Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak esparru akordio bat sinatu dute Arabako Lurralde Historikoan azpiegitura hidraulikoak finantzatzeko eta egiteko

2017.eko uztailak 10

  • Akordioak eguneratu egiten ditu bi erakundeen konpromisoak plangintza hidraulikoaren aginduekin eta aurrekontu erabilgarritasunarekin bat etorriz lurraldean azpiegitura hidraulikoak eraikitzeko.
  • Esparru akordioan (2017 eta 2027) jasotako jarduerak egiteko aurrekontu aurreikuspena 74 milioi eurokoa da. Horietatik, Uraren Euskal Agentziak 50 milioi agindu ditu eta Arabako Foru Aldundiak 24 milioi.

 

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Ramiro González Vicente diputatu nagusiak esparru akordioa sinatu dute gaur, Arabako Lurralde Historikoan azpiegitura hidraulikoak finantzatzeko eta egiteko 2017tik 2027ra bitartean.  

Esparru akordioaren helburua da berraztertzea eta eguneratzea lurraldeko azpiegitura hidraulikoen arloan bi erakundeek dituzten konpromisoak, indarrean dagoen araudiari eta plangintza  hidrologikoari jarraituz eta datozen ekitaldietarako erabilgarritasun ekonomiko errealista baten balioespenean oinarrituta.

Bi erakundeek hitzematen dute biek batera eta era koordinatuan egingo dituztela Arabako Lurralde Historikoan uren egoera ekologikoa hobetzeko eta hornidura eta saneamendu zerbitzuen kalitate bermeak hobetzeko oinarri izango diren obra hidraulikoak. Akordioak honakoak jasotzen ditu:

  • Hobekuntzak Goi Baiaren eta Amurrioren horniduran.
  • Hondakin uren araztegiak (HUAk) Oionen, Agurainen eta Moreda Araban.
  • Lurrak erostea Goi Nerbioiko saneamenduko hondakin uren araztegietarako.
  • Lagrango, Manzanosko eta Gopegi-Ondategiko saneamendua
  • Legutianoko, Artziniegako eta Dulantziko saneamendua eta arazketa.
  • Iruña Okako eta Gaubeako hodi biltzaileak.

 

Jardueren lehentasunak ezartzea

Handia denez aurreikusitako jarduera kopurua eta bi erakundeei suposatuko dien aurrekontu ahalegina, akordioak jardueren hierarkizazio bat jasotzen du bi alditan (2016-2021 eta 2021-2027).

2016-2021eko lehen aldian, inbertsio publikoaren kostu-etekin onurgarriena duten inbertsioak jasotzen dira eta, beraz, lehentasunezko jarduerak, hau da, ingurune urtarraren gaitz esanguratsuenak lehenago eta hobeto zuzenduko dituztenak eta herritarrei hornidura eta saneamendu zerbitzuak berme guztiekin emateko balioko dutenak.

Arabako Foru Aldundiak hitzematen du lehen aldirako egingo dituela Sobron hornitzeko lanak (biltegia eta Sobrondik Bergondarainoko ur hoditeriak), Amurrioko uren tratamendurako gunera dauden ur bilketarako konexioen bi tarte berri,  Gopegi-Ondategiko araztegia, Gesaltza Añana, Tuesta, Villanañe, Uribarri Gaubea eta Olabarri herrietako hodi biltzaileak. Eta bigarren aldirako (2022-2027), Billodako eta Trespondeko hodi biltzaileak eta Dulantziko saneamendu eta arazketarako irtenbidea.

Uraren Euskal Agintziari dagokionez, aurreikusita dago gaurtik 2021era bitarteko lehenengo aldi horretan jarduera hauei ekitea: Sobrongo hornidura hobetzea, Oiongo, Aguraingo eta Moreda Arabako hondakin uren araztegiak, eta lurrak erostea Goi Nerbioiko saneamendurako, Amurrioko eta Laudioko araztegiak kokatzeko. Bigarren fasean Goi Baiaren horniduraren hobekuntza, Manzanosko eta Lagrango saneamendua, eta Legutioko eta Artziniegako hondakin uren saneamendua eta arazketa egingo dira .

Esparru akordioan jasotako jarduera bakoitzerako akordio berezi bat egingo da, non erakunde bakoitzaren zereginak eta jarduera horiek egiteko hartu dituzten konpromisoak zehaztuko diren.

Oro har, esparru akordioan (2017 eta 2027) jasotako jarduketak egiteko aurrekontu aurreikuspena 74 milioi eurokoa da. Horietatik Uraren Euskal Agentziak 50 milioi agindu ditu eta Arabako Foru Aldundiak 24 milioi. Lehenengo faseko obra eta egokitzapenetarako 31 milioi euroko aurrekontua dago (18 URAri dagozkio eta 13 Arabako Foru Aldundiari), eta bigarren aldirako (2021-2017), 43 milioi gorde dira (32 URAri dagozkio eta 11 Arabako Foru Aldundiari).