hartzeko bideak zabaltzeko helburua duen kultura berri baten alde. Ekitaldian Tapia sailburuak hitz egin du, eta, bere iritziz, “XXI. mendeko enpresak XXI. mendeko kudeaketa-ereduak behar ditu", egungo sasoi ekonomikoetara egokituak, “garai ziurtasun gabeak baitira”. Gogora ekarri duenez, norabide horretatik jotzen du hain zuzen Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategiak, hiru harroinetan sostengaturik: kudeaketa, lehiakortasuna eta pertsonak.

Tapiak berriki abiatu den legealdiaren helburuak ere aipatu ditu; hala nola, enpresa txiki eta ertainetara nola iritsi, digitalizazioa langileen prestakuntzaren ikuspegitik begiratua eta enpresek ingurumen berrira egokitzeko duten ahalmena.