"Gure helburua, turismoan enplegua gehitzeaz gain, kalitatezko enplegua sortzea da", esan du Retortillo sailburuak

2017.eko urtarrilak 25

•Sailburuak esan duenez, “turismoak euskal BPGd-ari egindako ekarpena turismoa industria ahaltsu gisa finkatuta soilik lortzen da”.

• Merkataritzaren eta turismoaren arteko lankidetza etorkizuneko gakoetako bat da, azaldu du Retortillok.

• Orain ez da “txikia jaten duen arrain handia, baizik motela jaten duen arrain azkarra”, eta datuen iraultzaren aurrean ekimenak abian jarri behar ditugu merkataritzaren digitalizazioa bizkortzeko, azaldu du Retortillok.

 Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Alfredo Retortillo Eusko Legebiltzarreko Merkataritza, Kontsumo eta Turismoko batzordearen aurrean agertu da gaur Sailak legealdi honetarako dituen jarduketa-ildo orokorrak azaltzeko. Sailburuak sailean bertan integratutako turismoaren eta merkataritzaren garrantzia azpimarratu du, eta urte askotan lehen aldiz kontsumoarena, eta baieztatu du bere sailak horren bidez “kalitatezko enplegua, urtarokotasunetik askea” sortzea bilatuko duela.

Sailburuak, bere agerraldia hastean, saila osatzen duten 3 sektoreen testuingurua deskribatu du.

Turismoaren eta merkataritzaren balantzea

Turismoan, Retortillok nabarmendu du 2010etik eta ezarri eta mantendu diren politikei esker, turismoak ez diola hazteari utzi joan-etorrietan eta ekonomian duen garrantzian, 2016an zifra historikoetara iritsi arte.

EINeren abenduko datuak zenbatu gabe daudela, guztizko zifrek turisten 3.426.778 sarrerako saldoa ematen dute, 2015ean baino % 9,8 gehiago. Ostatu-gauei dagokienez, 7.139.083 zenbatu ziren, aurreko urtean baino % 12 gehiago, hots, ia milioi bat gehiago, eta zifra horiek handitu egin behar dira oraindik.

Retortillok azaldu duenez, “azpimarra ezin da jarri soilik turismoaren hazkunde kuantitatiboan. Helburua ezin da izan urtero bisitari kopurua gehitzea aurreko urtearen aldean. Turismoaren garrantzia jarduera ekonomikoan elementu traktore gisa duen bere balioa da, herrialdearentzat aberastasuna sortzeko gaitasuna, eta sail honen helburuetako bat”. Ildo horretan, adierazi du afiliazioen urteko batez bestekoek gora egin dutela. Lehen aldiz, 2016an turismoarekin zuzenean zerikusia duten jardueretako afiliazioek (ostalaritzak eta bidaia-agentziek) 63.000 baino gehiago dira. Turismoarekin lotutako jarduera guztien urteko batez besteko afiliazioak 95.620 izan dira.

Horri merkataritzaren zifrak gehitzen badizkiogu, hirugarren hiruhilekoan % 3,3ko salmenta-gehikuntza izan dutenak eta BPGd-ean % 11ko pisua, bi sektore horiek ekonomia osoan duten garrantzia agerikoa da, Retortilloren hitzetan: “Zifrek erakusten dutenez, sinetsita gaude turismoak eta merkataritzak balio handia izaten jarraitu behar dutela Euskadin. Bilakaera ikusita, aurten BPGd-aren % 17ko ekarpena gaindituko duten zifretara iritsiko da, industriaren ekarpenaren ia 5 puntu gutxiago, adibidez”. Horregatik, sailburuak arlo horien kudeaketan ikuspegi oso eta zeharkakoa bultzatzearen alde egiten du, horien sinergiak baliatzeko aukera emango duena. “Ildo horretan, Euskadiren etorkizuna turismoaren eta merkataritzaren etorkizuna da. Gure Sailaren arloek hazkunderako eta balio erantsirako eskaintzen dizkiguten aukerak baliatu behar dira”, amaitu du.

Horretarako, sailburuak eskatu du ez dugula erori behar inertzian, baizik sailaren estatusa baliatu bi sektoreek gure gizartean duten egitekoa aldarrikatzeko, beste jarduera-bektore batzuen mende dagoen kudeaketa utzita eta lehentasunez haien premiei eta eskariei begira jarrita, berrikuntzaren bidez eta aurrekontu-zuzkidura egoki batekin, arlo horien ahala garatzeko.
“Eskutik joan behar duten” bi sektore horiez, gain, sailburuak gogoratu du zer garrantzitsua den kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen babesa integratzea, “kontsumo arduratsuaren, hobekuntzaren eta hazkundearen balioa bultzatzea iraunkortasunetik ezin askatu dela azpimarratzen duena”. Iraunkortasun hori, gainera, bere hiru alderdietatik ulertu behar da: ingurunearen kontserbazioa, aurrerapen ekonomikoa eta justizia soziala”.

Jarduketa-lerroak

Turismoa

Begirada berrikuntzaren, zeharkakotasunaren eta iraunkortasunaren printzipioetan jarrita, Retortillok sailaren jarduketa-lerroak iragarri ditu. Turismoan lau lerro estrategiko planteatzen dira: bikaintasuna, berrikuntzan eta teknologian oinarrituta; iraunkortasuna; esperientzien bidez desberdintzea eta Euskadi, Basque Country marka bultzatzea. Alfredo Retortillok azaldu duenez, “Euskadi esperientzia bere osotasunean bikaina izatea lortu behar da, turistari eskainiko dizkiogun harreragatik, bizipenengatik eta zerbitzuengatik”; izan ere, lehiakor egiten gaituen bikaintasun baterako bidea da hori.

Merkataritza

Merkataritzaren ardatzak izango dira nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza eta datuen analisia. Merkataritza elektronikoaren hazkunde handiko ingurune batean, sailburuak nabarmendu du zer garrantzitsua den enpresei beren negozio-bolumena gehitzen lagunduko dieten tresnak indartzea, saltzeko beste bide batzuk zabalduko dituzten teknologia berriak eta ideiak jarrita. Ildo horretan, Retortillok azaldu du orain ez dela “txikia jaten duen arrain handia, baizik motela jaten duen arrain azkarra”, eta datuen iraultzaren aurrean ekimenak abian jarri behar ditugu merkataritzaren digitalizazioa bizkortzeko.

Kontsumoa

Kontsumismoak kontsumerismoari ematen dion pisuaren egungo joera kontuan hartuta, Kontsumobiden herritarrengandik hurbilago egon nahi da, eta etengabeko informazioa eta irtenbideak eskaini kontsumoaren arloan gatazkak konpontzeko. Sailaren lehentasuna izango dira prestakuntza, elkarrizketa, erakunde, enpresa eta pertsonen arteko harremanak sustatzea eta sareko lana elkarte profesional eta sektorialekin.

Doako prestakuntzak eta ekintza eta kanpaina informatiboek euskal herritarren inplikazioa eta konpromisoa lortu nahi dute kontsumoaren arloan gizarte heldu eta arduratsu batekin.

Sailburuak turismo-sektore bat eta merkataritza bat defendatu ditu Euskadiren erakusleiho gisa. “Turismoa tresna erakargarririk hoberena da, emozioen bidez herrialde honen balioak transmititzeko aukera ematen duelako. Eta pertsonaz pertsona egin dezake gainera”, amaitu du.