Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 2017-18ko Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du

Argitalpen-data: 

01.JPG

Elurra kentzeko makinak, garabiak, patruilak eta zaintzako ibilgailuak aktibatuko dituzte, guztira hirurehun baliabide mugikor baino gehiago

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean aurkeztu du 2017-18ko Neguko Bidezaintza Plana Bilbon, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, egindako bileran.Bertan izan dira Ertzaintzaren, foru-aldundien, autobideen, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren eta Gobernu zentralaren ordezkariak. Orotara 300 baliabide mugikor baino gehiago izango dituzte elurte-egoerei aurre egiteko.

Sonia Díaz de Corcuerak Neguko Bidezaintza Planaren jarraibide orokorrak azaldu ditu, besteak beste, Plana aktibatzeko baldintzak (elur-maila 1.000 metrotik behera kokatzea), eta adierazi du foru-aldundiek eta autobideek elurra kentzeko 170 makina mobilizatuko dituztela eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik zazpi garabi astun aktibatuko dituztela tona askotako ibilgailuak erretiratzeko. Bestalde, foru-aldundiek eta autobideek laguntzako 130 ibilgailu izango dituzte koordinazio- eta zaintza-lanetarako.  Ertzaintzak, berriz, trafiko-unitateetako patruilak jarriko ditu operatiboaren zerbitzura, eta patruila-kopurua handitu egingo da fase operatiboan eta ertzain-etxeetako baliabideen laguntza izango dute.

2016-2017ko neguan zortzi aldiz aktibatu zen Plana

Bileran 2016-17ko neguko balantzea ere aurkeztu da. Trafiko Zuzendaritzak 8 aldiz aktibatu zuen Neguko Bidezaintza Planaren jarraipen eta informazio-fasea eta horietatik 6tan fase operatiboa (elur-maila 700 metrotik behera jaitsi izanagatik). Ez zen aparteko zirkulazio-arazorik izan. Garabi astunak bitan bakarrik mobilizatu ziren prebentzio gisa (normala 11 izaten da).

Lehenbiziko aldiz azaroaren 6an eta 8an egin zuen elurra, elur-maila 800 metro inguruan kokatu zen eta ez zuen aparteko zirkulazio-arazorik sortu. Azaroaren 23an eta 24an aktibatu zen lehenengo aldiz fase operatiboa, elur-maila 400-600 metrotan kokatu zenez. Prezipitazio ugariak izan ziren, eta Herrera, Zaldiaran eta Gatzaga mendateak itxita egon ziren ibilgailu-mota guztientzat 23 goizean.  

Aurtengo urtarrilean ere, 13an eta 22an, aktibatu zen plana. Fase operatiboa bitan aktibatu zen (13tik 15era eta asteartean, 17an), nahiz eta elurrak ez zuen gorabehera esanguratsurik sortu Euskadiko errepide-sarean. Prezipitazioen ondorioz, halere, luizi ugari izan ziren, esate baterako AP-68an, Ugao-Miraballes parean, 17 goizaldean, eta AP-68 autobideko eskuineko eta erdiko errailak itxi egin behar izan zituzten Bilborako noranzkoan hainbat ordutan. Araban urak hartu zituen bigarren mailako hainbat errepide. Gipuzkoan, Zarautz eta Getaria artean, libratu egin zen N-634 errepideko tunel bateko sabaia, eta ordezko pasabidea egokitu behar izan zen.

Otsailaren 5etik 9ra bitartean elur-maila 600 metro inguruan kokatu zen, fase operatiboa bitan aktibatu behar izan zen (5ean eta 7tik 8ra). Hainbat mendate itxita geratu ziren batez ere ibilgailu astunentzat.  

Martxoan beste hiru aldiz egin zuen elurra: 3tik 4ra, 22tik 23ra eta 24tik 26ra, eta fase operatiboa azkeneko kasuan bakarrik aktibatu zen elur-maila 600 metrotik jaitsi izanaren ondorioz. Martxoko hiru elur-aldi horietan ez zen azpimarratzeko moduko gorabeherarik izan Euskadiko errepideetan, denborale laburrak izan baitziren guztiak ere.

Azken elurtea apirilaren 26tik 27ra egin zuen, elur-maila 700-1.000 metro inguruan kokatu zen, baina prezipitazioak ahulak izan ziren eta zirkulazioan ez zuten aparteko arazorik eragin.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                           

Neguraldiko aholkuak

Eguraldi txarrarekin zuhurrago ibili behar da: abiadura moteldu eta tarte handiagoa utzi zure aurrean doazen ibilgailuekin. Gogoan izan zoru bustian distantzia handiagoa behar dela ibilgailua gelditzeko.

Euria ari duenean, pneumatiko higatuek ez dute ura behar bezala husten eta istripua eragin dezakete. Horregatik, aldian behin ordezkatu behar dira.

Beira-garbigailuen gomak baldintza onetan eduki behar dira beti. Ez dugu eguraldi txarra hasi arte itxaron behar horiek aldatzeko.

Izotzari aurre egiteko, hotz handiko egunetan har daitekeen segurtasun-neurririk onena ahalik eta arreta handienarekin gidatzea da, batez ere bidegune jakin batzuetan izotza egon daitekeela aurreikusita.

Izotza dagoenean, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez gaituzte libratzen irristatzeko arriskutik; beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea da egokiena.

Neguko pneumatikoek segurtasuna eta mugikortasuna hobetzen dute. Trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzen dute zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean. Neguko pneumatikoak muntatu ez badira, elurte-garaietan behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea.

Funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokea ez daitezen. Hori gertatzen bada, ibilgailua kontrolik gabe geldituko da. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.

Elurrarekin abiatzean, pixkana azeleratu behar da. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar txikiagoa aplikatzeko.