Eusko Jaurlaritzak eleaniztasunaren inguruko jardunaldi batean parte hartu du Portugalen

Alkorta_ab.jpg

2017.eko irailak 17

Estibaliz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendaria Coimbran (Portugal) izan da asteburuon, COST sareak hizkuntza politikaren inguruan antolatutako jardunaldi batean. ‘New Speakers in a Multilingual Europe’ (Hiztun berriak Europa eleanitz batean) proiektuaren azken biltzarrean hitz egin du Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, eta euskararen bilakaera azken hamarkadotan azaldu die bertaratutakoei.

Euskara Sustatzeko zuzendariak Trento (ladinoaren inguruko hizkuntza politika kudeatzen duen arduradun bat izan da) eta Kataluniako ordezkariekin partekatu du mahai-ingurua, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Estibaliz Amorrortuk zuzendu du iritzi trukaketa. Euskadin sustatutako hizkuntza politiken lehentasunez, bultzatuko diren programez, gizarteak estrategia ezberdinen aurrean duen iritziaz edota etorkizunean euskarak izango duen erronkez hitz egin du Estibaliz Alkortak.

Herrialde ezberdinetako ikerketak biltzen dituen proiektu europarra da COST. Honen asmoa da ikerlarien gaikako sareak eraikitzea. Kasu honetan, ‘New Speakers in a multilingual Europe’ proiektuaren bidez eleaniztasunaren gaiari heltzen zaio gaur egungo Europan eta etorkizunerako gogoeta bat sustatzen da.