Pazientearen Segurtasun Estrategia 2013-2016k hobekuntza nabarmenak ekarri ditu, besteak beste, pazienteen identifikazio-akatsak % 50 murriztea edo osasun-arretari lotutako infekzioen beherakada

2017.eko ekainak 07

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gaur, Pazientearen Segurtasunaren Estrategiaren ebaluazio-txostena aurkeztu du Legebiltzarrean; bertan, aurrerapen garrantzitsuak egiaztatzen dira

 

  

Osakidetzan Pazientearen Segurtasunaren Estrategia 2013-2016aren  ondoriozko lorpen nagusietako batzuk honako hauek dira: % 50 murriztea pazientearen identifikazioaren akatsak, Osakidetzako ospitaleen % 100ean jartzen den eskumuturrekoaren bidez; osasun-arretari lotutako infekzioen beherakada; edo kirofanoetako segurtasunaren errefortzua. Pazientearen Segurtasunaren Estrategia 2013-2016 eremu honetan ezarritako lehen dokumentu globala da, jardun-eremu nagusiak hartzen dituena.  Hori ondorioztatzen da Estrategia horretatik. Estrategia gaur aurkeztu dute Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Enrique Peiró doktoreak, Osakidetzako Osasun Publikoko eta Segurtasuneko Programen arduradunak, Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordearen aurrean, Batzordeak hala eskatuta.

 

Estrategiaren helburu nagusia da –estrategiaren kudeaketa, ezarpena eta zabalkundea UNE 179003 ziurtagiriaren bidez aitortu dira– osasun-zentro guztietan eta laguntza-mailetan koordinatuta eta sarean lan egitea eta, horretarako, jakintza eta jokabide egokiak partekatzea, pazienteen segurtasuna bermatzeko. Sailburuak esan bezala, Osakidetzaren programa lan-talde ugari du oinarri, zeinetan 300 profesionalek baino gehiagok parte hartzen duten, ESI bakoitzean  segurtasuneko erreferente bat dagoelarik.  

 

Ebaluazio-dokumentuak egiaztatzen duenaren arabera, urrats garrantzitsuak eman dira ekintza-ildo guztietan: Osasun-arretarekin lotutako infekzioen prebentzioa eta kontrola; kirurgia segurua; segurtasuna haurdunaldi-puerperioaren laguntza-prozesuan; Pazientearen gorabeherak jakinarazteko eta haren segurtasunaren inguruan ikasteko sistema; erradiazio ionizatzailea erabiltzen duten proba diagnostikoen preskripzioa hobetzea; medikazioa emateari lotutako jardunbide egokiak; erizaintzako-zaineketei lotutako jardunbide egokiak; segurtasun transfusionala odol-osagaien eta ehunen emaile eta hartzaileetan; pazientearen segurtasunari buruzko prestakuntza; osasun-zentroetan artatutako pertsonak okerrik egin gabe identifikatzea; pazientearen ohiko medikazioaren egiaztapena laguntza-maila bereko laguntza-trantsizio edo lekualdatze bakoitzean; pazientearen inplikazioa bere segurtasun klinikoan; eta gernu-traktuaren infekzioen prebentzioa (ospitale guztietan ugariena den osasun-laguntzarekin lotutako infekzioetako bat).

 

Zehazki, Estrategiaren ebaluazio-txostenak, pazienteen identifikazio-akatsak erdira murrizteaz gainera, infekzio nosokomiala duten pazienteen nagusitasuna 2013aren eta 2016aren artean puntu bat baino gehiago murriztu izana ere nabarmentzen du, % 4,5eko tasan kokatuz, alegia, osasun sistema aurreratuenen pareko. Kateterrari lotutako bakteriemia-tasek behera egin dute, bai eta aireztazpen mekanikoari lotutako neumoniaren-tasek ere.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 Prestakuntza dela eta, Osakidetza aitzindaria eta erreferentea izan da gidak eta eskuliburuak egiten eta zabaltzen, bai profesionalei zuzendutakoetan, bai erabiltzaileei zuzendutakoetan. Gainera, barne-prestakuntza lehenetsi da, onlineko ikastaroen bidez, besteak beste, pazientearen segurtasunari (10.557 profesionalek hartu dute parte) eta osasun-arretan eskuen higieneari (guztira, 10.968 profesionalek hartu dute parte) buruzko ikastaroaren bidez.

 

Osasun Batzordeak berak azpimarratu nahi izan du azken urteotan segurtasun klinikoaren arloan lortu diren  aurrerapen guztiak, neurri handi batean, lanaren, profesionaltasunaren eta Osakidetzako langileek ekintza-ildoen eta Pazientearen Segurtasunaren Estrategia honetako proiektuen garapenean duten inplikazioaren ondorio izan direla.

 

Jon Darpónek gogorarazi du erabateko segurtasunik ez dagoela, baina, hala ere, ahalegin eta konpromiso kolektiboari eutsi beharra dagoela, ahalik eta segurtasunik gehien lortze aldera; horrek dakar horiei eutsi beharra, harik eta pazientearen segurtasunaren kultura gure osasun-sisteman sakon sustraitu arte.

 

Hori horrela, esan du bere Saila dagoeneko ari dela lanean ebaluazio horrek emandako datuen gainean, datozen urteotarako Estrategiaren eguneratze-prozesuan. Dokumentu horrek esan du bermatu egingo duela ildo garrantzitsuenek aurrera jarraitzea –osasun-laguntzarekin lotutako infekzioen prebentzioa eta kontrola, pazientearen zainketarekin lotutako jardunbide egokiak, kalterik gabeko segurtasun-gorabeheren jakinarazpena, pazienteen inplikazioa beren segurtasunean eta prestakuntza– eta, aldi berean, alderdi berriak ere jasoko ditu, besteak beste: profesionalen arteko koordinazioa eta komunikazioa, malnutrizioaren prebentzioa, antibiotikoen aurreko erresistentzia, larrialdietako zerbitzuetako segurtasuna eta bigarren eta hirugarren biktimen hurreratzea.

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 7a