Eusko Jaurlaritzak bat egin du "Planetaren Orduarekin" (Gobernu Bilera 2017-03-21)

logoconsejo.jpg

2017.eko martxoak 21

Gobernu Kontseiluak erabaki du, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak proposatuta, herritarrak klima-aldaketaren eraginei buruz sentikortzea helburu duen Planetaren Ordua izeneko nazioarteko ekimenarekin bat egitea.Hori dela-eta, datorren larunbatean, martxoaren 25ean, 20:30etik 21:30 arte, itzali egingo ditu bere eraikin nagusien kanpoko argiak Lakuan (Vitoria-Gasteiz), Kale Nagusiko 85ean (Bilbao) eta Andia kalean (Donostia / San Sebastián). Ekimenarekin bat egingo dute, halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egoitzak, Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Bilbaon, Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, Urdaibain, eta Txingudi Ekoetxea Interpretazio Zentroak, Irunen.

Aurten ‘Lurra lehendabizi. Ez zaitzala inork geldiarazi’ lelopean ospatzen den ‘Planetaren Ordua’ Sydneyn (Australia) abian jarri zuten ekimena da. Mundu osoan zehar hedatu da eta irispide globaleko ingurumen-mugimendu handienetakoa izatera iritsi da gaur egun.

Joan den urteko edizioan 178 herrialdetako 7.000 hirik baino gehiagok parte hartu zuten, 10.400 monumentuk eta eraikin enblematikok beren argiak itzali zituzten eta 70.000 ekitaldi inguru egin ziren. Aurtengo edizioan kopuru horiek gainditzea espero da.

Gizarte zibilean sortutako ‘Planetaren Ordua’ bezalako ekimenak abian jartzea oso lagungarria da ingurumen-erronkak neurri handiagoan hedatzeko eta herritarrek zuzenean eragiten dieten gaietan modu aktiboan parte hartzeko. Ezin dugu ahaztu 2016. urtea historiako beroena izan zela erregistroak daudenetik. Eusko Jaurlaritzak, ekonomia lehiakorra eta karbono gutxikoa bultzatzeko ingurumen-konpromisoa hartu duenez gero, aurten ere mugimendu horri sostengua emateko erabakia hartu du, eta horregatik ez du inongo zalantzarik izan horrekin bat egiteko.