Gizarte Elkarrizketako Mahaiaren bilera

2017.eko uztailak 18

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburua buru zela egin da Gizarte Elkarrizketako Mahaiaren gaurko bilera. Bilera horretan izan dira, halaber, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburua; Sindikatuen aldetik, Loli García Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusia eta Raúl Arza Euskadiko UGT sindikatuko idazkari nagusia; eta CONFEBASKen aldetik, Roberto Larrañaga presidentea.

San José sailburuak baloratu du Gizarte Elkarrizketako Mahaiaren aurreko bileran negoziazio kolektiboaren arloan lortutako akordioen jarraipena, eta adierazi du eraginkortasun mugagabeko akordioen hedapena eta aplikazioa sustatzeko konpromisoa bete dela, betiere akordio orokorrak lortzea eta aldeen interesak eta iguripenak behar bezala aztertzea posible izan den lekuetan, eta negoziazio-mahaietako kideen autonomia errespetatuta. Ildo horretan, Confebaskek eta sindikatu guztiek sinatu duten oinarrizko lanbide arteko akordioa nabarmendu du Lan eta Justiziako sailburuak. "Agerikoa da joan den urtarrilean izenpetutako akordioa —adierazi du San Josék— Gizarte Elkarrizketako Mahaiak emandako bultzadaren ondorioa dela, erabakigarria izan baita bermatzeko Euskadin izenpetu diren hitzarmenek lehentasuna dutela gainerako negoziazio-esparruetan izenpetu direnen aurretik".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Gizarte Elkarrizketako Organo Iraunkorraren oinarrizko ildoak aurkeztu dizkie gizarte-eragileei. Organo iraunkor horrek  esparru egonkorra eskainiko du sindikatuen eta enpresa-elkarteen arteko elkarrizketarako. Lan eta Justiziako sailburuak azaldu du arlo sozioekonomikoko erakundeek parte hartzeko organoak zenbait lantalde sortzea aurreikusten duela eta lantalde horiek arduratuko direla eztabaida artikulatzeko eta erabakiak har daitezen errazteko beharrezkoa den informazio-fluxua bideratzeaz. "Eskema bat dator —gogorarazi du San Josék— joan den uztailaren 22ko akordioekin, horietan jada esparru zehatzak eman ziren aditzera, hala nola politika aktiboak enpleguaren, laneko segurtasunaren eta osasunaren edo hezkuntzaren arloan". Zehazki, 2018ko Urteko Araugintza Planean barnean hartuko den Gizarte Elkarrizketako Organo Iraunkorrean parte hartuko dute lanaren, enpleguaren, hezkuntzaren eta ekonomia-garapenaren arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako Sail guztiek. María Jesús San José sailburuak ohartarazi du gaiak eskatzen duenean Eusko Jaurlaritzako beste arlo batzuek ere hartuko dutela parte.  "Azken finean —erantsi du— eztabaida-tresna bat da, zuzenduko dena planteamendu partekatuak bilatzera eta zenbait erakunde-forori emango zaizkion gomendioak prestatzera, hala nola Lanbideren Administrazio Kontseiluari, Osalanen Administrazio Kontseiluari edo Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari".

Beste hiru puntu nagusiak oinarritu dira Enpleguaren Esparru programan, Lanbide Heziketako Lege Proiektuan eta Basque Industry 4.0 estrategian.

Lehena Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak koordinatu du, bigarrena Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak eta hirugarrena Arantza Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak —gaur goizean bertan 2017-2020 Industrializazio Plana aurkeztu du—.