Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren eremuko Eusko Jaurlaritzaren sariak sortzeko dekretua onartu da (Gobernu Bilera 2017-11-21)

logoconsejo.jpg

2017.eko azaroak 21

Gobernu Kontseiluak, Segurtasun Sailak eskatuta, larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren eremuko Eusko Jaurlaritzaren sariak sortzeko dekretua onartu du. Helburua da jendaurrean aintzat hartzea larrialdietan esku hartzeko zerbitzuetako langileen jarduketa aipagarriak eta herritarren inplikazioa eta laguntza, arrisku kolektibo larriko, hondamendiko eta lazeria publikoko egoera larrietan pertsonak eta haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko lanetan.

Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 28ko 1/2017 legegintzako dekretuaren 67. artikuluan dago jasota Eusko Jaurlaritzak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemako sariak sortuko dituela.

Sari horien helburua da jendaurrean aintzat hartzea eta saritzea hala egitea merezi duten Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemako oinarrizko zerbitzuak edo zerbitzu osagarriak edo zerbitzu horietako langileak, bai eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuak betetzen laguntzen duten pertsonak eta erakundeak ere. 

Sarietan hiru kategoria izango dira:

-Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina, EAEn nahiz EAEtik kanpora larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren eremuan beren jarduketarengatik edo jarduerarengatik indibidualki nabarmendu diren pertsona fisikoak aintzat hartzeko. 

Domina honekin aintzat hartu ahal izango dira Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemako oinarrizko zerbitzuetako eta zerbitzu osagarrietako pertsonak nahiz larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako jarduera aipagarriren bat edo merezimenduzko jardueraren bat egin duen edozein pertsona fisiko. 

Hemen bi modalitate planteatzen dira: 

  • Bereizgarri gorridun domina: pertsonak edo ondasunak arriskuan jarri dituen egoera baten aurrean aparteko karra, ausardia, gizatasuna edo gizarte-elkartasuna erakutsi duten ekintza edo jarduera bikainak saritzeko.
  • Bereizgarri berdedun domina: merezimenduzko ekintzak edo jarduerak saritzeko.

-Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diploma.  Honen helburua da larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren eremuan bere jardueragatik nabarmendu diren pertsona juridikoak, publikoak edo pribatuak, saritzea, aurreko termino beretan, bai eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Zerbitzuan parte hartzen duen edozein erakunde, elkarte edo zerbitzu ere. 

-Euskadiko Babes Zibileko Boluntarioen lana aintzat hartzeko diploma. Kasu honetan bi kategoria planteatzen dira: 

  • Bereizgarri zuridun diploma, babes zibilaren eremuko boluntarioen elkarteetako boluntarioak, 10 urtetik gorako jarduera egiaztatuta dutenak, saritzeko.
  • Bereizgarri gorridun diploma, babes zibilaren eremuko tokian tokiko boluntario-elkarteetako kide diren eta 25 urteko jarduera egiaztatuta duten boluntarioak eta Euskadiko babes zibilaren eremuko tokian tokiko boluntario-elkarteak, 25 urteko jarduera egiaztatuta dutenak, saritzeko.

Gaur egun Euskadiko ordenamenduan ez dago Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren ikuspegitik era horretako jarduerak saritzen dituen ohorezko saririk.

Domina edo plaka-diploma emateko espedienteari beti ofizioz emango zaio hasiera, urtero, segurtasun publikoaren arloan eskumena duen sailaren titularrak erabakita, EHAAn argitaratuko den Agindu bidez.