Olatuen energia atzitzeko BiMEPeko dispotitiboak bere lehen produkzio-urtea bete du

636498903702377828b.jpg

2017.eko abenduak 26

Lehen aldiz gainditu du Europan teknologia horrek elektrizitatea sortzeko denbora-epe luzeko probaldi bat

  • Energiaren Euskal Erakundeak sustatzen ditu saiakuntzak, apustu irmoa egin baitu itsas energien garapena bultzatzeko.
  • Oceantec Energías Marinas euskal enpresaren garapen bat da kaptadorea.

Bilboko itsasadarrean BiMEP Armintzako (Lemoiz) kostaldearen parean dagoen itsas energien plataforman instalatua izateko uretaratutako olatuen energia-kaptadoreak hamabi hilabeteko probaldia gainditu du egiazko itsaso-baldintzetan. OWC teknologia (ur-zutabe oszilatzailea) duen Estatu osoan instalatutako eta konektatutako lehen dispositibo flotatzailea da, eta lehena Europan itsasoko proben urtebeteko muga gainditu duena elektrizitatea sortuz.

Olatuen energia-kaptadore hau, Oceantec Enegías Marinas euskal enpresak diseinatutakoa, buia forma duen eta sare elektriko orokorrera konektatutako prototipo bat da. Garapen teknologikoko enpresa horrek olatuen energia-kaptadore komertzial bat lortzeko duen gaitasuna baliozkotzea ahalbidetzen dute proben emaitza onek, epe ertainera beste iturri alternatibo batzuekin alderatuta energia sortzeko kostu lehiakor batekin. Sareari konektatutako 1.1 eskalako kaptadore bat sortzea da helburua, ondorengo salmenta-faseari bide emango diona.

Epe horretako helburuak merkatu-nitxoetan sartzea izango dira, energia-defizita duten kokalekuetara bideratuta (hala nola uharteak edo kostaldeko gune isolatuak), baita itsas instalazio isolatuetara ere (piszifaktoriak, petrolio-plataformak, eta abar). Epe luzera, dispositibo horiek egiazko alternatiba izango dira sarera konektatutako olatu-energiako parkeetarako (olatu-energia). Gainera, bateragarriak dira itsas parke eoliko flotatzaileetan, itsas korronteetan, eta abar, instalatuak izateko.

Uretaratzea eta instalazioa
Euskadin egindakoa eta muntatutakoa, MARMOKA-5 deitutako buia hau altzairuzko dispositibo bat da, olatuen mugimenduaren bidez energia sortzeko ekipamendu mekaniko eta elektriko guztia biltzen duena. 42 metroko luzera du eta 5 metroko diametroa, 30 tonako pisuarekin, eta urpean dago ia osorik, buru flotatzailea izan ezik. OWC teknologiaren (ur-zutabe oszilatzailea) bidez sortzen du energia, zeinak olatuen mugimendua aprobetxatzen duen airea turbinatu eta elektrizitatea produzitzeko.

2016ko urrian uretaratu zuten Navacel enpresak Bilboko itsasadarrean duen dikean eta 10 kilometro eraman zuten atoian BiMEPen, Armintzako kostaldearen parean, kokatu zuten arte; bertan lotu zuten eta konektatu zuten lehorrera, dispositiboak sortutako energia elektrikoa lehorrera garraiatu duten itsaspeko kable elektrikoen bidez, eta are garrantzitsuagoa dena, dispositiboaren baliozkotze teknologikoa lortzeko beharrezkoak diren parametroak eta informazioa ere garraiatu dituzte.

Dispositibo horrek Euskadiko saiakuntza-instalazioetan egin ditu proba- eta baliozkotze-fase guztiak, lehenik TECNALIAren laborategietan, eta ondoren saiatu dute turbina Mutrikuko plantan, azkenik BiMEPen instalatzeko.

Energia Estrategia
Energia berriztagarrien eta arlo horretan produkzio-sektore berriak sortzearen aldeko apustua 2030. urterako Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategiaren zutabeetako bat da. Euskadik etorkizuneko energia-erronkak aprobetxatu nahi ditu lagungarri izan daitezen, gero eta garbiagoa eta jasangarriagoa izango den hornikuntzarekin batera, jakintzako, aberastasuneko eta industria-sorkuntzako gune berriak sortzeko hazkunde-potentzial handia duten sektoreetan. Aurreikuspen arabera, 8.000 milioi eurotik gorako inbertsioetako merkatua izango dira itsas energiak, eta 50.000 lanpostu sortuko dituzte guztira.

Euskadin energia berriztagarriak protagonismo handiagoa izatea dago aurreikusia, 2030erako Euskadin kontsumitzen den energia elektrikoaren % 21 jatorri berriztagarrikoa izan dadin.