Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak kalkulatzen du Uda Operazioan nazioarteko 1.790.000 ibilgailuk zirkulatu ahalko dutela EAEn

Argitalpen-data: 

Ibilgailu-kopuru gehien uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran espero da

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, gaur goizean, Bilboko ETKZn, ostiralean, hilaren 30ean, hasiko den operazio berezia aurkeztu du; irailera arte egongo da indarrean, penintsularen hegoalderantz doazen nazioarteko ibilgailuen fluxua errazteko.Kalkuluen arabera, espero da nazioarteko 1.790.000 ibilgailuk Euskadiko errepideak gurutzatzea, tokiko joan-etorriekin batera.

AP-8ko eta AP-1eko bidesarietako pasabideen datuen arabera, Euskaditik zirkulatzen duten gidarien portaera-eredua egonkor mantentzen da azken hiru urteetan; beraz, espero da trafiko gehieneko datek aurreko urteetakoekin bat etortzea. Ibilgailu-kopuruaren estimazioak direla eta, uda honetarako, % 2 inguruko gorakada aurreikusten da, pasa den urtean erregistratutakoaren antzekoa.

“Trafiko zuzendaritzak gidariek zuhurtasunez eta pazientziaz jarduteko eskatzen du, aurreikusten den ibilgailu-kopuruaren gorakada kontuan hartuta –esan du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak–. Nahiz eta zenbait aldiz errepikatu dugun eta pentsatzen dugun barneratuta dugula, gogorarazi behar da garrantzitsuena helmugara heltzea dela. Gure portaerek zirkulazio-arauak eta gainerako pertsonak, gurekin bideak partekatzen dituztenak, errespetatu behar dituzte”:

Ertzaintzak segurtasuna babestuko du; horretarako, Irteera eta Itzulera Operaziorako trafiko-unitateetako 550 agente jarriko ditu; Araban, miñoiekin koordinatuko dira eta, gainera, kokapena dela eta egun horietan izango den zirkulazio gorakadan esku hartu behar duten komisarietako agenteek ere parte har dezakete. Gainera, Ertzaintzaren helikopteroa gatazka bereziko puntuen gainean hegaz ibiltzea eta ETKZri irudiak bidaltzea aurreikusten da.

Data eta gune gatazkatsuenak

Egun arte, uztaileko azken asteburua eta abuztuko lehena izan dira irteera-operazioan ibilgailuen joan-etorri gehien izan dutenak.Horrela, dentsitate altua espero da uztailaren 21ean, ostirala, eta 22an, larunbata, eta are altuagoa izango da hilaren 28aren, ostiralaren, eta 30aren, igandearen, artean.Halaber, abuztuko lehen asteburua ere gatazkatsua izan daiteke.

Itzulera dela eta, mailakatuagoa izan daiteke, baina abuztuko bigarren hamabostaldiko asteburuetan Frantziarekin dugun mugarantz doazen ibilgailuen fluxuak nabarmen egiten du gora.

Trafiko Zuzendaritzak bide-sarearen honako bost tarte hauetan jarriko du arreta berezia: A-8aren irteera Kantabriarantz, Behobiaren muga-eremua, AP-1aren sarbidea AP-8tik, AP-1 autobideko sarbidea A-1 autobiatik Armiñonen, eta AP-1en sarbideak N-622 errepidearekin Vitoria-Gasteizerantz eta N-622 errepidearekin A-1ekon, Burgosko noranzkoan.

Trafikoko zuzendariak horietako bakoitzean ibilgailuen fluxua arintzeko zer neurri hartuko den azaldu du.

Beste jarduketa batzuk

ETKZk seinaleztapen-neurriak indartuko ditu paneletan; horretarako, auto-ilaren edo ezbeharren gaineko mezuak jarriko ditu eta ibilgailu astunentzako zirkulazio-murrizketak gogoratzeko oharrak. Era berean, informazioa denbora errealean emango da Twitter bidez, “@trafikoaEJGV” erabiltzailearen bitartez, APP TrafikoaEJGV gailu mugigarrietarako aplikazioaren bitartez eta 011 arreta-telefonoan (24 orduko arreta-zerbitzua).

Sentsibilizazio-kanpainak

Udan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak bereziki nabarmendu nahi du norberaren bizitzarako eta gainerako pertsonen bizitzarako alkohola edo drogak hartu ondoren ibilgailua gidatzeak dakarren arrisku larria. Hori dela eta, gidatzean arreta galtzeak eta abiadura desegokian gidatzeak dakartzaten arriskuen inguruan Aste Santuan martxan jarritako sentsibilizazio-mezuekin batera, beste bi gai berri ditugu, “Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen” lemapean: alkoholaren eta drogen efektuen eraginpean gidatzeak eragindako istripu-tasa eta harrapaketak.

“Alkohola, drogak eta kotxea. Konbinazio hilgarria. Ez gidatu” eta “Oinezko bat harrapatzerakoan, zure abiadura da bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea” dira Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak hileotan irratietan, spotetan eta karteletan zabalduko dituen mezu nagusiak.

Gainera, ikus-entzunezko materialak bidaliko dira, bereziki txirrindulariak babesteko.

Euskadin eremu horretan dagoen ezbehar-tasa berezia da, estatuaren aldean; izan ere, 2017an hildako 21 pertsonen artean, trafiko-istripuetan bat ere ez zen txirrindularia (7 turismo-gidari, 6 okupatzaile, 4 motorista eta 4 oinezko).

Sentsibilizazio-kanpaina berria osatzen duten pieza guztietara Trafiko Zuzendaritzaren web-orrialdetik jo ahalko da (www.trafikoa.eus), Youtube kanalean (trafikoaEJGV) edo Twitter bidez (@trafikoaEJGV).