Eusko Jaurlaritzak Arabiar Emirerrien ahalmena aztertu du eta Dubain finkatuta dauden euskal enpresak batu ditu

Empresas_Vascas_EAU.JPG

2017.eko abenduak 01

  • Euskadiren presentzia areagotuko da Basque Trade & Investment agentziaren bidez.
  • Javier Zarraonandia Industriako sailburuordeak goi-mailako topaketak izan ditu UAEko  erakundeetako eta konpainia publikoetako arduradunekin

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko ordezkariek, aste honetan zehar, erakunde- eta enpresa-izaerako agenda izan dute Arabiar Emirerrietan, in situ aztertzeko merkatu horrek euskal ekonomiari eskaintzen dizkion aukerak eta goi-mailako harremanak sendotzeko, bertan finkatutako euskal enpresentzat lagungarri izateko.

Ordezkaritza Javier Zarraonandia Industriako sailburuordeak eta Ainhoa Ondarzabal Eusko Jaurlaritzako nazioartekotze-zuzendariak eratzen dute, eta beren agendan Dubaiko Gobernuaren Ekonomi Garapenaren Saileko erakunde-ordezkariekin izan dituzte topaketak, bai eta Inbertsioen Agentziako eta Dubai Future Foundation (DFF) fundazio ofizialeko ordezkariekin eta Dubai EXPO 2020ko kudeatzaileekin ere.

Era berean, Masdar City ezagutu dute, Abu Dabin dagoen eta bertan diseinatu duten hiri ekologikoa, bai eta Maktoum Solar Park ere, munduko instalazio fotovoltaiko handiena ere, non Arteche enpresak parte hartzen duen.

Mubadala Investment Company Abu Dhabiko inbertsio estrategikoen funtseko eta Etihad Rail UAEko trenbide-sare nazionaleko operadore nagusiko ordezkariekin ere bildu dira.

Topaketa horietan,  Eusko Jaurlaritzak Emirerrietan dauden euskal enpresen eta Euskadin dagoen industriaren industria-ahalmena aurkeztu du. Bilera horien bidez, halaber, UAEk gaur egun dituen interes eta beharrak ezagutu dira.

Zarraonandia sailburuordeak esan bezala, egunotan batu den informazioak erakusten du ekintza-eremuak daudela euskal enpresen aldetik, energiako (berriztagarriak eta oil&gasa), eraikuntzako edo trenbideko negozio-aukerekin, bai eta teknologia disruptibo berrien inguruko start-up edo ekimenak bizkortzeko lankidetzarako aukerak ere.

Euskal enpresak Arabiar Emirerrietan

Jardunaldietako batean, Dubain finkatuta dauden euskal enpresekin izan da topaketa; bertan, ekintza posibleak aztertu dira, merkatu horretan Euskadiren, euskal ekonomiaren eta industriaren presentzia sendotzeko.

Sendotasun horretarako, goi-mailako harremanekin jarraitu behar da eta horiek zabaldu, finkatutako enpresen administrazio-izapideak eta -baimenak eskuratzeko laguntza behar da edo alderantzizko misioak antolatu behar dira, besteak beste.

Horiek izan dira enpresa-talde batekin eginiko topaketan aztertu diren ekintza-neurriak. Honako enpresa hauek izan dira bertan, besteak beste: Tubos Reunidos, Ulma construction, Sener, Arteche, Ormazabal, Dorlet, Tesa, Fagor Industrial eta Tubacex; Valvospain.

Euskadi- Arabiar Emirerri Batuak

Arabiar Emirerri Batuen merkatua dinamikoenetako bat da, kanpo-merkataritzari dagokionez. Herrialdea lehengaien esportatzaileen artean, munduan, 16 nagusienen artean dago eta, inportatzaileen artean, 20 nagusien artean. 2012-2014 aldian, merkataritza, batez beste, BPGd-aren ia % 175 izan zen.

Euskadi- UAE merkataritza-harremanak

UAEra egiten diren euskal esportazioei antzeko mailan eutsi zaie azken hamarkadan; maila altuenak 2011n izan ziren, baina hazteko aukerak aurreikusten dira.

Inportazioak direla eta, aldi bereko portaera aztertuta ikusten da bilakaera homogeneoa egon dela, baina 2008an jauzia izan zela, ziurrenik eragiketa puntual baten ondorioz. 

UAEn finkatutako euskal enpresak

Tubacex, Tubos Reunidos, AMPO, Arflu, Valvospain, Arteche, BBVA, Burdinola, Dorlet, Fagor Industrial, Salto Systems, IDOM, Ormazabal, IKUSI, Talleres de Escoriaza (TESA), Sener, Ulma Formworks (Construcción), Intertek, Corporate Bonanza, Lantek (2017ko martxoan iragarri zuen bulegoa irekiko duela).