Ingurumen Sailak eta Ecoembesek ekonomia zirkularra herritarrei hurbiltzeko kalean bertan egindako kanpaina Eibarren aurkeztuko dute

2017.eko urriak 27

  • “Gurea birziklatzea da” izeneko animazio-kanpaina ostiral eta larunbatean egongo da Unzaga Plazan.
  • Erakusketaren asmoa da hondakinak murriztu, birziklatu eta berrerabiltzeari begira hartu behar ditugun eguneroko ohiturez informatzea eta kontzientziatzea.

 

“Gurea birziklatzea da” kanpaina, Euskadin barna urrian zehar ibili ondoren, Eibarrera iritsiko da, ekonomia zirkularraren eta hondakinen murrizketa eta birziklapenaren onurak herritarrei azaltzeko. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Ecoembesek –ontzi eta bilgarrien birziklapena sustatzen duen irabazi-asmorik gabeko ingurumen-erakundea− gauzatutako ekimen bat da, gai horren inguruan duten hitzarmenaren baitan.

“Erakutsi nahi dugu gaur egun zaborrera botatzen ditugun materialen parte handi bat arazorik gabe itzul daitekeela ekoizpen-prozesura, lehengai moduan. Horiek berreskuratu eta berrerabiltzen baditugu, hondakinek ingurumena kutsatzea ekiditeaz gain (batzuetan mendeak ere luza daiteke kutsadura hori), horiek fabrikatzeko baliabideak erauztea ere murritz dezakegu” nabarmendu du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak.

Arriolak azaldu du bere sailak ekonomia lineala eta ez-jasangarria atzean uztearen alde diharduela, horren ordez ekonomia zirkularrari bidea irekitzeko. Euskadin, batez beste, ontzi eta bilgarrien plastikozko hondakinen birziklapena % 32koa da, eta 2020rako helburua % 55era artekoa izatea da. Zehazki, Gipuzkoaren kasuan, lurralde horrek ontzi arinen % 34,5 birziklatzen du.

Bi egun horietan Eibarren izango den kanpainak arrakasta handia izan du orain arte bisitatu dituen udalerrietan, Zarautzen bereziki. Bertan, batez besteko parte-hartzea bikoiztu egin zen jaieguna zela eta. Durangon, bertako jaiekin batera egin zenez, heldu zein ikasleek intentsitate handiagoz parte hartu zuten jarduera interaktiboetan.

Eibarren, oraingoan, Unzaga Plaza izan da kanpainak hautatutako lekua, eta gaur eta bihar (11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 19:30era) pertsona orok parte hartu ahal izango du kalean bertan egindako jarduera interaktibo eta ludikoetan. Horien bidez, Euskadiren hondakinen berreskuratzeari buruzko helburuak ezagutaraziko dira, baita behar bezala birziklatzeko aholku praktikoak ere, gai horren inguruko mitoak hausten ere lagunduko dutenak.

“Gurea birziklatzea da” kanpainak EAEko komunikabideetako iragarkiak ditu euskarri eta baliabideak berreskuratu eta berrerabiltzeak ingurumenarentzat zein ekonomiarentzat dituen ondorio positiboen inguruan herritarrek duten kontzientziazioa indartzea du helburu.

(*) Hemen irakurri dezakezu prentsa oharra