Loiolan trenbidea hirigintza aldetik integratzeak 17.600 metro karratu berreskuratu ditu herritarrentzat

2017.eko azaroak 25

  • Bide-zubian dagoen geltokiari esker, trenaren trenbidea jasotzen zuen ezponda kendu ahal izan da eta Lorategi Hiria auzoarekin elkartu
  • Tapiak “Jaurlaritza honek Loiolako lanarekin erakutsi duen konpromisoa” azpimarratu du, “helburu bikoitzarekin: tren zerbitzua hobetzea eta auzoaren iragazkortasuna hobetzea. Trenbidea hirigintza arloko elementu eraldatzaile eta sortzaile bilakatu da”. 

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak, Donostiako Loiola auzoko bide-zubiaren behealdean sortu den urbanizazioa era formalean estreinatu dute gaur goizean. 17.600 metro karratuko azalera hartzen du. Auzokideek gune berri horien parte batez gozatu ahal izan dute joan den urritik. Bertan gune berdeak, haurrentzako jolasak edo bidegorria daude, eta festa herrikoi txiki batekin ospatu ahal izan dute gaur.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak, Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak, Aitor Garitano ETSko zuzendari nagusiak eta Imanol Leza Euskotreneko zuzendari nagusiak lagunduta, zuzenean egiaztatu ahal izan dute trenbidearekin erlazionaturiko jarduketatik sortu den hirigintza arloko lana. Bide-zubian dagoen Loiolako tren geltoki berriaren lanei esker trenaren trenbidea jasotzen zuen ezponda kendu ahal izan da eta Lorategi Hiria auzoaren gaineakoarekin elkartu.

Arantxa Tapiak, “Trenbidearen hiri integrazioaren” adibide gisa jarri du Loiolako jarduketa. “ETSren, euskal trenbide kudeatzailearen” jarduteko ohiko era, esku hartzen duen tokietan, tren zerbitzua hobetzeaz arduratzeaz gain, lan egiten duen ingurunea hirigintza aldetik zaharberritzeko lanak ere egiten baititu”. Bere iritziz, “Trenbidea hirigintza arloko elementu eraldatzaile eta sortzaile bilakatu da. Loiola gaur egun espazio atseginagoa da, aurpegi hobearekin, proiektua diseinatu eta egin duen talde teknikoaren lanari eta auzo guztiaren bultzadari esker”.

Sailburuak “Eusko Jaurlaritzaren eta ETSko teknikarien eta auzoko eragileen eta auzokide elkartearen arteko harreman estua” azpimarratu eta eskertu du, “horri esker, benetan harro egotera eramaten gaituen lana oso modu egokian egin ahal izan baitugu”.

Eneko Goia hiriko alkateak ere eskertu du ETSk Loiolaren hiri hobekuntzan izan duen inplikazioa, “auzoaren paisaia nabarmen hobetu duen obrari ekinez”. Horrela, alkateak adierazi duenez, auzoko bizitza kalitatea, oinezkoen mugikortasuna eta geltoki inguruko irisgarritasuna lehen pausoa dira Loiolaren hobekuntzan. Orain

Udalari dagokio lan horrekin jarraitzea. Horrela, 2018ko aurrekontuek Loiolako Zeharbideari ekiteko partida aurreikusten dutela azpimarratu du Goiak. Lan horri hurrengo ekitaldian ekingo dio Udalak, “eta errematea emango dio hiriaren inguru honetarako eta bertako biztanleentzako oso beharrezkoa den azpiegiturari”.

Horma-irudia

Testuinguru horretan, joan den martxoaren 5ean Loiolako geltokia zerbitzuan jarri ondoren, behin behineko terminala eta ondoko egiturak desmuntatzeari eta eraisteari ekin zitzaion. Ondoren, amaitu gabe zeuden estalkiak eta fatxadak amaitu ziren, eta atari nagusirako iparraldeko sarbidea egokitu zen. Horrela, irailaren 25ean geltokia osaturik geratu zen, eta La Salle ikastetxera ematen duen nasaren partea jendearentzat zabaldu ahal izan zen.

Guztira, ekainetik 17.600 metro karratuko gunea urbanizatu da, bide eta oinezkoentzako guneen artean. Horietako gehienak trenbideari irabazitakoak dira, bide-zubi berria egiteari eta behin behineko desbideraketa eraisteari esker. Urriaren hasieratik urbanizazio berriko guneak jendearentzat zabalduz joan dira, hiriko altzariak instalatzen ziren eta azken ukituak amaitzen ziren bitartean.

Azken bi asteetan Loiolako Zeharbidearen bide antolamendua aldatzeko lanak egin dira obraren ingurunean, eta baita behin behineko zenbait instalazio kentzekoak ere. Geltoki azpiko Zeharbidearen tartea trafiko mota bat baino gehiagorako gune gisa diseinatu zen, oinezkoei lehentasuna emanez, baina aldaketa batzuk sartu dira, trafiko horiek erabat bereizteko, mutiloiak, semaforoak, bideko seinaleak eta zebra-bideak jarriz.

Falta den bakarra Loiolako Kultur Etxea berreskuratzeko lanak amaitzea da. Bertan fatxada eta instalazioen parte bat berreraikitzeko lanak ari dira egiten, auzoak jasaten dituen eragozpenei behin betiko amaitutzat emateko. Horrela, Kultur Etxearen barrualdeko igarobidean, Eva Mena artistak inguruneko eszena kostunbristak erakusten dituzten bi horma-irudi margotu ditu, Urumea ibaian ari diren garbitzaileak eta gertuko baserri bat.

Zuzenean trenarekin erlazionaturiko alderdiari dagokionez, Loiolako geltoki berria, eskaileren eta igogailuen bitartez, 120 metro luze diren alboetako nasetara ematen duen atariak osatzen du. Terminalaren berezitasun nagusia bide-zubian eraikita dagoela eta aurretik 200 metro luze den metalezko estruktura duela da. Abagune horrek asko erraztuko du orain arte trenbideak osaturiko trintxera batek bereizten zituen auzoko bi aldeen arteko iragazkortasuna, bigarren urbanizazio fasean. Bide-zubia eusten duten zutabeek 35 eta 40 metro arteko sakonera dute, harkaitzera heltzeko. Geltoki berria zerbitzua ematen hasteak hobekuntza nabarmena ekarri du tren zerbitzuan, trenbidea bikoiztu egingo delako eta instalazio berriak modernoagoak izango direlako.

20,9 milioi euroko aurrekontua duen jarduketa Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak finantzatu dute. Udalak 1,1 milioi euro jarri ditu, eta diru hori urbanizazio lanetarako erabiliko da oso-osorik. Lan horiek egiteko orduan auzoko biztanleen iritzia izan da kontuan.