Segurtasun Sailak azken urtean erretiroa hartu duten edo hil diren 200 ertzainetik gora omendu ditu

01.JPG

2017.eko urriak 07

Iurretan egin den ekitaldiaren buru Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak aurten erretiroa hartu duten 200 ertzainetik gora eta aurten hildako ertzainen familiak omendu ditu. Sailburuarekin batera bertan izan dira Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondo eta Ertzaintzako buru Jorge Aldekoa, eta Segurtasun Saileko ordezkariak eta Ertzaintzako agintariak. Iurretan egin den ekitaldian plaka/oroigarriak, Ertzaintzako kide izatearen bereizgarriak, eman zaizkie omenaldian parte hartu duten ehun pertsona ingururi.  

Hirugarren urtez jarraian egin da Iurretako egoitzan azken urtean hildako ertzainen familiei eta erretiroa hartu duten ertzainei plaka/oroigarriak emateko ekitaldia, euskal gizartearen zerbitzura Ertzaintzan egindako lana eta arduraldia eskertzeko.

Segurtasuneko sailburuordeak 2015eko martxoaren 13an onartu zuen plaka/oroigarriak ematea arautzeko ebazpena, Ertzaintzan egindako lana eta izandako arduraldia gogoratzeko eta balioesteko.

Iurretan egindako ekitaldian, Ertzaintzako buru Jorge Aldekoak, Herritarren Babeserako Ataleko buru Josu Bujandak, Inteligentzia Kriminaleko Alorreko buru José María Iurrebasok eta Inteligentzia Bulego Nagusiko buru Jon Zearsorok eman diete plaka/oroigarria erretiroa hartzeagatik, adinagatik, osasun-arrazoiengatik edo antzeko beste kausa batzuengatik zerbitzu aktiboa utzi duten ehun ertzainei. Omendutako ertzainekin batera izan dira Ertzaintzako lurraldeetako buruak eta unitateetako buruak. Omenduek Ertzaintzaren 80. urteurrenaren oroimeneko irudia ere jaso dute –iaz bete zituen Ertzaintzak 80 urteak–.

Ondoren, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak 2016an hildako ertzainen zazpi familiei eman dizkie plaka/oroigarriak. Familia horiek agurtu dituzte, halaber, segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak, Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondok eta Ertzaintzako buru Jorge Aldekoak.

“Ez dut ezer askorik esaten Euskadiko segurtasun publikoari eta Ertzaintzaren beraren garapenari, bakoitzak bere konpromisotik eta profesionaltasunetik, guztiok egin diezuen ekarpenaz oso harro gaudela esaten badut”, azpimarratu du Segurtasuneko sailburuak, belaunaldiaren lekukoa hartuko duten 26. Promozioko izangaiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian laster sartuko direla esan ondoren.  

“Ez daukat zalantzarik etorkizunaren ispilu izan zaretela haientzat, Ertzaintzaren eta Miñoien uniformeek gure gizartean duten esanahiaren konpromisoaren eredu.  Zenbaitetan, segur aski, jakinaren gainean edo oharkabean, agian haien mentore zuzenak ere izan zarete, edota euren asmoen erreferentzia", adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arduradunak.  

Ertzaintzaren promozioei buruzko bideo batek eta Ertzaintzaren Musika Bandaren boskoteak eratu dute aurten erretiroa hartu duten edo hil diren ertzainak omendu dituen ekitaldiaren haria. Bertan omenduekin batera izan dira omenduen familiak, lankideak, sindikatuen ordezkariak eta Adepyr elkarteko (Ertzain Pentsiodun eta Erretiratuen Elkartea) ordezkariak.