Indarkeria matxista desberdintasunaren adierazpen basatiena da; emakumeen eskubideak eta askatasuna urratzen eta ahultzen ditu.

Genero indarkeriari buruzko udako ikastaroaren inaugurazioa

2017.eko uztailak 13

Lan eta Justiziako sailburua den María Jesús San José andrea izan da buru EHUk antolatu duen genero indarkeriari buruzko udako ikastaroaren inaugurazioan.

San José sailburuak azpimarratu du bere sailak indartu egingo dituela indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako laguntza juridiko espezializatuko zerbitzuak, eta epaitegira deklaratzera joan behar duten emakumeek baldintza hobeagoetan egotea lortu nahi duela. “Ingurua ez ezagutzeak, epaileak han egoteak eta erasotzailearekin topo egiteak sortzen duen estresa ahalik eta txikiena izatea nahi dugu”.

Sailburuak azaldu du datuen arabera bide egokian goazela, genero indarkeriaren biktimak diren emakumeei emandako arreta hobetze aldera. Hala ere, laguntza juridiko terapeutikoko zerbitzuak hobetzen eta indartzen jarraitu behar dela ohartarazi du. Izan ere, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak egiten duen lana azpimarratu du San Josék. Zerbitzu horrek informazio zehatza ematen du indarkeria matxistako kasuetan, harrera egiteko elkarrizketak egiten ditu, jarraipena egiten du eta baliabide desberdinak erabili behar diren eta horiek erabiltzea egokia den baloratzen du (hala nola, doako justiziari lotutako aholkularitza, diru-laguntza bereziak, esku-hartze psikologikoa edo aholkularitza juridiko berezia).

“Indarkeria matxista —San Joseren esanetan— desberdintasunaren adierazpen basatiena da; emakumeen eskubideak eta askatasuna baliatzeko aukera urratzen eta ahultzen du.” Boteretik eta administrazio publikoetatik indarkeria horren aurka borrokatu behar dugu, eskura ditugun baliabide guztiekin, konpromisoarekin eta erabakitasunez”.