Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak zuhurtasuna eta arreta areagotzea eskatu du, asteburu honetan espero den trafiko-dentsitatearen ondorioz

Argitalpen-data: 

kanpaina.jpg

Aholkuak eman ditu dentsitate handieneko orduak saihesteko eta ibilbideen plangintza lasaitasunez egiteko

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak egindako kalkuluen arabera, asteburu honetan, uztaileko azkenean, eta hurrengoan, abuztuko lehenean, metatuko da euskal errepideetan nazioarteko bidaietako trafiko gehien. Horri barne-mugimenduak gehitu behar zaizkio, astelehena 31 jai-eguna baita Gipuzkoan eta Bizkaian.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak joan-etorrien kopurua gehitzeari dagokionez egindako aurreikuspenak betetzen ari dira. Operazio berezia ekainaren 30ean hasi zen, eta orduz geroztik auto-ilarak ez dira garrantzi handikoak izan eta ezbeharren kopurua jaitsi egin da, joan den urteko aldi berarekin alderatuz gero.

2017an, uztailaren 28ra arte, 24 pertsona hil da trafiko-istripuz (4 oinezko, 7 okupatzaile —horietako bat motozikletan bidaiatzen ari zen— eta 13 gidari —5 motozikletan eta 8 autoetan—).

Udako operazioari dagokionez, hau da, uztailaren 1etik aurrera, Ertzaintzak 499 istripu erregistratu du (biktimak eragin dituzten 166 istripu eta biktimarik gabeko 283 istripu), eta 2016ko aldi horretan bertan 643 istripu izan zen (biktimak eragin dituzten 197 istripu eta biktimarik gabeko 446 istripu). Hiru pertsona hil dira, baina ezbehar horietako bakar batek ere ez du zerikusirik izan ibilgailuen nazioarteko bidaiekin (70 urteko gizonezko bat, auto bateko gidaria, hil zen GI-631 errepidean, Zestoan; 45 urteko beste gizonezko bat, motozikleta gidaria, hil zen Donostian eta emakume bat, motozikleta bateko okupatzailea, hil zen Elduainen).

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak zuhurtasuna, pazientzia eta arreta eskatu die udako irteerako/itzulerako operazioaren eragin handiena duten errepideetan zirkulatzen dutenei. “Hurrengo egunetan, penintsularen hegoaldera zuzentzen diren ibilgailuen fluxu handiak aurreikusten dira, eta bat etorriko da oporretatik jada itzultzen diren batzuekin. Horri gure errepideetan zeharreko barne-desplazamenduak gehitu beharko zaizkio. Horrenbestez, trafiko-dentsitate handiak izango direla aurreikusi behar da eta lasaitasunez egin beharko da ibilbideen plangintza”.

Gomendioak

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak gomendatzen du zirkulazio-intentsitate handieneko egunak eta orduak saihestea, ahal den heinean bederen. Abiatu aurretik, komeni da errepideen egoerari buruzko informazioa eskatzea 011 telefonoan edo Trafikoko www.trafikoa.eus web-orria kontsultatzea edo Twitter-eko kontua (@TrafikoaEJGV), edo mugikorretarako TrafikoaEJGV aplikazioa.

Ziurtatu behar dugu ibilgailua egoera onean dagoela, eta egiaztatu beharko ditugu pneumatikoak, argiak, balaztak, haizetako-garbigailuak, ispiluak eta abar.

Ez da komeni asko jatea bidaia baten aurretik, logura sor baitezake gidatzeko garaian. Jakina, ez da alkohola edan behar, ezta drogarik hartu behar ere. Sendagairen bat hartzen ari bagara, gidatzearen gaineko efekturik ez duela ziurtatu beharko dugu.

Behin errepidean gaudela, trafikoaren inguruabarretara eta zirkulatzen ari garen bidera egokitu beharko da abiadura, eta beti jarraitu beharko diegu zirkulazioaren erregulazioaz arduratzen diren Ertzaintzako agenteen adierazpenei.

Segurtasun-tarteak mantendu beharko ditugu, eta bi orduan behin edo 200 kilometroan behin, gutxi gorabehera, atsedena hartu beharko dugu. Neurri horiek lagungarriak dira istripu-arriskua txikiagotzeko. 

Gainera, garrantzi handikoa da errepidea gurekin partekatzen dutenekin errespetuz jokatzea, zuhurtasunez gidatzea eta pazientzia izatea. Garrantzizkoena ondo iristea da, eta ez noiz iristen den.

Kontzientziazio-mezuak

Irteera-operazioaren hasierarekin batera, jarri zen abian “Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen” kontzientziazio-kanpaina, eta irailera arte mantenduko da. Kanpaina horretan batez ere nabarmendu dira alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeak eragiten dituen istripuak, arreta-galtzeak eta harrapatzeak. Era berean, beste mezu espezifiko batzuk hedatu dira, bizikletan zirkulatzen duten pertsonekiko errespetua sustatzeko.