Gasteizko Autobus Elektriko Adimenduna 2018. urtearen hasieran lizitatuko da

2017.eko abenduak 14

  • 12 eta 18 metroko luzera duten autobusak gehituko dira, %100 elektrikoak, bide-gurutzeetako semaforoetan lehentasuna izango dute eta errail erreserbatutik zirkulatuko dute.
  • Tapiak, Gonzalezek eta Urtaranek azpimarratu dutenez, AED –Autobus Elektriko Adimendunak– etorkizunerako Garraiorako prestatuko du Gasteiz.
  • ETSren aldetik proiektuaren definizioa amaitu ondoren, Gasteizeko dualak 42,8 M€-ko aurrekontuarekin lizitazioa martxan ipiniko du.
  • Erreferentziazko mugarria da, Euskadiko hiriburu ezberdinetan mugikortasun elektrikoaren alorrean aktuazio berriak hedatzeko asmoz.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak gaur goizean Gorka Urtaran Gasteizko Alkatearekin eta Ramiro González Arabako Foru Diputatuarekin izan duen jende aurreko agerraldian adierazi duenez, Arabako hiriburuko Autobus Elektriko Adimenduna (AED-BEI) 2018. urtearen hasieran lizitatu ahal izango da.

Gaur goizean Artiumen egin den ekitaldian, hiru erakundeetako arduradunek, Tapiak,  Urtaranek eta Gonzálezek, proiektuaren xehetasunen berri eman dute, Cristina Lopez (ETS) proiektuaren zuzendariaren babesarekin. Gasteizko hiriko garraio publikoa jasangarriagoa eta lehiakorragoa bilakatzeko helburuarekin aurrera eraman den AED-BEI ezartzeko proiektua dagoeneko osatua dago.

AED-BEI proiektuak 42.850.000 euroko oinarrizko aurrekontua du, eta honen finantzaketarako hitzarmena berehala berretsiko da. Finantzaketaren banaketari dagokionez, tranbiaren eraikuntzarako aurrera eramandako eredu bera jarraituko da: Eusko Jaurlaritzak %65 jarriko du, eta Foru Aldundiak eta Udalak, %17,5 bakoitzak.

ETS erakunde publikoak, jasotako kudeaketa enkomendan oinarrituta, proiektu teknikoa gauzatu du. Behin hau amaituta, eta Baldintza Teknikoen eta Administratiboen Plegua idatzi eta gero, Gasteizko udalak lizitazioari ekingo dio, bus elektriko sistema egungo 2. linean ezartzeko, ondoren TUVISA udal enpresak ustiatuko duelarik.

Mugikortasun elektrikoaren aldeko apustu instituzionala

Arantxa Tapia pozik agertu da, “Gasteizen mugikortasun elektrikorako trantsiziorako eman den pauso irmoarengatik”. Aurreikuspenak betetzen badira, pixkanaka Euskadi osora zabalduko da esperientzia. Sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua “Euskadin ibilgailu elektrikoaren integrazioa bultzatzea da, garraioan energiaren eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin eta euskal industria egituran negozio aukera berriak bultzatzeko aukera gisa”.

Azaldu duenez, “lan egun batean 6,7 milioi joan-etorri egiten dira Euskadin, eta horietako asko ibilgailu pribatua erabiliz egiten dira; horietatik %68 baino gehiago udalerri barneko joan-etorri laburrak dira”. Tapiak adierazi duenez, horrek argi eta garbi uzten du “premiazkoa dela garraio sare publiko integratua eta modernoa izatea, zerbitzu lehiakorra eta erakargarria eskaintzeko gai izango dena, ibilgailu pribatua alde batera uzteko aukera eskainiz, eta energiaren ikuspegitik jasangarria izango den ereduaren aldeko apustua eginez”. Azpimarratu duenez, “Euskadi Mugikortasunaren, Logistikaren eta Garraio Sistema Adimentsuen sektoreko enpresa garrantzitsuenetako batzuen egoitza da, eta BPGren %30 hartzen du. Bereziki berritzailea den industria da”.

Sailburuak adierazi duenez, “kontuan izanda, gero eta gehiago, garraiobide guztiak, pertsonak eurak barne, elkarren artean era digitalean konektatuta egongo direla, eta informazio kopuru handia sortuko dela (Big Data), hori ongi prozesatu eta erabiliz gero zerbitzu berriak eskaini ahal izango dira, garraio sistema hobetuz, erabiltzaileari ematen zaion informazioari eta dauden baliabideen kudeaketaren eraginkortasunari dagokienez, batez ere”.

Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, “lurraldearen oreka zaintzeko lan egiten duen erakunde gisa”, Arabako Foru Aldundiarentzat “funtsezkoa da une honetan mugikortasunaren aldeko apustua egitea, autobus elektriko adimendunaren proiektua bultzatuz, eskaintzen diren zerbitzuak baldintza hoberenetan eskaini ahal izateko”. Gonzalezek azpimarratu duenez, “ez dago aurrera egiteko beste modurik”, eta, gainera, “Arabako herritar guztiei zerbitzua ematen zaie eta kalitate gehiagoko zerbitzuak izaten laguntzen da”.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak azaldu duenez, “garraio publiko sistema eraginkorraren eta ahalmen handikoaren ezarpena, Autobus Elektriko Adimenduna, hain zuzen ere, erakundeen apustu irmoa da. Horrela erakutsi dute azken hilabeteetan Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak”. Azpimarratu duenez, “Vitoria-Gasteiz erreferentzia izango da Euskadirako, Estaturako eta Europarako mugikortasun jasangarriaren eta osasungarriaren alorrean”.

Alkatearen hitzetan, “Etorkizuneko Vitoria-Gasteizerantz aurrera egiten jarraitzen dugu, barrura eta kanpora begira ondo konektatuta egongo den hiria lortzeko, 2025 Estrategiaren ildoari jarraituz. Garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea, gainera, AED-BEIak hiriko hamalau auzo lotuko dituela. Benetako iraultza eragingo du, gasteiztar askoren, biztanleriaren %40 ingururen, bizimodua aldatuko baitu, beraien hiri barruko joan-etorriak azkarragoak, erosoagoak, arinagoak eta eraginkorragoak bilakatuz”.

2. Linearen aldaketa, erronka berrien aurrean

Gasteizko hiri barruko garraio sarea aztertu ondoren, TUVISAk kudeatzen dituen autobus lineak, hain zuzen ere, bidaiari gehien dituen ibilbidea 2. linea dela ikusi zen. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta bere ibilbidean gasteiztarren eguneroko bizitzan oso bereziak eta garrantzitsuak diren lekuetatik igarotzen da, autobus geltokitik, Txagorritxuko Ospitaletik, Eusko Jaurlaritzatik edo Mendizorrotzako estadiotik, besteak beste.

Hori dela eta, 2. linea aukeratu zen AED-BEI proiektu berria ezartzeko eta garraioa eraginkorragoa eta lehiakorragoa bilakatzeko, ibilbiderako behar den denbora murriztuz.

Autobus elektrifikatua baino gehiago

AED-BEIk 10 kilometroko trazatua izango du, eta bertan 24 geraleku berri sartuko dira noranzko bakoitzean, orain arte “ohiko” geralekuak egon diren kokalekuetan. Geralekuei dagokienez, markesinen estetika tranbiaren markesinen antzekoa izango da, baina OPIan 29”-ko LCD pantaila handiagoa jarri da, itxaron beharreko denborari edo beste linea batzuekin dauden konexioei buruzko datuak denbora errealean eskaintzen dituen multimedia informazioa hobetzeko. Horrez gain, geralekuek jendearen arretarako sistemak izango dituzte, ahots eta bideo bitartez.

Beste alde batetik, aurre azterlanetan, autobusen karga elektrikorako merkatuan dauden soluzio teknologiko guztien azterketa zehatza egin da. Azkenean, pantografo inbertitua duen aukerako karga sistema aukeratu da, eta linea bakoitzerako bi kargagailu proiektatu dira, hau da, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bi: Bulebarrean eta Mendizorrotzan. Erabaki hori, karga sistemaren batek huts eginez gero ere zerbitzua ziurtatzeko helburuz hartu da.

Ibilgailuen ezaugarriak kontuan izanda, ustiapenak irauten duen bitartean, itzuli bakoitzeko 5 minutuko karga azkarra egiteko aukera dago, baina bi puntu gehitu dira, berme gehiago eskaintzeko. Aukerako karga edo karga azkarra goialdean pantografoa ukituz egingo da (ibilgailuak berak edo karga azpiegiturak). Kotxetegietan ere ekipamendua aurreikusten da, gaueko erregulazio karga egiteko, unitateak aparkatuta daudenean.

Komunikazioei dagokienez, AED-BEIren geraleku guztiak TUVISAko Kontrol Zentroarekin, Trafikoaren Kontrol Zentroarekin (semaforoen lehentasuna kontrolatzeko) eta San Martinen dauden udal bulegoekin lotuko dituen zuntz optikoko eraztuna eraikiko da. Horrela, aginte postutik monitorizatuko den sistema seguruagoa eta interkonektaturikoa bilakatuko da.

Tituluen balioztapenari eta salmentari dagokienez, TUVISAren ohiko funtzionamendu sistemarekin alderatuz izango duen berrikuntza nagusietakoa geralekuan baliogabetu ahal izatea izango da, eta baita joaneko tituluak erosteko, BAT txartela kargatzeko edo kreditu txartelarekin eta BARIK edo MUGI txartelekin ordaintzeko aukera ere. Beste berrikuntza bat, BAT txartela autobus geltokiko, Mendizorrotzako eta Bulebarreko geralekuetan eskuratzeko aukera izango da. Ticketing sistema berri horrek guztiak, tranbian erabilitakoaren antzekoak, geratzeko behar den denbora murriztea eragingo du eta, ondorioz, linearen ibilbidea egiteko beharko den denbora murriztea.

Vitoria-Gasteizko kaleetatik, %100 elektrikoak izango diren 18m-tako 7k autobusek eta 12m-tako 6 autobusek zirkulatuko dute, etorkizuneko garraioaren eskakizunetara egokituz garapen teknologiko berritzaileak integratuko dituztelarik. Berrikuntza gisa, segurtasunerako eta gidaritzari laguntzeko sistemak (geralekura hurbiltzeko laguntza, gidatze optiko bitartez), irisgarritasun arloko hobekuntzak (ahalmen handiagoa eta autobusaren solairua ohikoa baino beherago) eta klimatizazio baldintzak hobetuko dituen ateen eskuzko irekiera gehituko dituzte. Eta, azkenik, autobus elektrikoa denez, azpimarragarria da ez duela zaratarik egingo, hiriko hots kalitatea eta gidarien lan baldintzak hobetuz.