Osakidetzak App berri bat sortu du pazienteei bere tratamendu medikoa behar bezala jarraitzen laguntzeko

2017.eko martxoak 20

“Nire Tratamendua” du izena, eta mugikorretarako aplikazio bat da. Botikak zuzen hartzen laguntzen duten beste erreminta batzuei, Tratamendu Aktiboaren Orriari eta pilula-kaxa fisikoei, batu zaie

 

Gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen % 50ek bakarrik betetzen dituzte zuzen tratamenduaren jarraibideak, nahiz eta garrantzi handiko alderdia den konplikazio medikoak saihesteko

 

 Osakidetzako informatika-zerbitzuek sortutako App berritzaile hau Historia Klinikoarekin integratutako eta preskripzio mediko pertsonalizatua egiteko osasun-zerbitzu publiko batean gaur egun dagoen aplikazio bakarra da 

 

 Euskadiko hiru lurraldeetara mailakatuta hedatuko da:Araban gaurtik aurrera egongo da martxan, Gipuzkoan datorren astetik aurrera eta Bizkaian, berriz, apirilaren hasieratik aurrera

 

“Nire Tratamendua” App berria gaur aurkeztu du Gasteizen Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek, eta azaldu du aplikazioaren helburua dela “paziente guztiek beren osasun-prozesuetan parte hartzeko eta inplikatzeko bidea izatea, bai eta medikuaren tratamendua kudeatzeko laguntza izatea ere, pertsonen bizi-kalitate hobetze aldera”. 

Aurkezpenean Osasuneko sailburuak azpimarratu du Osakidetza ondo asko jabetzen dela gizartea eraldaketa digitalean dagoela murgilduta, eta, bide horretan, ahalegin etengabea ari dela egiten teknologia berriak pertsonen osasun-zerbitzura egokitzeko. “’Nire Tratamendua’ App-a bezalako erremintak herritarren eskura jartzea”, esan du , “bere osasunarekin eta gaixotasunekin gero eta konpromiso handiagoa hartzen ari den gizartearen eskaerei erantzuna ematea da”. 

Aplikazio hau segurua, praktikoa eta erabilerraza da, eta berehala jasotzen du kontsultan ematen den Tratamendu Aktiboaren Orria. Horri esker telefono mugikorretik sar daiteke Historia Klinikoan erregistratutako informaziora, bai eta hura erabili ere. Azken batean, kudeaketarako erreminta pertsonal bat da, eta agindutako tratamendua eta medikazioa zuzen betetzen laguntzen du. 

Tratamendu Aktiboaren Orria eta pilula-kaxa fisikoak osatzen dituen erreminta da “Nire Tratamendua”, ez da horien ordezkoa, eta Osakidetzak agindutako tratamendu eta botikak bakarrik aurkezten ditu.  

App berriak, beraz, eskaintzen ditu:medikuak agindutako tratamenduari buruzko ohar eguneratuak; botikak hartzeko alarmak programatzeko aukera; botika Farmazian noiz jaso ahal izango den jakiteko aukera; Bisatuaren erabilgarritasuna jakiteko aukera, behar duten botiken kasuan; eta, gainera, gure ardurapean dauden pertsonen tratamenduak ikusi eta gainbegiratzeko aukera. 

Osasuneko sailburuarekin batera Osakidetzako Osasun Arretako zuzendari Andoni Arcelay eta aplikazioaren pilotajean parte hartu duen paziente bat, Begoña Iriarte, izan dira ekitaldian, eta sailburuak azpimarratu du garrantzizkoa dela tratamendua zorrotz jarraitzea osasunaren mesederako. Sailburuak adierazi du gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen % 50ek bakarrik betetzen dutela zuzen tratamendua, eta horrek konplikazio medikoak ekar ditzakeela. 

Era berean, Jon Darpónek azpimarratu du Osakidetzako informatika-zerbitzuek sortutako App hau Historia Klinikoarekin integratutako eta preskripzio mediko pertsonalizatua egiteko osasun-zerbitzu publiko batean gaur egun dagoen aplikazio bakarra dela, eta Osakidetza, beraz, aitzindaria dela arlo horretan. 

“Nire Tratamendua” aplikazioa euskal gizarte osora zabaldu aurretik hainbat hilabetetan pilotatu da, eta ehun paziente inguruk parte hartu dute pilotaje horretan. Begoña Iriarte da aplikazio hau jadanik erabili duen pazienteetako bat, eta esan duenez erraza, intuitiboa, grafikoa eta ulerterraza”da. Begoñak esan du gustura dagoela aplikazioaren funtzioekin eta ematen duen lasaitasunarekin, tratamendua betetzen laguntzen duen erreminta puntuala eta zehatza dela eta, batez ere alterazio orok atzera eginarazten duen patologien kasuan. 

Gaur egun Euskadin 16 urtetik gorako 1.120.000 pertsonak dituzte preskripzio aktiboak, eta aplikazio honen erabiltzaileak izan daitezke. 

“Nire Tratamendua“ App hau Osakidetzako Informatika eta Informazio Zerbitzuetako Zuzendariordetzak garatu du, eta definitzen parte hartu dute Euskal Osasun Zerbitzuko Farmaziako profesionalek ere, hizkuntza erraz ulertzeko moduan eta hurbiltasuna emateko egokitzen lagundu duten aldetik. 

App hau Osakidetzaren atarian dago, eta bertatik jaits daiteke.  Informazio pertsonalera sartu ahal izateko ezinbestekoa da itsasontzi- jokoa izatea; edozein Osasun Zentrotan eska daiteke. Bestalde, segurtasuna ziurtatuta dago informazioa ez delako telefonoan gordetzen, eta horrek esan nahi du inor ezingo dela gure datu pertsonaletara ez klinikoetara sartu telefonoa galtzen badugu edo lapurtzen badigute. 

Aplikazioa mailakatuta hedatuko da Euskadiko hiru lurraldeetara, eta Araban gaurtik aurrera egongo da erabilgarri, Gipuzkoan datorren astetik aurrera eta Bizkaian, berriz, apirileko lehenengo egunetatik aurrera.

“Nire Tratamendua “ App honekin Osakidetzak finkatu egin du teknologia berrien estrategia, eta beste urrats bat eman du pazienteari arreta emateko eredu berrien baitan mugikorreko aplikazioak erabiltzeko bidean, oso kontuan izanda teknologiek hurbildu egiten dituztela pertsonengana osasun publikoa eta bertako profesionalak.

  

“NIRE TRATAMENDUA” APPa:ABANTAILAK ETA FUNTZIOAK

 

Abantailak:

  • aktibo dauden tratamendu guztiak jasotzen ditu (tratamendu kronikoak, beharraren araberakoak eta akutuak),
  • etengabe eguneratzen den informazioa izan daiteke eskura,
  • botika noiz hartu behar den eta zer dosi hartu behar den adierazten du,
  • farmazian azkena zer botika eman diguten jakin daiteke,
  • tratamenduari buruzko gure medikuaren jarraibideak ematen dizkigu,
  •  hurrengo kontsulta noiz den, tratamendua noiz amaitzen den eta botika noiz jaso ahal izango den esaten digu.

 

Funtzioak:

Lau arlo nagusi ditu: Hartualdiak, Nire tratamendua, Alarmak eta Postontzia

 

Hartualdiak:Botikaren banaketa erakusten da, otorduen eta orduen arabera banatuta. Jarraibidea ez bada otorduetara doitzen, dagokion ordutik hurbilen dagoen otordua adierazten da. 

Nire Tratamendua: botika kronikoa, akutua edo beharraren araberakoa den agertzen da. Botika batean klikatzen badugu, botikari buruzko informazio gehiago izango dugu. 

Alarmak:hartualdietarako, botika jasotzera joateko, mediku-azterketaren data jakiteko edo tratamendua noiz amaitzen den abisatzeko alertak sor daitezke. 

Postontzia: kontsultatu ahal izango dira App-n azkena sartu ginenetik gure tratamenduan izandako aldaketak, tratamendu-aldaketari buruzko informazioa, farmazian botika jasotzeko egunak, eta abar.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoak 20